Juantxo EGAÑA

Garoñako zentral nuklearraren hasiera

1966an Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra eraikitzen hasi ziren. Ia lau urte iraun zuten eraikuntza lanen kudeatzailea Nuclenor izan zen, Iberduerok eta Electra de Viesgok 1957an zentrala eraikitzeko propio sortutako enpresa. Erreaktorea General Electric konpainiak diseinatu eta fabrikatu zuen. Bere sasoian Europan mota horretako zentralik handienetakoa izan zen. Garoñako zentral nuklearreko erreaktorea Fukushimako istripu larrian nukleoaren fusioa jasan zuten hiruretako baten berdina da. Eraiki zutenetik zentraleko erreaktorea 2012an gelditu arte, eta aurtengo behin betiko itxierara arte, erakunde antinuklear eta ekologistek, baita hainbat alderdi politikok ere, protesta ugari antolatu izan dituzte itxiera eskatzeko. Gasteizko Arque Estudioak 1968ko maiatzaren 11n egindako argazkian, Bilbotik irtenda Araban zehar zentralerako materiala eraman zuen konboia ageri da.