Ainara Lertxundi

GERRA EGITEKO MYANMARREN ARMA: ROHINGYEN ETXEEI SU EMATEA

Aung San Su Kyi Bakearen Nobel saridunak bizkarra eman die rohingyei, Myanmarren jazarpen izugarria pairatzen duen etnia musulmanari hain zuzen. Jada 400.000tik gora lagunek ihes egin dute Myanmarretik, militarrek beraien herrixka eta etxeei su eman eta gero.

Gobernu birmaniarrak 2015ean aditzera eman zituen datuen arabera, Bangladeshekin muga egiten duen Myanmarko Rakain estatuan hiru milioitik gora pertsona bizi ziren. Horietatik, milioi bat rohingyak ziren. Baina horiek ez daude erroldan sartuta, Gobernuak ez baitie herritartasuna aitortzen, eta, beraz, oinarrizko eskubideak ukatzen dizkie. Abuztuaren 25az geroztik, 420.000 rohingyek ihes egin dute Bangladeshera Myanmarko Armadaren errepresio gordina dela eta. Hots, Rakainen bizi zirenen ia erdia. Gobernuko bozeramaile batek Rakain estatuko iparraldean rohingyak gehiengoa ziren herrien %40 hutsik daudela aitortu du, biztanle guztiek alde egin dutelako. Human Rigths Watch (HRW) gobernuz kanpoko erakundeak Myanmarko militarrek Rakaineko 214 herrixka txikitu dituztela salatu berri du. Rohingyen etxebizitzei su ematea gerra arma bihurtu du Gobernuak, garbiketa etniko baten testuinguruan rohingyen balizko itzulera galarazteko.

Irailaren 16an satelite bidez lortutako irudiek frogatzen dutenez, Maungdaw, Buthidaung eta Rathedaung barrutietan 214 herrixka erre dituzte militarrek. «Argazki horiek Armadak eragindako suntsipen masiboa frogatzen dute, lekukoen testigantzekin batera», salatu du Asiarako HRWeko zuzendariordea den Phil Robertsonek. «Frogak ukaezinak dira. Rohingyak Myanmarretik kanporatzeko, Armada horien etxeak erretzen ari da. Ez zaitezte okertu, garbiketa etniko garbi baten aurrean gaude», nabarmendu du Krisialdiei Aurre Egiteko Amnesty International erakundearen arduradunak, Tirana Hassanek. «Metodologia berbera da kasu guztietan. Militarrek herrixka bat inguratzen dutenean, ikaratuta ihes egiten duten herritarrei tiro egiten diete, eta, ondoren, erabat txikitu arte etxeak erretzen dizkiete. Etengabe errepikatzen den patroi sistematikoa da. Gizateriaren aurkako krimentzat jo daiteke, zibilak hiltzen eta indarrez kanporatzen ari dira-eta», gaineratu du. Sute horietako asko ikusgai dira Bangladeshetik, mugaren beste aldetik.

Shah Porir Dwipeko hondartza Naf ibaiaren bokalean dago, Bengalako Golkoan. Myanmar eta Bangladesh arteko muga fisikoa da ibaia. Bertatik, erretako etxe eta abereen kiratsa usaindu daiteke. Kea ere nonahi ikus daiteke. Goizaldean edo gauez, ihes egitea lortu dutenek, Naf ibaia txalupa txikietan zeharkatzen saiatzen dira. 45 urte dituen Fatem Begumek Shah Porir Dwipera iristea lortu du, errenka eta alabak lagunduta. Lehorrera iristeko, baina, beste txalupa bat hartu behar du oraindik. Ez daki nora jo, soilik lehorrera iritsi nahi du bi astez oihanean ezkutatuta egon ondoren. Bi seme eta senarra galdu ditu.

Abuztutik hona, Amnesty Internationalek tamaina handiko 80 sute detektatu ditu Rakinen, batez ere rohingyak bizi diren zonaldeetan. Behatzaileek zonaldean sartzea debekatuta dutenez, baliteke suteak gehiago izatea eta kalteak uste baino askoz larriagoak izatea. «Sute kopurua handiagoa izan daitekeen susmoa dugu. Montzoien sasoia denez, zerua hodeiz estalita dago eta horrek satelite bidez irudiak hartzea zaildu egiten du. Gainera, sateliteen sentsoreek ez dituzte antzematen txikiak diren suteak. Nabarmentzekoa da ere rohingyak bizi ez diren zonaldeetan ez dela deus ere gertatu, horietan ez dago suteen inolako arrastorik», helarazi du Hassanek.

«Militarrak eta paramilitarrak etorri ziren nire herrira abuztuaren 25ean. Hasieran airera tiro egin zuten, ondoren ihes egiten zutenen kontra tiro egiten hasi ziren, bereizketarik egin gabe. Gertu dagoen baso batean babestu nintzen, eta bertatik soldaduak ikus nitzakeen. Hiru egunez gelditu ziren herrian, lapurretan eta etxeak erretzen». Amnesty Internationalek bildutako lekukotasunetako bat da. Behin eta berriro errepikatzen den testigantza lazgarri eta odoltsua: «Soldaduak iritsi zirenean, herritarren kontra tiro egiten hasi ziren. Beldurtuta korrika atera ginen, norabide guztietan. Militarrek bi gaztetxo nola hiltzen zituzten ikusi nuen. Nire herrian 900 etxebizitza zeuden, orain 80 besterik ez daude. Jada ez da inor geratzen, ezta gorpuak lurperatzeko ere». Yae Twin Kyuneko biztanle baten lekukotasuna da.

Hiriguneetan egoera antzekoa da. Maungdaweko barrutian, non biztanleriaren %80 rohingyak diren, sugarrek rohingyen auzoak txikitu dituzte; rohingyak bizi ez diren eremuetan, berriz, ez da suterik izan.

Myo Thu Gyi herriko biztanle baten ahotan, militarrek «suziri jaurtitzaileak eta gasolinaz beteriko botilak» erabili zituzten etxeak erretzeko.

Lekukotasun gordinak

Myanmarko Gobernuak suteen erantzuleak rohingyak direla dio. Hassanek guztiz ukatu du aukera hori. «Gure ikerketek argi eta garbi frogatzen dute soldaduak eta talde paramilitarrak direla arduradunak. Myanmarrek herritar gisa dagozkien eskubideak aitortu behar dizkie, hamarkada luzez jasan duten bazterketa sistematikoa bertan behera utziz, hori baita krisialdiaren muina. Nazioarteko komunitateak begiak zabaldu eta etnia musulman honetako kideek bizi duten amesgaiztoaz jabetu behar du. Bakearen Nobel saridun Aung San Suu Kyirengan eta Armadako burua den Ming Aun Hlaingengan presio gehiago egin behar du giza eskubideen urraketa eta inpunitatea geldiarazteko», nabarmendu du Amnesty Internationaleko ordezkariak.

Al Jazeera telebista katea Bangladesheko Cox’s Bazar hiriko Sadar ospitalean izan zen. Bertan erredurak pairatu dituzten rohingya ugari daude. Dildar Begum 10 urteko alabarekin zegoen. Abuztuaren 29an, soldaduek beraien herriari eraso egin zioten. Senarra, seme txiki bat eta amaginarreba galdu zituen. «Alaba eta biok bizirik ateratzea lortu genuen, baina soldaduekin batera zeuden bi monje budistek ikusi egin gintuzten eta labana batekin gu hiltzen saiatu ziren. Hilik geundela pentsatu eta alde egin zuten».

Rohingyen ihesaldia eta haien itzulera eragozteko, Armadak lurreko minak ipini ditu mugan. Askok besoak eta hankak galdu dituzte. Hala, iheslari asko zauri larriekin iristen dira Bangladeshera. Azizul Haquek 15 urte zituen. Bi hankak eta beso bat galdu zituen lurreko mina bat zapaldu zuenean. Alanbre-hesia zeharkatzeko zorian zegoen. Bangladesheko ospitale batean hil zen. Amari zuku bat erosteko erregutu zion, baina honek ez zeukan dirurik. Handik ordu batzuetara hil zen.

«Leherketa handi bat entzun genuen. Bere hankak airean ikusi nituen. Baina inork ezin gintuen lagundu. Guztiak presaka zeuden, birmaniarrak jarraika genituen-eta», gogora ekarri du hildakoaren amak. Beste hiru seme-alaba ditu. Haque zegoen gela berean, zauritutako hogei bat rohingya daude. Sabekun Nahar, 50 urtekoa, horietako bat da. Berak ere lurreko mina bat zapaldu zuen eta ez daki aurrerantzean berriro ibiltzeko gai izango ote den.

«Errepresio sistematikotik ihes egiten dutenei kalte handiagoa eragiteko estrategia gupidagabea da», salatu du Amisty Internationaleko ordezkari Tirana Hassanek. Mugarik Gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeko Larrialdietarako koordinatzailea den Robert Onusen aburuz, berriz, «nazioartea ez da jabetu krisiaren larritasunaz. Mundu guztiak daki bi aste eskasetan 400.000tik gora rohingyek ihes egin dutela, baina ez da kontziente zein egoera larrian dauden pertsona horiek. Kanpalekuetan bizi-baldintzak benetan gogorrak dira».