Xabier Mikel Errekondo

Erantzi pixoihalak

PPk independentzia hotsen aurrean boterean betikotzeko nahikoa du ezagunak zaizkigun neurriei eta diskurtso itxiari eustea. Konplexuagoa da independentismoaren bide orria kudeatzea esparru soziopolitiko anitzaren eskuetan (ANC, Omnium, PdCAT, ERC, CUP…). Gainera, aurrera egiteko herritarren gehiengoaren giharra behar du. Procés-aren bidean ugariak dira aldagaiak eta ez ditu alde bakarrak kontrolatzen. Ezinezkoa da aurreikustea pauso baten ondorengoa. Urriaren 3an gihar soziopolitiko zabalenaren eta transbertsalenaren erakustaldia eman zen. Urriaren 10ean, adostutako Aldebakarreko Independentzia Deklarazioa aldarrikatu eta bozkatu behar zuen Parlamentuak, baina zazpi egunak luze egin ziren espetxeratze eta ondare-konfiskazioen mehatxupean. Sare sozialen irudiari helduz, Puigdemontek pixoihala jantzi zuen elkarrizketaren izenean, jakinik Estatuak duela “nahiago Katalunia hilotz una, grande y libre-tik at baino” eta, honaino iritsita, 155.a aplikatu egingo duela bai ala bai. Jordi biak espetxeratzearekin, baina, Estatuaren baldarkeria politikoak aukera itzuli dio independentismoari, gihar eta babes sozialaren eklosioa eraginez. Kontua da Puigdemontek aste honetan bertan pixoihala erantzi eta Parlamentua deituko ote duen, Aldebakarreko Independentzia Deklarazioa onartzeko, ala Procés-a pixoihaletan itotzen utziko duen Raxoiri eskaini bi hilabeteak itxaroten.

…eta gure etorkizuna erabakitzeko aukera? Non ikusten ote du Urkulluk zirrikiturik Raxoirekin adosteko? Erantzi pixoihala lehenik. •