Ander Gortazar Balerdi
Arkitektoa

Gorroto duzun hori

Kopeta belztu zitzaion nire proposamena entzutearekin batera. Aspalditik esana nion gustura hitz egiten nuela berarekin arkitekturaz, karrerako lagun eta ofiziokidez osatutako zirkulu endogamiko horietan baino askoz lasaiago.

Esan zidan, kopetaren beltza artean kendu gabe zuela, gure arteko elkarrizketek ez zutela inongo interesik, eta, haiek prentsan aireratzearena, ba, zer nahi nuela esatea, baina ez zuela ikusten.

Garagardo bana hartu genuen ondoren gure egongelen jarraipena den tabernan, nahikoa, antza, denok barruan dugun Nartziso esnatu eta iritziz aldatzeko. Baietz, erabil nitzakeela gure artekoak, baina ez nezala aipatu bere izenik. Izan zitekeela bera nire lagun izenik gabekoa-edo, baina asma nezala zer edo zer originalagoa. Aurrera ba.

Bartzelonan ezagutu nuen nire lagun izenik gabekoa, eta izan jaiotzez ala adopzioz bartzelonar diren edo apur bat sikiera izan garen guztion moduan, gai bat izan dugu beti inguruan hegan, eriak putrea nola: Rambla.

Rambla da euri-bidea, Bartzelonan hiribide nagusi bihurtua. Rambla da espazio bat, esperientzia bat, hizketagai bat. Rambla eguraldia da igogailuan. Rambla da narratiba bat, mito bat, izan zirenaren errentetatik bizi diren kilometro bat koma bi, bertakoek galdutzat ematen dituztenak ia. Amodio-gorroto istorio bat: zuhaitz hostotsuek babesten duten espazio lasaia da lanera bidean; lanetik bueltan gorroto duzun hori da, jende-uholdea, turistak, paella aurre-izoztu usaina, kapelu mexikarrak, gameluak, garagardo-saltzaileak, mimoak, giza-estatuak eta turista gehiago, oihuak, flyerrak, dos por uno, karteristak, trafikoaren zarata. Kilometro luze duen arren 30 metro ditu zabal, horra hor Rambla zeharkatzeko modurik kaltegabekoena.

Whatsapp bat bidali dit lagun izenik gabekoak. Valentina deituko diot, errazago. Whatsapp bat bidali dit Valentinak. Ea dena ongi –nik baietz buruarekin– eta begiratzeko notizia honi, albiste bikaina dirudiela: «Itziar Gonzalezek gidatutako taldeak irabazi du Bartzelonako Rambla berregiteko ideia-lehiaketa». Eta ondoren galdera, ea zer iruditzen zaidan diseinua, gehi hiru emotikono barre-algaraka, espero ez nituenak.

Bada, niri ere hala iruditzen zait, albiste pozgarria. Itziar Gonzalez, arkitektoa, aktibista eta Bartzelonako Ciutat Vella auzoko zinegotzi ohia; izen hoberik ez zait okurritzen Rambla birpentsatzeko.

Hala idatzi diot Valentinari, baina formalismo gutxiagoz. Diseinua? Hori da onena, ez dagoela diseinurik –bai, hemen duzue arkitekto bat diseinuaren garrantzia gutxiesten–. Metodologia bat da, eta neurri gehien-gehienak udal arauak lirateke, ergo, politika.

Ausazko ordenan: turismoari lotutako erabilera komertziala gutxitzea, Ramblan epe-luzeko bizilagunak egon daitezen etxebizitza-politikak, hobekuntzak garraio publikoan eta mugak ibilgailu pribatuei, higiezinen salerosketak eta etxegabetzeak kontrolatzeko mekanismoak, arboladiaren kudeaketa plana. Pentsa, talde irabazlearen mandatua lau txosten sektorial prestatzea izango da, eta horietako bakarrak izango du arkitektura ardatz. Apenas arkitekturarik gabeko interbentzio espazial bat; zorterik onena opa diegu Valentina eta biok. •