Maider Iantzi Goienetxe

Mutil gihartsu eta neska panpoxak testuliburuetan

Teknologia baliabide pila bat izan arren, oraindik testuliburuetan oinarritzen da heziketa eta hauek ez dira jendartearen neurri berean aldatu. Hizkuntza eskolan ingelesa ikasten, kanta bat jarri digu irakasleak eta letren lagungarri han ageri da emakume bat maiteminez negarrez, klinexak eskaintzen dizkion gizonaren sorbaldan. Hitzek zer erraten zuten asmatzea ez da zaila.

Noiz edo noiz irri batzuk egin izan ditut garajean gurasoen eskolako liburu zaharretako astakeriak irakurtzen. Gureetan agertzen zirenei so ere bai. Eta zer gertatzen da oraingoekin? Gizon indartsuak eta emakume panpoxak ez dira desagertu. Amek umeak zaindu eta bazkaria prestatzen dute aitek bulegoan lan egiten duten bitartean. Mutikoek futbolari edo mediku izatearekin egiten dute amets eta neskatxek, aldiz, zuriz jantzita ezkontzearekin. Ez naiz esajeratzen ari; ikerketek erakusten dute genero aurreiritzi eta estereotipoak mundu osoko testuliburuetan errepikatzen direla (BBCn argitaratu berri da erreportajea). Guztion begi bistan dago baina oharkabean pasatzen da. Gauza gehienak bezala.

Horrek neska-mutikoengan zein ondorio dituen ere neurtu dute, eta ikusi dute, bertzeak bertze, nesken bizi, ikasketa eta lan proiektuak mugatzen dituela. Aurrerapausoak ematen hasi omen dira, Suedia buru dela, jakina, baina hagitz mantso. Bitartean, metodo alternatiboak proposatzen dituzte; adibidez, ikasleak detektibe paperean jartzea sexismoa identifikatzen. •