Juantxo EGAÑA

1962ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako onenak

1962ko abenduaren 30ean, frankismo bete-betean, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren finala jokatu zen Donostiako Astoria antzokian, Euskaltzaindiak antolatuta. Txapelketan 84 bertsolarik hartu zuten parte, eta horietatik 10 sailkatu ziren finalerako. Finala baino egun batzuk lehenago agortu ziren sarrera guztiak. Biharamuneko prentsak zioenez, bazen birsalmentan 500 pezeta ordaintzako prest zegoenik ere. Lazkao Txiki animatzeko hiru autobus abiatu ziren haren herritik. Finala bi fasetan egin zuten, goizekoan eta arratsaldekoan. Goizekoa 11:20ean hasi zen, Euskaltzaindiko kide Alfonso Irigoienek aurkeztuta. Donostian bizi zen Pako Mari madrildarrak egindako argazki honetan Zabaleta, Azpillaga, Lopetegi, Mattin, Lazkao Txiki, Uztapide, Basarri, Arozamena eta Xalbador ageri dira. Mitxelena falta da. Txapelketa Uztapidek irabazi zuen, eta 10.000 pezetako saria eta Gobernu Zibilaren kopa jaso zituen, baita Eibarko Guisasola etxeak damaskinatutako zigarro-kaxa bat ere. Basarri zarauztarra bigarren izan zen, eta, Xalbador, hirugarren. Txapelketa bukatutakoan, Uztapidek esan zuen: «Arima guztia jarri dut eta lehen saria eman didate. Baina Basarri maisu handia da». Abenduaren 31ko “La hoja del lunes” kazetaren izenburuak hauxe zioen: «Uztapide munduko bertsolarien txapeldun hautatu zuten atzo».