Mikel Zubimendi

Irabazi ala galdu, ekin eta egin, egin behar dena egin

Letrok irakurtzerakoan auskalo zertan den Kataluniakoa! Idazterakoan, ordea, aurreikuspenak ez dira triunfalistak. Independentzia aldarrikatuko zuten agian, edo agian ez. Baina, seguru, Estatuaren kolpeak ez direla gelditzen; makinaria errepresiboak ondo olioztatuta jarraitzen du. Elkarrizketa eta bitartekaritzaren estrategiak ez ditu esperotako fruituak eman, nazioartetik ez da aitortzarik etorri eta hemendik aurrera, 155. artikulua ala 155. artikulua, bai ala bai, asto makilatuarenak eta bost datoz, broma gutxi: inboluzioa, errekonkista, burua makurtuta oldartzen den zezenaren betiko politikara lehengoratzea… Olatua altxatuta dator, harro, eta hor surf egiteko aski lan izango dugu denok, han eta hemen, Mediterraneoan nola Kantauri itsasoan.

Bizitzan bezala politikan ere zoriari eta ezustekoei irekita egon behar dela uste dut. Denbora historikoa azkartu da oso eta espazio politikoa oso tinkatuta dago, eta halakoetan gertatzen dira aldaketa handienak. Onerako ala txarrerako. Gauza jakina zena baieztatzen ari da, bai. Sorpresarik gabeko sorpresa da: irribarreen iraultzaz egindako karikaturak gorabehera, Kataluniakoa ez da erraza izan eta ez da erraza izango.

Urriaren 1eko erreferendumean Estatua umiliatu zuten. Hura espektakulu gogoangarria izan zen, kolosala zinez. Baina ez Katalunian eta ez inon, garaipenak ez du “E egun” magikorik. Kataluniako independentismoak jendea erdi-erdian jarriz, bere ekimenaren erdian, lehen igorle eta azken hartzaile gisa hartuta, proiektu politiko eta sozial berri bat munduratu du, estetika eta forma berriekin, sinesgarri, bisio etiko berri batez armaturik. Demostratu dute mobilizatutako jendeak sekulako indarra duela, legalitate berriak legitimo egiten dituela aurrekoak bidegabetzat baditu.

Garaile edo garaitu, erakutsi duten konbentzimendu eta ausardiagatik goraipamena, gogoratuak izatea merezi dute katalanek; irabazi ala galdu, erakusten ari diren izan nahiak goratua izatea merezi du. Ez, ez dago etxafuegoak botatzeko motiborik, triunfalismorako arrazoirik. Arrazoia alde daukate, eta hori gutxi ez den arren, horrekin bakarrik ez daukate dena lortuta. Ez dute arrakasta bermerik eta urrats berriak, soluzio berriak, marrazoz beteriko itsaso batean surf eginez aurkitu beharko dituzte.

Garaile edo garaitu, partida ez da gaur bukatuko. Den-dena delako dialektika: irabazteko galtzen jakin behar da, irabazteko porrotak behar-beharrezkoak dira, eta gakoa ezinbesteko porrotak erremediorik gabekoetatik ezberdintzea da.

Askok eta askok, baita zoritxarreko eta ustez ezkerreko abertzale inbidiatsu eta triste batek baino gehiagok, katalanek egin dutena, egiten ari direna egiteko gai izango ez zirela uste zuten. Lezioak emateko gaudelakoan, edo hainbeste hamarkadaz asto makilatuarenak jasotzeak ematen duen talaia horretatik, jakitera emanez, batzuetan argi eta besteetan esan gabe, katalanen ahalegin guztia pantomima hutsean geratuko dela. Koitaduak! Irabaztea ala galtzea, hori ez dago inorentzat inon idatzia. Baina, egingo zutela aldarrikatu zuten, eta, aldarrikapena aldarrikapen, egingo dute aurrera, serio eta zuzen, testosterona barik, arrazoiz eta irudimenez. Ekinez, egin behar dena eginez. •