Gorka Elejabarrieta

Dragon Khan

Prozesu katalanak aurrera segitzen du. Azkeneko egun eta asteek Dragon Khan errusiar mendiaren itxura hartu dute, bai gertakariei begira eta baita jendearen sentimenduei dagokienez ere. Eta datozenak ere bide beretik joango dira. Oso zaila da egun batzuk geroago argitaratuko den artikulu bat idaztea, gaur balio duena bihar hutsaren hurrengo izan daitekeelako, baina horra hor zenbait gogoeta.

Estatu espainolak iniziatiba hartu du, denbora luzean zer egin jakin gabe edo gutxienez adierazi gabe egon ondoren. Estatuak dakien modu bakarrean heldu dio Kataluniako gaiari, indarra erabiliz, eta bide horretan bere nagusitasuna nabaria da, bere esku baititu horretarako beharrezkoak diren lanabes koertzitibo guztiak. Espainiar Estatuak etsaia anulatu eta prozesua “errepresioa-erantzuna” aski ezaguna zaigun buklean sartu nahi luke, prozesua bere bide orriaren garapenetik urrunduz.

Bertan behera utzi dituen instituzio, kargu eta pertsonen artean, azpimarratzekoa da Kataluniako prozesuaren alde nazioartean lobby lana egiten duten guztiak daudela, tartean Raul Romeva Nazioarteko Gaietarako kontseilaria, Kataluniak nazioartean dituen delegazioak eta ordezkariak eta DiploCat bezalako diplomazia publikorako erakunde publiko-pribatua. Ez da kasualitatea, partidaren joko zelai garrantzitsua baita nazioartea. Hala ere, Kataluniak nazioarteko harreman politiko eta diplomatikoak lantzen jarraituko du, Bruselan ireki berri duen “ordezkaritzaren” bitartez.

Beste fokuak, nagusiak, Katalunian izaten jarraitzen du. Ni neu, espainiar Estatuak inposatu nahi dituen beldurraren eta errelatoaren gainetik, gizarte katalanak bere aldarrikapen masiboetan aurrera jarraituko duelakoan nago. “Indarraren” batailan Estatuak irabazten duen bezala, mobilizazioen eta aldarrikapen publiko eta baketsuen eremuan independentistak nagusi direlako. Orain arte, behintzat, horrela izan da. Ikustekoa da independentismoak abenduaren 21eko hauteskunde inposatuen aurrean erabiliko duen estrategia zehatza. Gaur-gaurkoz badirudi parte hartuko duela, eta, hori horrela izanda, bertan kokatuko nuke prozesuaren hurrengo inflexio-puntu nagusia. Badakit hauteskunde ilegitimoak direla, indarrez inposaturikoak, baina hauteskundeak irabazi behar ditu independentismoak eta ez da helburu erraza izango: Estatuak ahal dituen guztiak eta bi egingo ditu horrela gerta ez dadin.

Laburbilduz, Estatu espainoletik errepresioa eta indarra besterik ezin dira espero: ez dago elkarrizketa eta negoziaziorako aukera errealik, azken finean, Estatuak ez duelako sekula erabakitzeko eskubidea aitortuko. Europan eta nazioartean eragiten jarraituko du Kataluniak aurrera begira, independentismoak irabazi nahi badu, nazioarteko aitortza beharrezkoa duelako. Eta partida nagusia, orain arte bezala, Katalunian jokatuko da. Puigdemontek adierazi berri duen bezala, prozesua luzea izango da, eta prozesu luze horretan espainiar Estatuak jarriko dizkien traba guztien aurrean garaile ateratzeko beharra izango dute; horretarako, mobilizazioa eta irudimena erabili beharko dituzte orain arte bezala. Independentismoa anitza da, oso, baina orain arte diferentzien gainetik elkarrekin jarduteko beharra nagusitu da eta batasun hori altxor gisa zaintzen jarraituko dutela espero daiteke. Independentismoak prozesua honaino ekartzea lortu du, eta hori asko da, baina ez da pozik geratuko errepublika independente bat lortu ezean.

Kataluniako prozesua inbidiaz eta emozioz jarraitzen dugun guztiok, gaur ezinbesteko zita bat daukagu Bilboko kaleetan. Eta ez da Kataluniarekiko elkartasuna batzen gaituen bakarra, prozesu katalanak bi irakaspen nagusi utzi baitizkigu dagoeneko: lehena posible dugula, eta, bigarrena, arduragabekeria izugarria litzatekeela Estatu ez demokratiko honen mende jarraitzea. •