Iñaki Altuna

Katalunian aurrera egin dute, kostata ere

Aitortu beharra dago Kataluniako prozesuak hamaika berritasun ekarri dituela, ekartzen dituela etenik gabe. Eta, egia esan, berritasun bakoitza ohiko eskema zaharrekin baloratzeko joera dugu gure inguru honetan. Euskal irrati eta telebista publikoetan egin ohi dituzten analisiak eta iruzkinak ikustea besterik ez dago. Zenbaitetan, fede onez baina berritasunak gaindituta. Halaxe gaude gu ere GAUR8n azterketak egiten saiatzen garenean. Beste zenbaitetan, fede txarrez, Kataluniako independentisten ustezko gabeziak eta kontraesanak aireratuz, horrela berriketan aritzen direnek erraietaraino sartuta dituzten minak gutxituko direlakoan.

Iraultza batean, herriak tankeen gainean garaile edo azpian zanpatuta amaitu ahal duela esan ohi da. Zuri ala beltz. Eta horretarako, zirt edo zart, hitzordu bat izan behar da, une jakin bat. Horregatik begiratu diogu horrela Kataluniari eta hango prozesuari, hurrengo eguneko gertaera azkena eta behin betikoa izango zelakoan. Iraganaren eta etorkizunaren arteko etenaldia kolpe bakar batez emango zelakoan.

Horregatik, ustez bidearen amaierara iritsitakoan bihurgune berri bat agertu denean, ez dugu analisirako oinarri sendo nahikorik aurkitu, ohiko handikeria ez bada. Une bakoitzean, Puigdemont presidenteak erantzun bat eta bakarra eman zezakeen, eta, horrela izan ez denean, umezurtz ere sentitu gara. Eta hortik, segidan, bat-batean, prozesuak aurrera egin duela ikusi dugunean, berriro harritu gara. Harritzea ez dago batere gaizki, hortik ikasteko gogoa sortzen bada, besteen dohainak onartzeko apaltasunik badugu eta kontraesanak ulertzeko gai baldin bagara. Kontua, baina, prozesua noiz okertu eta pikutara joango den zain geratzea bada, «nik arrazoia nuen» esateko, eskasia ez da egongo Kataluniako prozesuan, horrelako portaera dutenen artean baizik.

Beste batzuetan, ez aurrera ez atzera ari zirela pentsatu dugu, prozesuak prozesua baino ez zuela ekarriko iritzita. Azken hilabeteotako bizkortzeak, aldiz, hori ere gezurtatu digu. Independentzia ez da zirt edo zart trenkatuko. Baina hasitako bidea ez da zirkularra ere, aurrerabiderik gabea. Katalunian ez dute “Marmotaren Eguna” bizi. Ederki kostata eta amaierarako bermerik gabe, baina aurrera doaz. Ez da gutxi.

Koherentzia eta itxurakeria

Horrelako egoeretan, denetan egin daitekeen aipamenik kaskarrena koherentziarena da. Koherentzia autokritikaren familiakoa da. Norberak egin ez eta besteei egitea eskatzen zaien ariketak dira horiek. Horrela neurtzen dute batzuek, ez baitezpada denak talde politiko berekoak, indar independentisten jokabidea. Puigdemont koldartzat jotzera ausarten denik ere bada. Kopeta behar da gero!

Basakeriari bidea zabaldu diote aste honetan Espainiako Auzitegi Nazionalean eta Auzitegi Gorenean. Preso politikoz, orain Kataluniakoak, kartzelak betetzen segitzeko bideari ekin diote, arazo politiko bati errepresio handiagoz erantzuteko apustuaren erakusle. Halere, jokabide horretan gero eta gehiago tematuz gero, gatazka gero eta argiago azalduko da eta independentziaren beharra handitu egingo da. •