Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Alberto Irazu
«Rocka puntua!» liburuaren egilea

«Nik sumatzen nuen rockaren eta bertsolaritzaren artean bazegoela kontatu gabeko zerbait»

«Bizitza erdia rock kontzertutan emandako batek idatzitako liburua da hau», aitortu du andoaindarrak. Bi oholtzak eta oholtzapeak, rockarenak eta bertsoarenak, begitan hartuta egin du atzera berrogeita hamar urtez, topaguneak markatuz.

Basarrik esan zuen euskal abeslariek eta euskal bertsolariek «aparteko askak» behar zituztela. Geroztik berrogeita hamar urte joan dira. Bertsolaritzak bidea egin du baserritik hirira eta era guztietako gaiak eta ikuskerak janzten ditu egun. Rockak, bere aldetik, euskara janztea erabaki zuen aspaldi eta badira bizpahiru hamarkada bertsoen oholtzara jakin-minez begiratzen duela.

Alberto Irazuk Andoaingo gaztetxe zaharrean ikusi zuen nola gerturatzen ziren bata bestearengana bertsoa eta rocka, natural-natural. Bazuen susmoa hor bazela kontatu gabe zerbait eta bi bideak ikertzen hasi zen; rockarena eta bertsoarena. “Rocka puntua!” liburuan jaso ditu esplorazio horretan bildutakoak.

Andoaingo gaztetxe zaharrak badu bere pisua zure kontakizunean.

Andoaingo gaztetxe zaharra abiapuntu bat da. Gure herrian musikaren munduan urte batzuk daramatzan edozeinek esango dizu 80ko hamarkadan leku klabe bat izan zela. Sekulako taldeak ikusi genituen bertan, mundu osokoak. Zerbait oso berezia gertatu zen bertan eta inguruan genbiltzanak horren lekuko izan ginen. Adibidez, 1983-84 inguruan sortu zen BAP!! taldeak beti lauko txiki batekin hasten zituen kontzertuak. Ez hori bakarrik, Herri Irratira bidali zuten lehen maketa hamarreko txiki burlati batekin hasten zuten. Nik horiek gogoan neuzkan, eta kaseteak etxean gordeta. Bestetik, Andoaingo Ximorra taldearen kasua hor dago; zortziko handi bete-beteak, gaztetxean egondako bertso txapelketa bateko hitzak.... presente zegoen bertsoa haien letretan.

Horrez gain, 1985eko azaroan, gaztetxearen lehen urtemugan, bertso saioa antolatu zuen Gazte Asanbladak. Jokin Sorozabal, Joxe Oiartzabal, Pablo Joxe Aristorena eta Joxe Mari Izeta aritu ziren bertsotan. Gaztetxean bazen Peste izeneko fanzinea eta 1986an bertso saio horretako kronika argitaratu zuten. 80ko hamarkadan fanzine batean argitaratutako bertso kronika bakarra da, eta geroztik ere horrelako gutxi izango ziren.

Nik sumatzen nuen rocka eta bertsolaritzaren artean bazegoela kontatu gabeko zerbait. Ordura arte Zazpi Eskale, Negu Gorriak eta bertso hopa, Gu ta Gutarrak, Hertzainaken zortziko txikiak... aipatzen ziren. Baina uste nuen zerbait gehiago bazela, Andoainen guk ikusia eta oso oroimenean genuena. Eta esploratzen hasi nintzen: euskarazko rockaren diskografia esploratzen, Errobiren lehen rock diskotik Gu ta Gutarrak talderaino.

Zer bilatzen zenuen esplorazio horretan?

Batetik, bertso idatzia, bertsoaren metrika duen abestia. Eta, bestetik, bertso idatzia ez izan arren, kantuetan nola begiratu izan zaion bertsolariari. Eta hainbat arrasto topatu nituen.

Lehen arrastoak, gainera, euskal rockaren hastapeneraino narama, Errobiraino. Izan ere, noiz sartu zen bertsoa rockean? Hastapenean bertan, 1975. urtean Errobi sortu zenean. Horko abesti batzuk bertso idatzi bete-beteak dira. Gainera, Daniek Landart hitzen egilearen ibilbidea jarraituz gero, garbi ikusten da bertsolaritzarekin lotura duela.

Bidean elkartu ziren bertsoa eta rocka, euskarak elkar josita. Baina, aurretik, oso aparteko munduak ziren. Liburua ireki eta itxi Uztapideren puntu batekin egiten duzu. 1964an, Zestoan, «ikasi al dituzu rock-and-roll eta twist» puntua jarri zioten eta, Uztapidek, «naikua pena onek neri ematen dit», amaitu zuen bertsoa.

Diskografia arakatzen ari nintzela topatu nuen Uztapideren bertso hori eta berehala konturatu nintzen beste istorio bat zegoela kontatu gabe. Orain askotan akelarrean elkarrekin aritzen dira bertsolariak eta rockeroak, baina beti ez da horrela izan.

Europatik eta Ameriketatik zetozen musika berriei, aire berriei, janzkera berriei, oso modu itxian begiratzen zien bertsolaritzak 60ko hamarkadan, ezezagutzatik eta beldurretik. Garai hartan bertsolaritza nekazaritza munduarekin lotutako kultur adierazpen bat zen, nekazaritza barruko pentsamendu kodeetan mugitzen zena. Eta bertso saio guztiak gai arketipikoen inguruan mugitzen ziren; baserria, lana, ama, kristautasuna... Hortik kanpo zetorrena arrisku bat zen. Kristautasunak pisu handia zeukan horretan. Izan ere, kristauek rockaren kontrako oldarraldia izan zuten leku guztietan. Pentsa, Ameriketan Elvis gerritik gora enfokatzen zuten bakarrik, gerritik behera erakutsi ezin zitekeen sexualitate bat zegoela ulertzen baitzuten.

Finean, mundu anglosaxoiarentzat bere kulturaren barruan sortu zitzaion hartxintxar bat izan zen haize berri hori guztia. Eta Euskal Herrian sexualitate, mugimendu eta lotsagabekeria hori guztia euskal mundutik kanpo zetorren erauntsiaren barruan sartu zen. Euskararen mundua gainbehera zihoan eta erauntsi horren barruan beste eztenkada bat zela ulertu zen. Gainera, gazteak arrastaka eraman behar zituela ikusten zen, eta beldurrez begiratzen zitzaion. Pentsamenduz eta estetikoki oso indartsuak ziren gertaera horiek sarbide zuzena izaten ari ziren gazteen artean. Garaiko bertsolaritzak, berriz, horrekin guztiarekin sinkronia eza erabatekoa zuen.

1968an Basarrik esan zuenez, «Txinatik Donostiara baino alde handiagoa dago euskal abeslari batetik euskal bertsolari batera. Aparteko askak behar dituzte».

Argigarria da Basarrik esandakoa. Baina, berrogeita hamar urte pasatu eta gero, Txinatik Donostiarako distantzia txikitu egin da. Eta baita bertsolarietatik rockeroetara dagoen distantzia ere, behintzat bertsolari batzuetatik rockero batzuetara dagoena.

Horrek abiapuntua ematen zidan bi parabola marrazteko. Batetik, zer gertatu da bertsolaritza munduan erabat arrotz eta salagarri ziren zenbait doinu eta estetika kritikatzetik, orain doinu horietan inprobisatzera pasatzeko? Eta, bestetik, zer gertatu da bertsolariak bertso idatziz abestien letrak idaztetik, oholtzan rockero bezala aritzera pasatzeko?

Finean, parabola horiek gertatu dira bertsolaritza modernizatu eta hiritartu egin delako. Izan ere, 70ko hamarkadan egiteko bezala jarri zen urbanizatzea, modernizatzea, hiritartzea... eta hor, Jon Maiak esaten duen bezala, berriak jaio ziren. Eta horrek ahalbidetu zuen bertsolaritzak gizartearekin sinkronizatzea.

Rock mundutik nola begiratzen zitzaion bertsolaritzari?

Segur aski ez zioten begiratu ere egiten. Oso mundu apartekoak ziren. Benetako eztanda Negu Gorriakekin gertatu zen, bertso hoparekin.

Negu Gorriak taldeak bi gauza oso garrantzitsu egin zituen. Batetik, hip hoparen eta bertsoaren arteko lotura publikoki formulatu egin zuen, izen bat eman zion: “bertso hop”. Eta, gainera, lotura hori irudikatu egin zuen izen bereko diskoaren azalean bertsolariak eta rockeroak elkarrekin jarriaz. Ordura arte ez zen halakorik gertatu. Amuriza ibilia zegoen Josu Zabalarekin plazaz plaza 80ko hamarkadan esperimentuak egiten, baina ez zuten formulatu. Neguk, berriz, izenez eta era bisualean formulatu zuen lotura hori.

Eta, bestetik, Neguk beste gauza oso garrantzitsu bat egin zuen, urte askoan oharkabean joan dena: performance bat egin eta berritu egin zuen etengabe. 86ko finaleko bertsoaldi bat hartu eta jendearen oroimenean geraturiko momentu bat kantualdi batera eraman zuen –Egañaren eta Peñagarikanoren arteko “Batetikan korroska” bertsoaldi sonatua–. Kontzertu guztietan une hori berritu egiten zuen, Muguruzaren eta Arkarazoren ahotik. Eta rock mundutik beste era batera begiratzen hasi ziren bertsolaritzari.

Hala ere, ez da horren atzean dagoen arrazoi bakarra. Ordurako “Hitzetik hortzera” saioa zegoen telebistan eta bertsoa jendearen etxera sartzen hasia zen; ikastolen mundutik etorritako belaunaldi berri bat ari zen oholtzan bertsotan; erreferente kultural berriak indarra hartzen ari ziren bertsolarien artean...

Aita Zabala baserrietan ibili zen bertsogintzaren arrastoak topatu nahian. Gaztetxetako zokoak miatu izan balitu, zer topatuko luke?

Ez luke ezer topatuko. Andoaingoa salbuespen bat izan zela esango nuke. Andoaingo gaztetxe zaharrean euskal mundutik zetorren jende zehatz bat ibiltzen zen eta oso modu naturalean ekarri zuten bertsoa bertara. Segur aski, beste inongo fanzinetan ez dago bertsorik. Gipuzkoako Aldundiaren fanzinoteka osoa arakatu dut eta ez dut ezer topatu. Arrazoia, gainera, oso sinplea da: 80ko hamarkadan, kontrakulturako fanzinetan ez zegoen apenas euskararik. Asko jota eslogana zuten euskaraz, baina, edukiak, ez. Euskara oraindik sartu gabe zegoen espazio estetiko horretan. Orduan, euskara sartu gabe bazen, nola sartuko zen bertsoa? Eta hori ezinbesteko premisa da; euskararik gabe ez dago bertsorik. Azken batean, liburuan nabarmendu dudanez, bertsoa rockean sartu da euskara rockean sartu delako. Ezinbesteko baldintza da hori.

Liburuan «continuum»-ak aipatzen dituzu.

Continuum asko aipatzen ditu. Bata euskararen hautuaren continuum-a da. Bertsolaritzak ez du sekula aukeraketa bat egin behar izan hizkuntzari dagokionez; bertsoa euskaraz da eta kito. Rockak, berriz, ez du berezkoa euskara, ingelesez etorri zen gurera. Eta gaur egun rockak euskaraz egiten du batzuek aukera hori egin zutelako. Eta ez rocka bakarrik, etortzen den estilo berri orok egin dezake euskaraz. Nik liburuaren amaieran esaten dudanez, artefaktu berriak datoz. Nik ez dakit zein musika mota datorren, baina euskaraz egiten badu, continuum bat izango da.

Gaur egun rock-and-rolla musika klasikoa dela diozu.

Ez dago horren zalantzarik. Musika mota hori asimilatuta dago. Are gehiago, gaur egun alkate batek puntakoa izateko super jaialdi bat antolatu beharra dauka! Rock-and-rollak ez dauka garai batean zeukan grina matxino hori. Sortuko dira artefaktu berriak, sortu behar dute artefaktu berriek, eta euskarak egon behar du horietan. Euskarak behar-beharrezkoak ditu espazio sinboliko horiek.

Bertsoa matxinoagoa al da?

Bertsolaritza oso une interesgarrian ikusten dut. Emakumeen presentzia handitzen ari da eta orokorrean gai askoren inguruan hausnarketa oso zorrotzak egiten direla iruditzen zait. Baina, era berean, ez dakit zenbateraino galdu ote dugun bertso aldrebesaren ospakizuna –eta badakit hau txapelketa garaian esatea arraro samarra dela–. Lagunartean bertso kalamidade handiena botatzearen ospakizuna; bertso naturala, poto eta guzti, hanka luzea, hanka motza... badaukat jolas hori galtzen ari den kezka. Bertso aldrebes horiek ere ospatu egin behar direla aldarrikatu nahi dut.

Hortik abiatuta, iruditzen zait gaur egun gazteek badutela bertsoarekin esperimentatzeko aukera, doinu berriak eta beren erritmoak probatzekoa, hanka sartzekoa... Garai bateko bertsolariek, Uztapidek eta Basarrik kasu, ezin zuten horrelakorik egin. Bertsoa hizkuntzaren jolasa da eta ez genuke hori ahaztu behar.