2017/11/11

Antton Izagirre
Krabelin gorriak

Duela mende bat, XX. mendeko gertakari garrantzitsuena, Errusiako Iraultza Sozialistaren aldarrikapena, izan zen. Bada, hura ospatu eta gogoratzera kalera atera diren nostalgikoak krabelin gorriak eskuetan ageri dira egunkarietan. Haren harira etorri ziren, ondorengo urteetan, Europan bertan, beste hainbat errepublika sozialista.

Alderaketa errazak alde batera utzita, Kataluniako Errepublika aldarrikatu aurreko egunetan ere, geure begiekin ikusi ditugu independentziaren aldeko erreferenduma galaraztera heldutako espainiar poliziei krabelin gorriak eskaintzen zizkieten herritarren mobilizazioak, aro berri bat eraikitzera datozen ustea zabalduz.

Geroak erakutsiko du hala den, baina, gaur-gaurkoz, Eskozian 2014ko irailean izan zen erreferenduma eta Kataluniako Errepublikaren aldeko prozesua XXI. mendeko gertakizun garrantzitsuenen artean daudenik ez dugu zalantzarik batere. Estaturik gabeko nazioentzat ezinbesteko erreferentzia bilakatu dira.

Ez da erraza jakitea zein izan daitekeen Euskal Herriaren garapen politikoa, baina egunotako gertakariak gogoan, gure subiranotasunaren aldeko aliantzak eta borrokak gertuago daude Katalunia eta Bruselatik Quebecetik baino. Bitxia, bertako politikariak beharrean, Europan etorkizuna eraikitzen auzokoak ari direla pentsatzea. Bitartean, espetxean eta erbestean ari direnei, krabelin gorriak. •