ENEEK

Hariztizabal baserriak erreleboa behar du

Hariztizabal baserriko gure lagunek, Mariluk eta Xabik, erreleboa nahi dute 38 urtez lan egin ondoren. Ezkio-Itsason (Gipuzkoa) martxan dagoen baserria da, bertan bizi eta lan egiten dihardute eta beraiek eraikitako proiektu ekologikoari jarraipena eman nahiko liokete bertara doazenei baserrian eta baserritik bizitzeko aukera emanez.

Lurzaindia elkarteak laguntza eskaini du erreleboa emateko lan honetan; izan ere, galtzear dauden laborantza lurrak eta baserriak bizirik mantentzea du helburu, landa eremuak mantentzea alegia. Baserriak kolektiboki erosten dira bertan bizi eta lan egin nahi dutenei lurra errenta duin batean eskaintzeko. Honela, lurra ez duenari eskaini egiten zaio, eta, baserria erostea izango litzatekeen karga ekonomiko gaindiezina saihestuz, baserriaren jarraipena errazten da (www.lurzaindia.eu). Izan ere, azken hamar urteotan 1.200 hektarea laborantza lur galdu dira, 150 etxalde desagertu eta 250 pertsona aktibok laborantza utzi dute. Denbora berean, biztanle kopuruak gora egin du zenbait tokitan, elikatu beharreko jende kopurua handiagoa delarik. Horregatik, elikatzen gaituzten laborantza lurrak zaintzeko arrazoi bat gehiago dugu. Baina lurra maitatzea da zailtasun nagusiena, interes espekulatiboen prezioengatik.

Hariztizabal baserria Lurzaindiak erosiko du, herritarren ekarpenekin bereganatuko ditu baserria eta lurrak, gero bidezko errenta baten truke eskaintzeko. Baserritar berriek beren nekazaritza proiektua garatu beharko dute Hariztizabalek egun eskaintzen dituen aukeretatik abiatuta. Lurzaindiak ez ditu ekoizpenerako lantresnak eskuratzen, ulertzen baitu bakoitzak bere proiektua bere modura garatzeko inbertsio batzuk egin behar dituela, apustu argia eginez.

Zer eskaintzen duen baserriak

Baserria 350 metro karratuko bi solairukoa da eta etxebizitza prest dago bertan bizi izateko. Osotara, 11 hektarea dauzka eta horietatik 2,2 hektarea fruta ekoizpen betean daude, batez ere sagastia. Frutarentzat kamara ere badu. Sei hektareako basoa eta beste hainbat nekazaritza jardueratarako aukera ematen duten sail batzuk ere baditu (txerriak, baratza, hegaztiak…). Okindegi bat martxan dauka eta bertan baserriko ogi ekologikoa egiteko tresneria guztia dago eskura (errota, bahea, labea, eta abar).

Momentuan, bi pertsonaren dedikazio betea dauka baserriak: frutazaintza, ogigintza eta bisita didaktikoekin osatzen dute jardun nagusia, eta hirugarren bat ere jar liteke lanean. Gainera, salmentarako bideak jorratuta ditu fruta zein ogiarekin, baita bisita didaktikoekin ere.

Nekazaritza arloko eragile desberdinekin saretuta dago, elkarlanean dihardu elkarte desberdinekin, bai ekoizpen arloan, bai arlo sozialean. Eta Marilu eta Xabi urteetan bereganatutako ezagutza transmititzeko prest daude. Errelebo proiektu hau erakargarria egiten bazaizue eta informazio gehiago nahi baduzue, jarri harremanetan artezabal@gmail.com edo jcalvillo@hazi.eus helbideen bidez.