2017/12/02

Erreportajea
«VIDAS EN +»
Hiesa duten indiar emakumeak boteretzen laguntzeko kanpaina

Sara Anton, Eneritz Arizmendiarrieta eta Nagore Osa, Leinn graduko ikasleak dira. Hiesa duten indiar emakumeei laguntzeko proiektu bat bultzatzen ari dira. Atzo, Hiesaren Aurkako Egunean, «crowfunding» kanpaina abiatu, eta Donostia, Bilbo eta Gasteizen ekitaldi bana egin zuten. Martxoan, Indiara joanen dira hango elkarteekin lan egitera.

Maider Iantzi Goienetxe
India2

Sara Anton debarra, Eneritz Arizmendiarrieta bergararra eta Nagore Osa zumaiarra Lidergotza, Ekintzailetasuna eta Berrikuntza (Leinn) graduko ikasleak dira. 20 urte dituzte. Taldekide dituzte Ainhoa Peña eta Anne Campo gasteiztarrak. SoytuCompany elkartekoak dira lehenengo laurak eta bosgarrena Meikinn-ekoa. Calcuta Ondoan gobernuz kanpoko erakundearekin batera lantzen ari dira hiesa duten indiar emakumeei laguntzeko proiektua. Atzo, Hiesaren Aurkako Egunean, abiatu zuten crowfunding kanpaina. Hilabete iraunen du.

Urtarrilean Txinara doaz eta bertatik jarraian, martxoan, Indiara. Bi hilabete emanen dituzte leku bakoitzean. Finantzaketa kolektiboko kanpainarekin lortuko duten dirua giza immunoeskasiaren birusa duten indiar emakumeentzat izanen da. «Baina emakumeen ahalduntzearen borroka nazioartekoa dela ikusita, dirua jartzen duen jendeari, kantitate batetik aurrera, haziak dituen txartel bat emango diogu. Bertan emakumeak ahalduntzeko esaldi bat idatzi eta Gabonetan oparitzeko izan daiteke. Hala hemengo emakumeen ahalduntzea bultzatuko dugu sinbolikoki eta, aldi berean, ekonomikoki Indian lagunduko dugu», esplikatu dute gazteek.

Lotura puntu bat aurkitu nahi izan dute Indiako kausa honen eta Euskal Herriko emakumeen borrokaren artean, hemen inpaktua sortzeko eta han ekonomikoki eragiteko. Inpaktu kanpainako ekintzetako bat “Café Condón” da. Donostia, Bilbo eta Gasteizko hainbat tabernatan kafearekin batera gaileta bat emanen dute sorpresaz. Paperean bertan honako mezua izanen du: «Norberak aukeratzen du, kondoia edo hiesa. Eta barrenean kondoi bat. Atzealdean, bertze mezu bat agertuko da: ‘Indiako emakumeek ez dute aukeratzeko eskubiderik’». Azkenik, kanpainaren bideora sartzeko URL kodea izanen du paperak.

Hiesdunen %40, emakumeak

Jendea animatuko dute mezu bat idatzi eta argazki batekin sare sozialetan zabaltzera, #vidasen+ traolarekin. Bideoak ere grabatu dituzte Zuriñe Hidalgo abeslariarekin, Elena Irureta aktorearekin eta Nerea Mazo “Goazen” telesaileko protagonistarekin. «Kanpaina honekin komunikatu nahi dugu zergatik giza immunoeskasiaren birusa duen emakume batek ez duen bizirauteko aukerarik Indian eta hemen, berriz, bai. Hiru faktore sozial daude: India pobrezia egoeran dagoen herri bat izatea, kulturagatik prebentzioa ukatzea (kondoiak ezin dira erabili, eskatuz gero, errespetu eta konfiantza falta bezala hartuko du zure ohekideak) eta emakume izanik baliorik ez izatea, ez inporta izatea zer gertatzen den zurekin. Hiru arazook zutabe hartuta, transmititu nahi duten mezua da hiesaren medikamentuak garatuta egon arren jendartean ez dagoela garapen hori eta horregatik gertatzen direla egoera larriak.

Indian, hiesa duten biztanleen %40 emakumeak dira. Kontuan izanda bertze herrialdeetan %10-18 bitartean direla emakumeak, datua deigarria da. «Bertan gizon ezkonduek hainbat emakumerekin dituztenez sexu harremanak, beti prebentziorik gabe, eritasuna kutsatzen dute. Bestetik, duela urte batzuetatik mito bat zabaltzen ari da, batez ere Kalkutan, dioena emakume birjinekin erlazio sexualak izateak hiesa kentzen duela. Ezjakintasun eta matxismoaren eraginez, hiesa duten emakumeen kopurua handitzen ari da».

Ikasleek adierazi dutenez, emakume batek ez du bere gorputzean edo bizitzan aukeratzeko eskubiderik. «Gizon bat etortzen bazaizu, bai edo bai berarekin harreman sexualak izan behar dituzu. Birjinak diren emakumeen inguruan sortu den sinesmen hori dela-eta normalean neska oso gazteekin izaten dituzte harremanak». Indore inguruan kokatzen da kanpaina, bertan daudelako hies kasu gehien.

Hara joanen dira Anton, Arizmendiarrieta eta Osa, bertako Wishwas elkartearekin lan egitera. Hangoen eta hemengoen elkarlanarekin, proiektua iraunkor egitea da xedea. Ekintzailetasunaren inguruko tailer batetik, mediku kontsulta batean laguntzera; momentuan dituzten beharren arabera emanen dituzte zerbitzuak.

Ikasteko era erabat ezberdina

Oñatin ikasten dute. «Baina, normalean, ez gara aste oso bat egoten bertan. Euskal Herriari bueltak ematen dizkiogu egia esan», diote irriz. Taldean egiten dute lan beti, hori da Leinn graduaren oinarrietako bat. Talde bakoitzak irakasle bat du, entrenatzaile bat bezala. «Oso gustura gabiltza. Oso esperientzia transformazionala da. Bizitza aldatzen dizu. Hankaz gora jartzen dizu. 17 urterekin bat-batean enpresa bat daukazu, ezagutzen ez dituzun hamabost pertsonarekin. Ez dakizu ezer enpresa bat zabaltzeaz eta esaten dizute: joan erregistrora eta galdetu, orain fakturatu…».

Enpresak helburu batzuk ditu. Kanpotik gehien ikusten dena ekonomikoa da, baina 30 kontadore dituzte. Beren burua ebaluatzen dute. «Ez dugunez betiko klase eta azterketarik, bizi dugun esperientzia oso ezberdina da. Gu sortzen ari gara egunero gure karrera eta gure bidea. Entrenatzailea dago pixka bat gidatzeko eta oso muturrera joaten bagara mozteko, baina, normalean, dena gure kabuz egiten dugu».

Hirugarren mailan daude eta kooperatiba bat sortzeko aukera dute. Orain elkarte bat dira eta oraindik ez dakite zer eginen duten. Bidaia hau inportantea izanen dela eta taldea markatuko duela uste dute. «Baliteke Indian edo Txinan kontraturen bat itxi eta norbait han bizitzen geratzea». Erabat irekita daude.

«Karrera bukatzean, zer?». Aunitz galdetzen diete hori. Ingurukoek ez dituzte ulertzen eta gurasoak kezkatu egiten dira. «Ez dakit» izaten da erantzuna, irribarre batekin. «Irunen hasi zen karrera, gero Oñatin, Bilbon… Ondoren, ikasleek beraiek unibertsitate bat ireki dute Mexikon, beste bat Txinan, orain Korean ari dira… Metodologia berritzailea da eta gaur egungo enpresen egoerarako egokia da. Sortzen gabiltza, gure gustuen arabera. Lau urte dira nahi duguna probatzeko», azaldu dute.

Kanpainan parte hartzeko ohiko bidea Internet da (Goteo.org). «Café Condón» ekimenarekin bat egin duten tabernetan ere aukera emanen dute. Enpresa gisa ere kolabora daiteke

Gazteek hazidun txartelean mezua idaztera animatu nahi dute jendea, indiar emakumeen ahalduntzean laguntzeko, eta, bidenabar, hemengoenean ere bai