Gorka Zozaia -@zotz_
Kimikaria

Lehenik heldu zen mezularia

Omen da Oumuamua. Hori esan nahi bide du hawaiieraz, eta horregatik izendatu dute horrela astronomiaren historian behatu den lehen izarrarteko harri koskorra. Orain arte atzemandako asteroide eta kometak eguzki-sisteman sortuak ziren, baina urriaren 16an Hawaiiko Heleakala behatokiko Pan_STARRS teleskopioak detektaturiko gorputza milioika urtez izarren artean bidaiatzen dutenetakoa ei da. Hasieran, noski, Lurraren eta Marteren orbiten artean behaturikoa kometa bat besterik ez zela pentsatu zuten, eta isatsik ez zuela ohartzean asteroide izendatu zuten harri koskorra, baina bere orbitaren gaineko kalkuluak egitean, aho bete hortz gelditu ziren. Irteera orbitan zela ondorioztatu zuten, periheliotik dagoeneko pasata. Inork ez zuen heltzen ikusi, baina bere abiadurak ez zuen zalantzarako tarterik uzten; eguzki sistemaz kanpotik zetorren. Antza Vega izarraren ingurutik, Lira konstelazioan, heldu ei da Eguzkiarekiko 26 km/s-ko abiaduraz (100.000 bat km/h) eta irudian jasotzen den ibilbidea osatu du eguzkiaren inguruan (astero non egon den azaltzen du grafikoak). Irailaren 9an pasatu zen periheliotik 88 km/s-ko abiaduraz eta ia 300 graduko errebuelta hartuta, Pegasoranzko norabidea hartu zuen gero, bere abiadura apalduz berriz. Behatu zutenean Lurretik 33 milioi kilometro eskasera zegoen harritzarra udaberrirako Jupiterren distantzian izango da, 2019an Saturnorenean, eta hala, eguzki-sistemara etorri zen bezala joango da berriz izarrarteko espaziora.

Oumuamua, edo Nazioarteko Astronomia Elkarteak asmatu behar izan duen izen formal berriaz 1I/2017 U1 izarrarteko asteroidea, bere formagatik ere berezia da. Zeruan behatu ohi diren objektuak esferikoak edo amorfoak izan ohi dira, baina ez horren egitura zilindriko zehatzekoa. Irudian jasotako irudikapena egin dute eta kalkulatu, 230 bat metro luze eta 35 zabal dituela. Tamaina eta forman Bartzelonako Agbar dorrearen oso antzekoa izango litzateke lehen mezularia. Azala, berriz, gorri iluna omen du, erradiazio kosmikoak zaildutako azala, eta bere osaketaz uste dute haitza metalez aberatsa dela, dentsitate erlatibo altukoa. Ikertzaileak pozik dira beste sistemetan sorturiko arroketan orain arte planeten sorreraz ditugun ideiak berresteaz. Ezin izan dira bete, baina, Arthur C. Clarken “Ramarekin zita” nobela burura etorri zaienen espektatibak eta zilindroa ezin da hutsa izan, eta jakina, ez da ingeniaritza alienigenaren fruitu.

“Nature” aldizkarian argitaratu dute aurkikuntza eta kalkulatzen dutenez, urtean behin pasatzen da mota honetako izarrarteko bisitariren bat Eguzkitik. Oumuamua ez da, jakina, lehen mezularia lehenik heldu den izarrarteko arroka delako, baizik eta pasatzen omen diren horietatik guztietatik detektatzen lehena izan delako. Seinale ahula dutenez zailak dira halakoak antzematen, eta hain zuzen ere, Hawaiikoa bezalako teleskopioak helburu horrekin daude diseinatuak. Ispilu nahiko txikiak baina kamera digital erraldoiak dituzte zeru guztia behatu eta Lurrera hurbiltzen diren asteroide eta kometak antzemateko. Ze berri ona bada lehen mezulariarena, ez dela azkena izango! •