Ander Gortazar Balerdi - @derzu_uzala
Arkitektoa

Leherketa modernoa

Arkitektura Modernoari heriotza kolpea emateko aukera historikoarekin esnatu zen Ivy Hodge 1968ko maiatzaren 16 hartan, patu horren jakitun ez bazen ere. Katilukada bat tek izan zezakeen ondorioa usaindu ere egin gabe, ohetik altxa eta Le Corbusierren zerraldo-artean-freskoa zapalduz bezala pausatu zuen Ivyk lehen oina lurrean, ezkerra behar zuena derrigor, eta ondoren bigarrena, angelu zuzena osatuz maisuarekin.

Nagi baina pozik esnatu ohi zen lanerako. Pastelak apaintzea zuen Ivyk ogibide, baina 60ko hamarkadako Ingalaterran pastelak apaintzeak ez zuen dirurik ematen, eta kontent zen hormigoi aurrefabrikatuzko panelez eraikitako inurritegi hartan etxebizitza egokitu zitzaiola-eta. 18. pisua, 50 metro koadroko hego-mendebaldeko izkina argitsua, bista ederrak. Gerraosteko etxebizitza-krisia zela eta, untxien antzera ugaldu ziren gisa honetako etxe-orratzak Ingalaterra osoan zehar, hiri handietako aldirietan bereziki. Londres ekialdeko Newham auzoko Ronan Point dorrea ez zen, horrenbestez, salbuespena.

Eguneroko errutina goiztiarra: 05:00etan puntuan esnatu, izena nekez merezi duen korridore motzegia zeharkatu eta bi gaileta eta irratiaren konpainian edan ohi zuen Ivyk tea. Gas bidezko sua piztu, pospoloa ondoren, eta patuak patu, eztanda ozen batek egunerokotasuna hautsi zuen bat-batean Ronan Pointen.

Halakoetan gertatzen denez, maiz ikusten baitugu albistegietan, leherketak errotik erauzi zuen fatxada eta agerian geratu zen lotsagorritzeko moduko horma-paper koloretsua, jada libururik gabeko apal biluzia eta atea. Baina eztanda honek, ohiko gas-leherketa izanagatik, ohiz kanpoko ondorioak izan zituen, eta eraikinaren hego-mendebaldeko izkina oso-osorik eraitsi zuen, 22 pisuetako lauzak lurrera erori baitziren bata bestearen atzetik, domino piezak horizontalki nola. Lotsagorritzeko moduko hogeita bi horma-paper koloretsu, libururik gabeko hogeita bi apal biluzi eta hogeita bi ate, auzo osoaren begi bistan.

Hamaika biktima utzi zituen leherketak. Hildakoak lau, hiru bizilagun eta okerreko lekutik pasieran zebilen oinezkoa; zaurituak mordoxka bat, egongela galdu bitartean atearen markoari gogor eutsi izanak salbatutako bizilaguna tartean. Harry Louis Ronan zinegotzi ohia ere sar genezake kaltetuen taldean, gizagaixoa, ez baitu xamurra izan behar zure izena daraman eraikina gisa horretara ikusteak. Baina kalteturik izan bazen, zentzu kontzeptualean esango dugu, hori Arkitektura Modernoa izan zen, haren sinesgarritasuna literalki gelditu baitzen txiki-txiki egina, lurrean barreiatua milaka puskatan. Txiki-txiki egina modu injustuan, esan beharra dago, lauza horizontal eta horma bertikalen arteko junturak egunkari-paperez betetzea, hormigoiez beharrean, ez baitirudi a priori arkitektura modernoari aurpegiratu dakiokeen zerbait.

Edonola ere, papera, hormigoi eta injustiziak injustizia, Arkitektura Modernoaren gainbeheraren ikur bihurtu zen Ronan Point, Pruitt-Igoe estatubatuarraren baliokide ingelesa eta inflexio puntu bat gizarteak arkitekturaz zuen pertzepzioan. 1986an, leherketa gertatu eta hemezortzi urtera, eraitsi egin zituzten auzunea osatzen zuten bederatzi dorreak, eta lorategidun bi pisuko blokez ordezkatu arkitektura-korronte berrien izenean. Ziklo berria abian zen eta antzeko egin zuten Erresuma Batuko beste hainbat bazterretan ere.

Ivy Hodge, mirakuluz, onik atera zen leherketatik, bai Ivy bai eta bere gas bidezko sukaldetxoa ere, lasai asko eraman zuena gobernuak eman zion etxebizitza berrira. Bigarren pisu bat egokitu zitzaion bi solairuko eraikin postmoderno batean, eta gas bidezko sukaldetxoak leherketarik eragin bazuen ez zen hura aparatosoegia izango, ez baitzuen, ondorengo hamarkadek argi erakutsi bezala, Arkitektura Postmodernoaren etorkizun oparoa behar baino lehen zapuztu. •