Sanjeev GIRI | EFE
HONDAKIN LURRIKARA

Nepalek 17 eguneko epean jasandako bi astinaldiek herrialdea suntsitu dute

Apirilaren 25eko lurrikara odoltsuaren osteko dozenaka errepliketara ohitzen hasita ziren nepaldarrak. Baina asteartekoa ez zen erreplika hutsa izan, ia indar berdineko beste lurrikara bat baizik. Egia esan, ordurako ez zegoen gauza handirik zutik Asiako herrialde txiroan. Nepaldarren esperantza apurrak ere hondakinen azpian daude orain.

Apirilaren 5ean gutxienez 8.000 hildako eta txikizio izugarria eragin zituen lurrikararen ostean, ehun bat erreplika pairatu ditu Nepalek azken bi asteetan. Lehen egunetan izua zen nagusi herritarren artean eta jende askok kalean egiten zuen lo, zutik zirauten etxeak gainera eroriko ote zitzaizkien beldur. Lurrikara handi baten ostean horrelako erreplikak ohikoak direla eta bizitzak aurrera egin behar duela jakitun nepaldarrak apurka-apurka euren herri eta hirietara bueltatzen hasiak zirenean, baina, bigarren lurrikara batek, ia aurrekoa bezain bortitza, Asiako herrialde txiroa berriro astindu zuen asteartean.

Aste honetako lurrikarak 7,3 graduko indarra izan du Richter eskalan, eta ehun hildako inguru utzi ditu bai Nepalen bai inguruko herrietan. India, Bangladesh eta Txinaren agindupean den Tibet kolpatu ditu eta hildako kopuruak txikia badirudi ere, batik bat apirileko astinaldiak eragindako hildako kopurua ikusita, honakoa izan behar da kontua; jada ez zegoen erortzeko gauza handirik Nepalen.

Berriro ihesean

Azken egunetan Katmandu hiriburura itzulitako ehunka nepaldarrek ihesari berrekin diote. Autobus geltokietan jendetza bildu da maleta eta zorroekin, hiri uzteko irrikatan. «Bizirik baldin bazaude dena duzu, eta horregatik erabaki dut behin betiko Katmandu uztea», dio Hari Ramek. Beste asko bezala, hiriburuko geltokirik handienean da, Kalankin, Nepaleko mendebaldeko Deng hirira eramango duen txartela erosteko ahalegin hutsalean.

Katmandun bi ordu baino ez zeramatzan Rojina Pathak lurrikara berriak hiria astindu zuenean. Ilargipean lo egitea beste aukerarik ez zitzaion geratu jaiotzez Dolakha barrutikoa den emakumeari. Dolakhatik gertu dagoen Sinshupalchok barrutia izan da bigarren lurrikaran kaltetuena. Apirilaren 25ean ere zonalderik zigortuena izan zen, hildakoen herena bertan hil baitziren. Horrela bada, nora joan ere ez daki Rojina Pathak. «Nire ahizpa zaharrenak Kavrepalanchowkeko ospitalean aurkitu du babesa. Eguerdirako berarekin bilduko naiz», dio emakumeak. Eta gero? «Batek jakin, hemen behintzat ez dago etorkizunik», nabarmendu du.

Ez bueltatzea hobe

Berak bezala, Katmanduko milioitik gora biztanlek alde egin zuten Nepalgo hiriburuari izena ematen dion bailaratik lehen lurrikararen ostean. Bueltatu direnek ezbehar berriarekin egin dute topo, eta, bueltatzear zirenek, berriz, asmook bertan behera utzi behar izan dituzte. «Izututa nago. Apirileko lurrikaren ondorengo hiru egunetan ez zen ez babesik, ez jakirik ez garraiobiderik inon. Ez dut antzerako egoera bati berriro aurre egiteko indarrik», azaldu du Trishna Girik. Nepalgo ekialdeko Biratnagar hiritik Katmandura eraman behar zuen hegazkina ez du azkenean hartuko. Bigarren lurrikararen bezperan erosi zuen txartela.

Beste askok bezala, Trishna Girik ere ez du inolako gogorik leku batetik bestera korrika ibiltzeko lurra mugitzen den aldi oro. Azken ezbeharraren biharamunean bertan hiru erreplika izan ziren. Etengabe ari da lurra mugitzen.

Politikoak eta pazientzia

Azken 80 urteetan Nepalek pairatu duen lurrikararik bortitzena izan zen apirilaren 25ekoa (7,8 gradu Richter eskalan). Inguruotan izan da odoltsuagorik azken hamarkadan, 2005ean Kaxmirren 84.000 hildako eragin zituena hain zuzen ere.

Nepalgo Parlamentuan lurrikararen inguruan ari ziren eztabaidatzen aurreko asteartean, maiatzaren 12an. Eguerdia zen eta Txinak finantzatutako Parlamentuaren egoitzatik arrapaladan irten ziren diputatuak, bigarren lurrikaratik ihesean. «Tamaina honetako natur ezbeharren aurrean pazientzia eta indarra baizik ez zaizkigu geratzen», nabarmendu zuen lehen ministroak, Sushil Koiralak.

Parlamentuak zutik iraun du. Ez ordea Katmandu hiriko makina bat eraikinek. Nepalgo telebistak eraikin historikoak balantzaka mugitzen erakusten zuten irudiak zabaldu zituen.

Landa eremuetan lur jausi ugari eragin ditu lurrikarak. Gorkha eskualdean, apirilaren 25eko lurrikarak gogor pairatu zuen zonaldean, hainbat bide eta errepide moztuta daude berriro ere asteartean izandako lur jausien eraginez.

Save The Children erakundeak jakitera eman duenez, Balaju Nayabazar Katmanduko auzoa guztiz suntsituta dago. «Berehala igarri genuen lurrikara eta jendetza korrika atera zen, nora ezean», azaldu du Sureshe Sharma lurrikara gertatu zenean azokan zen 63 urteko emakumeak. «Nahiko lan izan nuen bertatik irteteko», gaineratu du. «Aurrekoan ere etxetik justu-justu irten nintzen. Oraingoan inpresio bera izan dut. Ezin dut sinetsi. Zorigaitza berriro hasi da».

Agindutako laguntzaren zain

Katmanduko nazioarteko aireportua ere itxi egin behar izan zuten asteartean. Bertara iritsi beharko litzateke nazioarteak agindutako laguntza, tartean ura, jakiak eta osasun materiala. Hala ere, lehen lurrikaratik hiru astera, agindutakoaren %15 baino ez da iritsi. Horrez gain, nazioarteko erreskate talde gehienak etxera bueltan ziren jada bigarren astinaldia izatean, hondakinen artetik jendea bizirik ateratzea dagoeneko ezinezkoa zela-eta Nepalgo Gobernuak berak aginduta. Indiako, Txinako eta Ameriketako Estatu Batuetako talde berezi batzuek gutxienez bertan jarraitzen zuten. Hala, sei marine eta bi soldadu nepaldar zeramatzan helikoptero bat desagertu egin zen azken lurrikaran Charikot herritik gertu, Nepalgo ekialdean.

Jamie McGoldrick Nazio Batuen ordezkariak ohartarazi duenez, «jendea izututa dago. Oso egoera gogorra da, baita psikologikoki ere». Ez da gutxiagorako: lehenengo lurrikarak 600.000 etxe suntsitu zituen eta bigarrenak hondamendia areagotu du, herritarren esperantza apurrak suntsituz. Hamazazpi egun geroago nepaldarrak hasierako puntura itzuli dira. Eta kale gorrira, beldurrak jota. Jaioterrian errefuxiatu bailiran. Epe luzerako, gainera.

Hirugarren erasoa montzoi eta euriekin iritsiko da

Save The Children eta Plan International haurrez arduratzen diren gobernuz kanpoko erakundeek Nepalgo txikienek bizi duten egoera latzaren berri eman dute. Lehen lurrikararen ostean egoera gogorra bizi zuten jada, eta bigarrena ere pairatu behar izan dute. Hori gutxi ez eta montzoiaren iritsiera espero da datozen asteetarako. Hala, euriteak etxetik kanpo pairatu beharko dituzte, kanpin dendatan.

«Oso kezkatuta gaude bi lurrikarak pairatu dituzten umeen etorkizunarekin. Dena galdu dute eta beldurtuta eta estresatuta daude», azaldu du Save The Childrenek Nepalen duen zuzendariak, Delilah Borjak.

Ehunka mila biztanle etxerik gabe egongo dira montzoiak ekarritako euriteak hastean, hiru aste barru, eta «horrek krisi humanitario berria eragin dezake, gaixotasunak hartzeko arriskua handia izango delako».

Plan International erakundeak gogora ekarri duenez, azken egunetako euriek lur jausi handiak eragin dituzte eta montzoiak arrisku hori areagotu egingo du. «Kale gorrian, hotzak eta hezetasunak jota daude familiak, haur eta umeekin. Ez dute etxerik eta dutenek ez dute inolaz ere itzultzerik nahi», azaldu du Nepal Plan egitasmoko eledunak, Mattias Brynesonek.

Uneotan milaka kanpin denda banatzen ari dira ekintzaileak bai Katmandun bai herrietan. «Baina asko dago egiteko». Eta nazioartearen laguntza ez da inondik ere nahikoa. Benetako laguntza behar da, ez betiko malkoak.