Maider Eizmendi
Elkarrizketa
Esther Farnos
Zuzenbide irakaslea

«‘Ugalkortasunaren industriari’ primeran datorkio legedia lausoa izatea»

Lagundutako erreprodukzio tekniketan aditua, donazio bidez jaiotzen diren haurrek euren jatorria ezagutzeko eskubidea izatea oinarrizko jotzen du.

Urte gutxian aurrerapen handiak ezagutu dira lagundutako erreprodukzio tekniken alorrean eta haiekin etorri dira eztabaidak. Ponpeu Frabra unibertsitateko irakasle Esther Farnos Oñatin izan da eta bere iritzia argi azaldu du: «Zientifikoki gauza asko egin daitezke, baina egin daitekeen guztia egin behar da? Nire ustez, ez».

«Emailearen anonimatua eta ezagutzeko eskubidea: oreka zaila» hizketaldiarekin gerturatu zara, zer neurritan daude kokatuta bata eta bestea?

Nazioartean gero eta herrialde gehiago dira adoptatutako haurra eta donatutako gametoen bidez sortutakoa modu berean tratatzearen alde egin dutenak. Hala, heldutasunera iritsitakoan batzuei aukera ematen diete emaileen identitatea ezagutzeko, eta, adoptatutako haurrei, berriz, guraso biologikoak. Espainian dagoen legedia oso aurrerakoia da arlo batzuetan, baina anonimatuaren gaia oso zorrotz arautzen du, eta soilik oso kasu muturrekoetan baimentzen du jatorria ezagutzea. Osasunarentzako arriskua edota arrazoi penalak egon behar dira tartean donanteen identitatea jakinarazteko. Horregatik, Espainia erreprodukziorako helmuga nagusienetakoa bilakatu da; beste estatu batzuetako jendea hona etortzen da, ziurtatzeko ez dela inor etorriko etorkizunean beren seme-alaben aita edo ama biologikoa dela esanez.

Zu haurrak bere jatorria ezagutzeko duen eskubidea lehenestearen aldekoa zara.

Bai, guk zalantzan jarri nahi dugu egungo legedia eta aldaketa eskatzen dugu; izan ere, egun ez dago orekarik. Nire ustez, anonimatua altxatzeak, gainera, emaileen profila aldatuko du, donatzera joaten den pertsonak arrazoi altruistengatik egingo du, jakingo duelako une zehatz batean berekin harremanetan jar daitezkeela.

Emaileen kopurua murrizteko arriskua egon daiteke, akaso.

Herrialde batzuetan uste zen legedia aldatzen bazen, donazioak nabarmen jaitsiko zirela, eta horrek ardura handia eragiten du lagundutako erreprodukzioan aritzen diren profesionalen artean. Ikerketek erakutsi dute lehen unean donazioak jaitsi baziren ere, gerora aurreko mailan mantendu direla eta emaileen profila aldatu dela. Hala ere, uste dut donazio kopuruak behera egiteko arriskua ezin dela argudio gisa erabili, printzipio utilitarista hori ezin delako, nire iritziz, jatorria ezagutzeko eskubidearen gainetik jarri. Adopzioen kasuan haurrei eskubide hori aitortzen bazaie, zergatik ez donazio bidez jaio diren haurrei? Kasu horretan tratu desberdina ematen zaie eta ez dago horretarako arrazoi objektibo zentzuzkorik.

Zer neurritan da garrantzitsua jatorria ezagutzea haurrarentzat?

Nire ustez, identitatearen eraikuntzarako garrantzitsua da. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak identitatea pertsonen intimitatearekin lotu du, eta, beraz, pertsonaren identitatearen zati da nondik datorren jakitea. Agian, pertsona batek ez dio inolako garrantzirik emango, bere ustez, faktore biologiko bat baino ez delako, baina jakiteko eskubidea izan behar du. Nire ustez ez da moralki onargarria beste pertsona batzuek nik ezagutzen ez dudan informazioa izatea. Hausnarketa eragin behar duen zerbait da hori.

Informazio hori, izan ere, jasota eta gordeta dago.

Lagundutako Erreprodukzio Tekniken Legearen 5.5 artikuluan jasotzen da donanteen informazio orokorra gordeko dela eta soilik oso kasu zehatzetan emango dela informazio hori: jaiotako haurraren osasuna edota bizitza arriskuan dagoela uste denean, edota lege penalek ezarritako kasuetan, adibidez, erabakitzen bada donazioa egin zuen pertsonak bere material genetikoa ez zela ona jakinda egin zuela donazioa. Kasu horietan informazioa eska daiteke, jasota eta gordeta dutelako zentroek. Ikerketa antropologikoen arabera, beren jatorria dakiten haurrek ez dute inolako minik jasaten horregatik, maite dituzten familietan bizi direlako. Nazioartean hogei ordenamendu baino gehiagok arau hori aldatu eta sistema ireki baten alde egin dute. Horregatik, etorkizuneko lan ildoek gardentasun handiagoa baimenduko dutela uste dut. Filiazioa oso kontzeptu konplexua da.

Konplexutasun hori onartzea zail egiten zaigu?

Bai, eta gizarteak hori onartu behar du aldaketarako prest egoteko. Espainiako gizartean kosta egiten da, jendeak uste du-eta donazio bidez haurra izan dugula esateak ugalkortasun arazoak ditugula onartzea dela; zentzu horretan, oraindik auzia estigmatizatuta dago. Baina gizartea pixkanaka ari da aldatzen, eta adopzio arloan nabari da. Kosta egingo da, besteak beste, medikuei ulertarazi beharko zaielako ezagutzeko eskubidea babestu behar dela. Medikuek esaten dute egungo legedia nahikoa dela inori ez zaiolako inporta emailea zein den. Nire galdera honakoa da: «Inori inporta ez bazaio, zergatik ez dugu informazio hori ematen? Zergatik mantendu arau hau niretzeko adibidez nire jatorria jakitea garrantzitsua baldin bada?».

Negozio handia eratu da lagundutako erreprodukzio tekniken bueltan. Agian hori da arazoa?

Bai, autore batzuk “ugalkortasunaren industriaz” mintzo dira. Negozio bat dago eta erreprodukzio zentro askori oso ondo etortzen zaie legedia lausoa izatea. Estatu frantsesean askoz ere legedi estuagoa dute alor honetan. Bikoterik ez duten emakumeei, adibidez, ez zaie baimentzen lagunduriko ugalketa teknikak baliatzea. Italian orain gutxi arte ez zen baimentzen teknika hauek baliatzea donatutako gametoekin. Globalizatutako mundu batean bizi garenez, bikote italiar asko Espainiara etortzen ziren teknikok emaile anonimoekin erabiltzera. Gaur herrialdea ez da muga, jendeak bidaiatu egiten du.

Erregulazio bat ez izateak emaileen kontrola ere mugatzen duela diozu.

Bai, adibide bat jarriko dut: 1988an onartu zen erreprodukzio tekniken lehenengo legetik, bi arautegi onartu behar ziren donanteen eta zentroen aktibitatearen inguruan, baina onartu gabe daude oraindik. 2006an onartu zen ondorengo legeak berak ez zuen lortu aipatu araudiak onartzea. Sektorea derrigorrez bete behar ez dituzten jarraibideekin aritzen da. Esaterako, legeak ezartzen du donante batetik ezingo direla jaio sei haur baino gehiago. Arazoa da araudi orokor bat ez dagoenez, zentroek informazioa gurutzatu beharrik ez dutela, eta, beraz, pertsona batek zentro batean hamar donazio egin ditzakeela, beste hamar 50 kilometrora dagoen beste batean, beste hamar beste hiri batean... Hala jaio daitezke lasai asko hogei haur emaile bakar batetik. Erregulazio faltak horrelako egoera arriskutsuak ere sor ditzake.

Jakiteko eskubidea bermatzeko ez ezik, arrisku horiek ekiditeko ere beharrezkoa da beraz erregistro bateratu bat.

Bai, legeak jaso eta oraindik ere sortu gabe dagoen erregistroa behar-beharrezkoa da. Administrazio publikoek izan beharko lituzkete datu horiek, baina errealitatean erreprodukzio zentroak dira fitxa bat zabaltzen dutenak emailearen datuak jasotzeko.

Emaileak aipatu dituzu behin eta berriz. Zer-nolako profilak topatzen ditugu?

Semena ematen duen donantea mutil gaztea izan ohi da, 20 bat urtekoa, ikasten ari dena eta donazioarekin dirua bilatzen duena. Obuluen kasuan, prozedura konplexuagoa da eta oro har maila ekonomiko baxuko emakumeak dira, asko atzerritik etorritakoak donazioa egitera, horregatik 1.200 euro jasotzen dituzte-eta. Horrek, beraz, esplotazio kutsua ere izan dezake. Nire ustez donazioak ordainduko ez balira profila aldatu egingo litzateke, eta, emailearen datuak ezagutzera emango balira, beste hainbeste. Askoz ere profil altruistagoa izango litzateke.

Emakume emaileen gaia aipatu duzu. Feminista hainbatek ez dituzte begi onez ikusten aipatu teknika hauek.

Feminismoa anitza da eta iritzi asko izan dira erreprodukzio tekniken inguruan. Sektore batek uste du teknika hauek emakumeak zapaltzen dituela, emakumea ama gisa irudikatzen duen eraikuntza soziala indartzen duela uste duelako. Korronte horren ustez teknikok ez dute askatasuna ekartzen, errealitatean egiten dutena emakumea amaren rol tradizionalean berrestea delako. Gainera, uste da teknikok emakumea teknifikatu egiten dutela, oso teknika inbaditzaileak direlako. Era berean, emakumea nagusiki gizonak diren ikertzaileentzat ikerketa objektu bilakatzea salatzen da.

Beste feminista batzuentzat lagundutako erreprodukzio teknikak onak dira, aukera ematen dutelako noiz eta nola izan nahi duen emakume batek ama erabakitzeko, eta, ezin badu, horretarako aukera ematen dutelako. Emakume gisa askatu egiten dute, emakumeak erabakitzen duelako zer egin nahi duen bere bizitzarekin. Aldiz, lehen olatuko feministentzat hori pozoitutako diskurtsoa da, azken batean emakumeei “emakumea-ama” eraikuntza soziala eragiten dielako. Nik uste dut lagundutako erreprodukzio teknikak tresna bat gehiago direla, kontua da nola erabiltzen ditugun. Emakumeak informazioa badu, eta, informatutako baimen dokumentuak argi azaltzen bazaizkio, ez dut halako arazorik ikusten. Arazoa da kasu askotan ez dela behar adina informazio ematen. Horregatik uler ditzaket kritiko agertzen diren sektore batzuen arrazoiak. Adibidez, egin behar duzun tratamenduaren arrakasta tasa azaltzerakoan, lortutako haurdunaldiez hitz egiten dute zentroek, ez haurdunaldia garatu eta jaio diren haurrez, eta hori ez da informazio guztia ematea. Kontrol gehiago egongo balitz, ezingo lituzkete datuak nahi erara erabili.

Orain urte batzuk pentsaezinak ziren aurrerapenak egin dira eta pentsatzekoa da aurrera begira ere etorriko direla. Zer-nolako eztabaidak aurreikusten dituzue?

Sektore honetan errealitatea zuzenbidearen aurretik dago. Zuzenbideak arazo berriekin egiten du topo egunetik egunera. Zientifikoki gauza asko egin daitezke, baina beharrezkoa da etikoki egin daitezkeen zehaztea. Orain 30 urte jaio zen Espainian in vitro teknika erabilita lehen haurra. Orduan inork ez zuen mahaiaren gainean jartzen ordezkapenezko haurdunaldia. Orain, berriz, bikote espainolek eta bikoterik ez duten gizonezkoek ordezkapenezko haurdunaldiak onartzen dituzten herrietara bidaiatzen dute. Arlo honetan honakoa aipatu beharra dut: 90eko hamarkadarako haurrik izan ezin zuten bikoteek AEBetara bidaiatzen zuten jada, eta ekartzen zituzten haurrak arazorik gabe inskribatzen zituzten bikote heterosexualak zirelako. Bikote homosexualak gauza bera egiten hasi zirenean, aukera hori kritikatzen hasi ziren asko. Egun atzerrira bidaiatzen dutenek itzuleran erregistroan inskribatu ezin dituzten haurrak ekartzen dituzte, eta epaile eta erregistroko arduradunek nola edo hala erantzun behar dute. Erantzun horiek beharrezkoak dira, baina, aldiz, orain artean ziurgabetasun juridikoa ematen duten irtenbideak bilatu dira.

Zientziaren aurrerapen batzuei mugak jarri beharra aurreikusten duzu?

Ezarpenaren aurreko diagnostiko genetikoak etorkizuneko haurraren zenbait ezaugarri aukeratzeko modua ematen du. Espainian helburu terapeutikoekin baino ezin da baliatu, baina egunen batean norbaitek sexua aukeratzeko proposatzen badu? Gaur egun ez dago onartuta baina egin daiteke, eta herrialde batzuetan egiten da. Eta beste ezaugarri batzuk aukeratzeko erabili nahi bada? Kasu horietan arazo etiko oso garrantzitsuak sortzen dira eta etikoki mugak jartzea beharrezkoa da. Galderari erantzunez, egin daitekeen guztia egiten utzi behar da? Nire ustez, erantzuna argi dago: «ez».

Ez duzu uste teknika hauek guztiek filiazio biologikoaren garrantzia indartzen dutela berriz ere?

Lagundutako erreprodukzio teknikak familia eredu tradizionala betikotzeko etorri dira, hori egia da, baina, era berean, familia eredu berriei amatasunerako edo aitatasunerako sarbidea ere eman diete. Ikuspuntu horretatik aukera eman dute familiaz baino familiez mintza gaitezen. Zentzu horretan onuragarria da, baina egia da esentzialismo biologikoaren kutsua ere baduela.

Nire ustez lagundutako erreprodukzio teknikak bigarren aukera bat izan beharko lirateke, badirelako familiarik ez duten haurrak. Zientifikoki posible denez, atzera itzulerarik ez dago, are gutxiago behin Espainian sortukoaren pareko lobby bat sortuta dagoenean. Horregatik, esfortzua egin behar da egiten diren prozedura hauek guztiak osasun segurtasunarekin eta segurtasun juridikoarekin egin daitezen. Administrazioari dagokio hori ziurtatzea eta adopzioa bigarren mailan gera ez dadin lan egitea. Beti esan izan da adopzioa haur bati familia ematea dela; lagundutako erreprodukzio teknikek, aldiz, haur bat ematen diote familia bati.