‘Lau urtez? ’, erabaki eskubidea gazteen begiradapean

Demokrazia parte hartzailea eta erabaki eskubidearen gaineko hausnarketa eragiteko ‘Lau urtez? ’ ikus-entzunezko lana ekoiztu du Gazteak Together egitasmoak.

NAIZ|2017/12/05 11:10
Loading player...

Euskal Herri osoko sentsibilitate eta esparru ugaritako gazteek osatzen dute Gazteak Together egitasmoa. Demokrazia parte hartzailea eta erabaki eskubidea dute abiapuntu eta zutabe horien gaineko eztabaida piztu nahi dute gazteen artean.

Gazteen interesa piztu eta euren arreta bereganatzeko HauDa produkzioak lan taldearekin batera dokumentala ekoiztu dute. ‘Lau urtez?’ du goiburu lanak eta egungo hauteskunde sistemaren gainean hausnartzera gonbidatu nahi ditu ikusleak. Oraingoz, trailerra bakarrik ikusi daiteke.

Hilabeteetako ibilbidea

Joan den otsailean hasi zuen ibilbidea Gazteak Together egitasmoak. Helburu argia finkatu zuen, kultura parte hartzailea eta erabakitze eskubidearen inguruko eztabaida gazteen esparrura zabaltzea hain zuzen ere.

Erakunde eta gazteen artean dagoen distantzia «handia» dela deritzo egitasmoak eta hortaz, gazteei eragiten dieten erabaki asko gazteen iritzia ezagutu gabe hartzen direla uste du. Distantzia honekin apurtzeko eta demokrazia parte hartzaileen inguruko gogoeta plazaratzeko hasi zuten gazteen arteko elkarlana. 

Ordutik hainbat solasaldi egin dituzte Euskal Herriko zenbait hiriburutan. Donostian, adibidez, martxoaren hasieran Iparraldeko Garapen Kontseiluko Paxkal Indo eta Caroline Phillips izan ziren gonbidatuak. Bilbon, ostera, Araba Bizkaia eta Gipuzkoako zein Nafarroako Gazte Kontseiluetako Lehendakariak eta EHUko Ikasle Kontseiluko kide bat izan ziren gazte erakundeen inguruan hizketan.

HERRI INFORMAZIOA