Amalur ARTOLA
ERRENTERIA
Entrevue
AINARA GURRUTXAGA
DEJABU PANPIN LABORATEGIA. DONOSTIA ANTZERKI SARIA 2015

«Gure imajinarioak jendearekin konektatzea da sari handiena»

«Arrastoak» antzezlanak eman dio Dejabu Panpin Laborategiari bere hirugarren Donostia Antzerki Saria. Belaunaldien arteko herentzia ardatz hartuta egiaz, poesiaz eta hausnarketaz gainezka dagoen lan intimoa osatu dute konpainiako kideek. Ainara Gurrutxagak, Urko Redondok, Miren Alkalak eta Iñigo Aranbarrik gaur jasoko dute saria, 20.00etan, Victoria Eugenian.

Errenteriako Mikelazulo kultur elkartean egin dugu hitzordua. Ainara Gurrutxagak harro erakutsi digu argi goxoz, jazz musikaz eta kolore eta forma ezberdinetako aulkiz zipriztindutako espazioa. Erraza da bertan lasai eseri eta luze eta zabal mintzatzen egoteko txoko bat bilatzea.

Pentsatzen jarrita, Mikelazulok badu Dejabu Panpin Laborategiarekin antzekotasunik: biek maite dituzte artea eta kultura, biek sinesten dute kolektiboan, biek izan nahi dute sormen eta hausnarketarako espazio. Eta biek taularatzen dute prozesu horretatik eratortzen dena: Mikelazulon formatu txikiko Zist! antzerki zikloaren beste saio bat izango da igande honetan. Dejabuk, “Arrastoak” lana emango du gaur Victoria Eugenia antzokian eta, minutu batzuk lehenago, Gurrutxagak, Urko Redondok, Miren Alkalak eta Iñigo Aranbarrik Donostia Antzerki Saria jasoko dute.

Belaunaldien arteko herentziaz mintzatu zarete «Arrastoak» antzezlanean. Gai korapilatsua hautatu duzue...

Gure lanetan beti daude bi kapa: gaia eta lengoaia. Gaia nahiko garbi genuen: gure aitona-amonak hiltzen ari dira eta gure taldean bazegoen belaunaldiek elkarri kontatu ez dioten horretan miatzeko gogoa. Isilpean dauden istorio horiek hurrengo belaunaldietan pisua dutela uste dugu eta antzerkiaren bidez horrekin jolastu nahi genuen. Euskal Herriaren ikuspegi politiko bat ere badago horren atzean. Bigarrenik, lengoaia: gaiak antzerkiaren bitartez poetizatzen saiatzen gara eta, horretarako, antzezlan bakoitzari lengoaia bat egokitu behar diogu. Nolabait, hobekien dagokion trajea bilatu. Antzezlana unibertso horren guztiaren isla da.

Epaimahaiak era kolektiboan sortutako antzezlana izatea goraipatu du. Zer du onetik eta zer txarretik hala lan egiteak?

Egia da egun sormen mailan kolektiboan aritzea nahiko kamikazea dela, sistema kulturalak ez baitu hori batere kontuan hartzen: korrontearen aurka zoaz, denbora gehiago behar duzu gauzak egiteko, sakonago landu nahi duzu... Kolektiboan lan egitea ikas prozesu bat da eta guk horregatik sinesten dugu asko konpainia finkoetan; lantaldea ezagutzen zoaz eta dinamika oso potenteak sor litezke bertatik. Kolektiboan lan egiteko elkarrekiko konfiantza handia behar da, ondoan duzunarengan sinetsi, entzun, eman eta jaso. Hautu ideologikoa ere bada, sortzeko bestelako prozesu batean sinesten dugulako. Egia esan, gu oso engantxatuta gaude sortzeko era honetara. Gu horren bila gabiltza eta horregatik uste dugu gure konpainia ibilbide luzekoa izango dela.

Ikas prozesu profesionala, baina baita pertsonala ere, ezta?

Bai noski. Gure kasuan, ez dakit banatzerik dagoen. Guretzat laborategi bat da, gure bizi-bidaia honetan esperimentatzeko. Antzerkia egitea ez da istorio bat sortzea bakarrik; munduan egoteko era baten hautu bat ere bada, harremanetarako modu bat... Antzerkiak gauza asko eman dizkigu pertsonalki ere, iparraldeko kulturara ireki gaitu adibidez eta horrek gure bizitzetan inpaktu bat izan du. Bide artistikoa eta pertsonala oso lotuta daude.

Zuzendaria da aktore, aktorea zuzendari... Nola hartzen duzue distantzia taula gainean gertatzen denetik?

Hori da erronketako bat. Aktore-sortzaileak gara eta, orduan, zuzendaritza nozioak ere ikasiz goaz. Kolektiboan aritzearen ezberdintasun nagusia da denek dugula antzezlanaren ikuspegi orokor bat, baina egia da baita ere rolak banatu egiten ditugula eta batzuek pisu gehiago hartzen dutela zuzendaritzan, eszenografiaren eraikitzean edo argien diseinuan. Orekatze lan bat da gehiago.

Hirugarren Donostia Antzerki Saria jasoko duzue gaur.

Arraroa egiten zaigu, egia esan, friki samarra da saria hirutan jasotzea [barre-algara]. Sariak eskertzen ditugu, baina ez diegu dutena baino garrantzi gehiago ematen. Azken urteetan benetan txunditu gaituena jendearen erantzuna da. Horrek arrasto handia utzi du gugan. Gure buruetatik irtendako imajinario hori taulan jartzen dugu eta bat-batean badirudi beste jende ezezagun horrekin guztiarekin nolabait konektatzen dugula. Horrek harrotu egiten gaitu, horren naif lan egiten dugunez beldurra ere izaten dugulako, ulertuko ote den edo ez. “Arrastoak”-ekin hori gertatu zaigu. Aurrekoetan, “Errautsak” eta “Gure bide galduak”-en adibidez, inuzenteago jokatu genuen, baina, jendeak horren ondo hartu zituenez, “Arrastoak”-ekin nik neuk behintzat bestelako ardura bat sentitu dut. Zerbait funtsezko eta fundamentuzkoa esateko beharra, lan potente bat egitekoa, eta horrek nahi gabe estutu egiten zaitu.

Horregatik, sariek eta jendearen harrerak badute eragina; hasieran horren inkontziente eta inpultsiboki egin izan dugunaz kontzientzia hartzeko balio izan digu. Hirugarren saria dela pentsatzean, nolabait, loturak egiten hasi eta agian heltzen ari garela eta bidetxo bat egin dugula hausnartu dugu.

Bide hori txotxongiloekin abiatu zenuten. Zergatik txotxongiloak?

Hori ere ia-ia ezustean gertatu zen. Konpainia lagun talde batek osatu genuen ikastolan, Errenterian Kilometroak 99 ospatu eta zerbait egitea pentsatu genuenean. Antzerki zaleak eta arte plastikoen zaleak ginen pertsonak bildu ginenez, biak lotzeko zerbait bilatu behar genuen: txotxongiloak. Obraz obra bilakatu eta Euskal Herritik kanpo aire freskoa hartzeko beharra sumatu eta Londresera joan ginen, beka batekin. Horrek erraiak eztandarazi zizkigun. Aktore lanaren beste aukerak ireki zizkigun, eta itzuli ginenean, ikasi genuen guztiarekin zerbait berria egin nahi genuen. Hor hasi ginen konpainia gisa txotxongiloen mundua gureganatzen, hausten eta lengoaia berri bat bilatzen.

Txotxongiloak haurrentzat soilik ez direla erakutsi duzue.

Hasieratik oso garbi genuen sailkatze horren kontra ginela. Hemen, Mikelazulon, poesiarekin, gorputzarekin, arte plastikoarekin... egin dugu lan eta diziplina ezberdinak beti egon dira oso lotuta, ia nahasian. Betidanik sentitu dugu etiketen mundua oso injustua dela. Artea gozatzeko da, gauza berriak sortzeko, mugak hausteko.

Txotxongiloekin hasi eta berehala ikusi genuen guk adierazi nahi genuenak beste forma batzuk behar zituela, eta helduentzat ere oso lengoaia potentea zela. Horregatik heldu genien txotxongiloei, gaur egun fisikoki asko erabiltzen ez ditugun arren. Txotxongiloak irakasle izan ditugu, oholtzan egoteko oso modu berezia dutelako, Italian maskarek bezala. Keinuen garrantzia, mugimenduaren ekonomia... gure egungo antzezpenean islatzen diren gauza asko irakatsi dizkigu.

Ikusleak aipatu dituzu lehen, haiekin duzuen harremana. Ze puntura arte lantzen duzue?

Bitxia da. Historian atzera eginda, europar teatroan distantzia handia egon da publikoa eta sortzaile-aktoreen artean. Baita arkitektonikoki ere. Aktore bezala, antzezlana amaitzen duzu, etxera zoaz eta... zer? Horrekin amaitu nahi izan dugu Dejabun. Le Petit Théâtre de Pain eta Artedrama gisako taldeekin hausnarketa egin dugu, horrekin hausteko beharra badagoelako, eta gauza txikiak egiten ditugu: antzezlana amaitzean hitz batzuk esan, jendearekin egotera atera, sarreran gure e-mailak uzten ditugu eta ezagutzen ez dugun jende pila batek bere iritziak eta ideiak uzten dizkigu... “Gure bide galduak”-ek, adibidez, trantsizioa zuen mintzagai eta ikaragarria izan zen iritsi zitzaiguna, bizipen pertsonalak...

Bada harreman bitxi bat, bilatua, uste dugulako une honetan euskal antzerkiak hori behar duela: jendea bilatu. Errealitatetik deskonektatzeko zorian egon da antzerkia eta kontrakoa izan behar du: gure errealitate, amets, haserreak eztandarazteko gunea izan behar du.

Alde horretatik, Donostia Sariaren aurkezpenean esan zen 2014an euskarazko hamabost antzezlan eman zirela hirian.

Bai, hala da, eta a priori irudipena dut oso gutxi direla. Agian askoz gehiago izan daitezela desio dudalako da... [barrez]. Euskal antzerkiaren barnean asko egiten dela uste dut, beste kontu bat da oholtza handi batean ikus dezakezun edo ez. Antzerkian, gauzarik interesgarrienak ez dira beti oholtza handietan gertatzen; kultur etxeetan, elkarteetan, gaztetxeetan eta abarretan gertatzen dira.

Duela bi urtetik bada mugimendu bat. Konpainia txikiak ari dira sortzen, beren ideiekin, beren estetikaren bila... Horiek aintzat hartzeko unea da eta kultur kudeatzaile, administrari, politikari eta abarrei eskatuko nieke gertaera horren mailan egon daitezela. Babestu ditzatela sortzen ari diren mugimendu horiek guztiak, badakigulako zein hauskorra den kultura, antzerkia barne. Orain da, programatzetik aparte, mugimendu horiek babesteko momentua.