GARA
ALTZUZA

«Oteizak» operaren musika eskainiko dute igandean Altzuzan

Jorge Oteizaren (1908ko urriaren 21-2003ko apirilaren 9) jaiotzatik 109 urte beteko dira larunbatean. Hori ospatzeko, larunbat zein igandean, sarrera doan izango da Altzuzako Museoan, ohiko ordutegian.

Ospakizunen barruan 12.30ean ikustaldi gidatua egingo du Aitziber Urtasunek. Orioko artistaren obra eta pentsamendu estetikoaren gako nagusiak azalduko dira.

Igandean, 13.00etan, “Oteizak” operaren performancea aurkeztuko da. Ensemble E7.2k garatu du proiektua eta hastapenetan dagoenez proiektuaren aurrerapena izango da, Juan Jose Eslabak konposatutako operaren gainean egindako interbentzioa. Emanaldia datorren urtean opera osoaren estreinaldia hartuko duen Akter Cage jaialdiaren egitarauaren parte da.

Horrez gain, bisitariek artistaren eskultura lanaren bilakaeran zehar ibilbidea eskaintzen duen “Oteiza 1908-2008. Bilduma” erakusketa ikusteko aukera izango dute. Lantegi etxean sartu ahal izango dira eta ikusgai izango dituzte bai artistari bai artistaren obrari buruzko ikus-entzunezkoak, bai artistaren dimentsio biografiko eta sorkuntzazkoari lotutako unitate tematiko eta geografikoak.