Haritz LARRAÑAGA
ESTAU FRANTSESEKO ESPETXEETA

OKZITANIAKO TOLOSAK EUSKAL HERRIKO BAKEAREN KARABANARI HARRERA EGIN DIO

JOAN DEN OSTEGUNEAN ABIATU ZUTEN «ESPETXEETAKO BIRA» AURRERA DOA. EUSKAL HERRITIK URRUNTZEN DEN HEINEAN PARISETIK GERO ETA GERTUAGO DAGO BAGOAZ, SARE ETA ETXERATEKO KIDEEK OSATUTAKO ORDEZKARITZA, ETA ORDUOTAN MARSEILLARAKO BIDEAN DIRA. AZKENENGO BI EGUNETAN OKZITANIAKO TOLOSA HIRIAN IZAN DIRA.

«Tolosak Euskal Herriko bakearen karabanari harrera egiten dio»; horrela zioten atzo Tolosako Capitole plaza nagusian banatu zituzten esku orriek. Modu horretan, arratsaldeko seietan Okzitaniako hiriburuan elkarretaratzean bildu ziren eragileek Euskal Herriko bake prozesuaren eta preso politikoen egoeraren berri eman ahal izan zuten.

Arratsaldeko zazpi eta erdietan zuten hurrengo hitzordua, CGT sindikatuaren egoitzan. Bertan, ostiral arratsaldean Tolosako Zientzia Politikoen Fakultatean egin zuten bezala, 90 entzuleren aurrean hitzaldia eskaini zuten Emilie Martin eta Unai Arkauz Bagoazeko kideek, Jean Francais Mignard Giza Eskubideen Ligako (LDH) kideak lagunduta.

Aieteko Konferentziaren ostean ireki zen agerlekua, ETAren su eten iraunkorra, blokeoa, bake artisauen sorrera, apirilaren 8ko armagabetze ekimena eta egungo testuingurua izan zituzten hizpide Bagoazeko bi hizlariek. Ez zen atzo eskaini zuten hitzaldi bakarra izan, goizean, Genepi ikasle taldeak gonbidatuta, Radio Sud irratian hitz egiteko aukera izan baitzuten.

Irratian gainera, Kattin Aranburuk, 28 urte espetxean daraman Frederik Haranburu Xistor preso senpertarraren senideak, eta Mila Iradik, larriki gaixo dagoen Ibon Fernandez Iradi preso lasartearraren amak, testigantza pertsonala eman ahal izan zuten. Ostegunean ordezkaritza honek bisitatu zuen Lannemezan presondegian daude gaur egun aipatu bi presoak. Haranburuk 28 urte daramatza espetxean eta Iradi DPS estatusa kendu dieten zazpi presoetako bat da.

Harremanen garrantzia

Estatu frantses osoan hedatua den Genepie elkarteko kidea da Marie-Mouline eta espetxeetako errealitatea gizartean ezagutarazteko sentsibilizazio kanpainak antolatzen lan egiten badu ere, beretzat euskal presoen afera «berria» dela aitortu zuen; «informazio gutxi ukan dut orain artean komunikabideetan», argudiatu zuen.

Zentzu horretan, Unai eta Ion Kepa Parot euskal presoen arrebak hitzaldi eta bilkura hauen garrantzia azpimarratu zuen. «Jendeak ez dauka informaziorik eta daukan gutxi hori txarra da, badakizu... ‘euskaldun deabru horiek...’; beraz, zuzenean gurekin hitz egiten dutenean irudi hori aldatu egiten da», egin zuen hausnarketa Ursoa Parotek.

Hain zuzen ere, atzo goizean Ion Kepa Parot preso dagoen Tolosa ondoko Muret herriko presondegian izan zen euskal ordezkaritza eta espetxeko zuzendariari gutun bat helarazi zioten egitasmoaren berri emateko.

Orain artean euskal ordezkaritza izan den hirugarren espetxea da (ostegunean Mont De Marsan eta Lannemezango kartzeletan izan ziren), eta beste 17 presondegitan izango dira abenduaren 9a aitzin.

Mila Iradi senideak, bere aldetik, Parisen izango den ekimena «ilusioz itxaroten» duela eta Okzitanian izan den hiru egunetan «babestua» sentitu dela adierazi zuen. Bere iritziz, «diputatu bat espetxe batera sartzeak badu eragina».

Presondegietako itzulia hasi zenetik, eragile anitzen babesa jaso du Sare, Bagoaz eta Etxerateko ordezkaritzak, batzuk frantziar Estatu mailakoak, adibidez, CGT sindikatua eta LDH Giza Eskubideen Liga. Azken erakunde honek Okzitanian duen ordezkari nagusia da Jean Francais Mignard eta joan den ekainetik jada lanean hasiak zirela eman zuen aditzera. «Michel Tubianak eman zigun itzuliaren berri, eta horrela, eskualdeka, martxa pasatzekoa den lekuetan antolatzen hasi ginen, norekin bil gintezkeen, lanerako zenbat jende ginen, eta abar», eman zuen jakitera Okzitaniako eragile anitzekin biltzen aritu den ekintzaileak.

Eragileak, politikariak, sindikatuak eta oro har jendea batzeko elementu bat aipatu nahian ondorengoa azpimarratu zuen Mignard jaunak: «Dudarik gabe, bakea eraikitzeak elkartzen gaitu, horrekin denok ados gaude, hori da elementu bateratzailea; beraz, hortik abiatzen gara, horrela errazagoa da komunikatu bateratu bat egitea». Eta honakoa gaineratu zuen: «Kartzeletako gaiari eustea logika horretan sartzen da; hau da, presoen aferari konponbidea bilatzea ere bakea eraikitzeko bidean urrats bat da».

 

3. ETAPA: MARSEILLA

Azaroaren 20a

12.00etan: Agerraldia Arlesko espetxe atarian. 19.00etan: Bilkura publikoa Elkarteen Etxean.

Azaroaren 21a

10.00etan: Hitzordua, PACA (Provence-Alpes-Cote d’Azur) eskualdeko Kartzela Administrazioko zuzendariarekin.
17.00etan: Hitzordua Marseillako hainbat hautetsirekin.