Ion Telleria

Gure Esku Dago, 123 kilometroko irribarrea

Urak nahasi joango dira hurrengo hilabeteetan alderdien lehiatik kanpo oinarrizko borondateen jostun lanetan aritu nahi duen mugimenduarentzat, baina aldarri duena burura eramateko ate guztiak parez pare irekiko dira.

Igandea, 2014ko ekainaren 8a: Labrit izeneko haur bat Iruñean, eta Durangon, Iñaki, 83 urteko gerrako umea; bien artean, ia zortzi hamarkada eta 150.000 herritar elkarri eskutik helduta, 123 kilometroko irribarrea sortuz.

Denborak eta, batez ere, herri zahar honen borondateak baieztatuko dute giza kate erraldoi hark mugarri berri bat ezarri zuen jende zoriontsua izango duen herri libre baterako bidean. Ez da zalantzarik, ordea, Euskal Herriaren historia garaikidean esperantza gehien sortu duen ekimenetako bat dela.

«Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, herritarron garaia da» esanda ekin zion ekimen berri eta berritzaile hark bideari, gurean bizi dugun gatazkaren muin-muineko arazoari helduta, gatazkarako, gerrarako, ika-mikarako, ezinikusirako bide eman duen gai bati, GAIARI, heldu eta berrogehita hamar artistak elkarlanean osatutako soinu banda batekin ezina ekimen bihurtu dute, ia-ia «gure esku dago» esate hutsarekin.

Giza katea osatzeko urtebeteko epearekin, 50.000 laguneko erronka jarri zuten, eta askok burutik zeudela pentsatu zuen. Genetan zuen ekimenak zoro haize hori, ordea, ernamuinetako bat gazta bete maletarekin Eskoziara aliatu bila joandako goierritar kuadrila bat izanda, gazta zati batekin New Yorkera Nazio Batuen Erakundera leku eske joan zen talde bat izanik.

Haizea alde eta kontra

Aldeko faktore asko zituen ekimenak, baita kontrakoak ere. Aurka, ez zegoela (ez dagoela?) euskal alderdien eta eragileen arteko elkarlanerako eta topagunerako eremu garrantzitsurik, ezta hori bideratzeko lidergo argirik ere (talenturik, diote batzuk). Alde? Ezinezko zirudiena egin daitekeela erakutsi duen Eskozia, Edinburgo Europako demokraziaren hiriburu bilakatuz; Katalunia, herri ekimena burujabetza prozesuaren buru eta hauspo izan daitekeela erakutsiz, eta euskal herritarrak eta gurean bizi den aro berria, utopiak errealetik uste baino gehiago duela erakusteko prest inoren zain egon gabe.

Gure Esku Dagok, ezer lortu badu, haize horiek gure belaontziaren hauspo bihurtuko dituen oihala zabaltzea izan da.

Hedabideetan nabarmen agertzerako herriz herri ikus zitezkeen batzarrak, jende bete areto elkarri eskutik helduta kantuan amaituz, dinamikaren soinu banda izan denaren polifonia propioak; giza kateak Urbian, Gorbeian, Buenos Airesen, Iruñeko Sarasate pasealekuan eta Donostiako Kontxan; aurkezpen jendetsuak Gasteizen, Getxon eta Errenterian, eta jendea irribarrez, zoriontsu, hatzak zabalik «Gure esku dago!» esanez.

Giza katerako hilabete eta erdi eskas falta zelarik, eszena berean jarri zituen herri ekimenak, Bilbon, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakaria (1999-2009), PSEko Gemma Zabaleta eta Floren Aoiz independentista. Erabakia demokrazia ariketa hutsa dela zioten, erabakitzeko eskubidea garai berri honetarako elkargunea dela, eta ez dagoela herritarrei hitza ematea beste aukerarik. Hiru familia politikoren lehen mailako ordezkariak aspaldi ez bezala elkarrekin bat.

Maiatzean, egunez egun saretuak, milako kolpetan areagotu ziren, ekainaren 8ko 150.000ra iritsi arte.

Adostu eta erabaki

Giza katearen mozkorraldia pasa gabe, Eskoziako galdeketa igaro berritan, eta 2.300.000 kataluniarrek bozkatu bezperan, inoiz aterkiak eskuan egin den mosaiko handiena osatu zuen azaroan Gure Esku Dagok. Alde batera, kolore zuri-urdinak, erabakia posible da; bestera, kataluniarren gorria eta horia, herritarron garaia da; eta gerora, dena zurian, bide propioa marraztea dagokigu.

Gure Esku Dago ez da mintzo zazpi lurraldeko erabaki eremuaz, hiru lurraldekoaz edo bakarrekoaz, 3.000.000 herritarrek adostu beharreko bideaz, baizik. Ez du galderak noiz izan beharko lukeen esan, izan behar duela baizik. Ez du esan zein den galdera, bai galdera (galderak?) adostu behar dela (direla), ordea. Eta, agian, aurrez gutxi batzuen artean dena ez zehazteak eragin du ia ezerezetik guztia lor dezakeela dirudien herri mugimendu bat sortzea.

Hurrengo biurtekoan, 2015-2016, sakoneko aldaketak egongo dira euskal lurraldeen antolaketa instituzionalean: Ipar Euskal Herrian aitorpen instituzionalaren eztabaida behin betiko (?) fasean sartuko da, Nafarroan erregimenaren amaiera ekar dezaketen hauteskundeak, urte eta gutxira Gasteizko Legebiltzarrekoak izango dira, eta tartean, itxuraz, Espainiako Konstituzioaren erreforma.

Meloi guztiak batera irekiko direla dirudi, beraz, edo antzeko garaian, gutxienez. Nafarroa Garaian hauteskundeek zehaztuko dute joko zelaia; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, autogobernuaren inguruko ponentzian ari dira zehazten erabakitzeko eskubidearen ingurukoak eremu instituzionalean, oraingoz. Esanguratsua da berriki Lakuak argitaratutako soziometroaren arabera, %70ek ezer ere ez duela entzun ponentzia hortaz. Adierazgarria, berriz, inkesta horren beraren arabera EAEko herritarren %74 galdeketaren alde legokeela, horietako %51k, gainera, edozein kasutan, Espainiako Gobernuak onartu ala ez, galdetzearen alde egingo lukeela. Gure Esku Dago-ren inguruan ere galdetu zuten, eta ezagutzen zutenen artean, (%53) ia denek, %79ak, dinamikari buruz iritzi ona edo oso ona zutela erantzun zuten.

Urak nahasi joango dira hurrengo hilabeteetan alderdien lehiatik kanpo oinarrizko borondateen jostun lanetan aritu nahi duen mugimenduarentzat; baina aldarri duena burura eramateko ate guztiak parez pare irekiko dira. Hiru ardatz marraztu ditu dinamikak, ezinbestean batak bestearen atzetik etorri beharrik ez duten hiru fase. Lehena, edukiontzi izendatu dutena, erabakitzeko ahal horren suaren dantzan jartzea ikuspegi, jatorri eta izaera anitzeko herritarrak. Bigarrena, edukia bera adostea; galdera edo galderak, denborak, erabaki eremuak... adostea. Erabakia bera gauzatzea, azkenik.

Giza katea dinamikaren abiapuntua besterik ez zela esan zuen Gure Esku Dagok; orain, askorik itxaron gabe, 2014ko ekainaren 8ko irribarre erraldoi hura kolpe bakarreko lore edo garai berri baten loratze izan zen ikusiko dugu. Herritarren erabakiak erabakiko du hori.