Ion Salgado

Arkaitz Bellon, espetxe politika krudelaren biktima

Otsailean, Arkaitz Bellon zerraldo agertu zen Puertoko kartzelako ziega batean, hamahiru urtez preso egon ondoren. Haren senide eta lagunek Madrilgo eta Parisko gobernuek ezarritako salbuespenezko neurrien biktima izan zela salatu zuten. Halaber, euskal presoen sakabanaketa amaitzeko aldarria ozen entzun zen euskal jendartean.

Arratsaldeko 19.23an egiaztatu ziren egunean zehar zabaldutako zurrumurruak. Otsailaren 5ean, askatasuna berreskuratzeko hiru hilabete besterik geratzen ez zitzaizkionean, Arkaitz Bellon Puertoko ziega batean hilda agertu zela baieztatu zuen Etxerat elkarteak. Madrilgo eta Parisko gobernuek ezarritako salbuespenezko neurrien biktima bilakatu zen gaztea. Guardia Zibilak 2003ko uztailean atxilotu zuen, kale erasoetan parte hartzea egotzita.

Senideek eta lagunek honela azaldu zuten Belloni gertatutakoa, abenduaren 8an argitaratutako balantzean: «Espetxe politika gupidagabe baten adierazlea da. Bakearen gainetik mendekua, krudelkeria eta sufrimendua iraunarazi nahi dutenek soilik defendatu ahal izango dutena. Ankerkeria eta sufrimendua konponbidearen gainetik, azken batez». Izan ere, hamar urtetan, euskal presoa Valdemoro, Ocaña, Herrera de la Mancha, Algeciras, Sevilla eta Puerto de Santa Maria espetxeetatik igaro zen.

«Zenbat eta denbora gehiago espetxean, orduan eta urrunago», deitoratu zuen Etxeratek, Bellonek hogeita hamabost hilabete lehenagotik aske izan behar zuela azpimarratu ondoren. Espainiako Kode Penalak hala aurreikusten du, baina, tamalez, ez da bete: «Baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera debekatua dago euskal preso politiko guztientzat. Onartzen ez zaien neurri bat delako».

Halaber, Bellonek tratu txarrak pairatu zituela ohartarazi zuen Etxeratek. Adibidez, 2013ko martxoan Elorrioko presoa Sevillako espetxean jipoitu egin zutela salatu zuen Herrirak. Euskal presoen eskubideak defendatzen zituen mugimenduak jakinarazi zuenez, funtzionarioek ziegan egindako erregistro batean jipoitu zuten. «Bere heriotza ‘heriotza natural’ gisa definitua izan zen eta, agian, naturala da, bai. Ez dago ezer naturalagorik pertsona fisikoki eta psikologikoki suntsitzea helburu duen espetxe politika baten menpe zaudenean hiltzea baino», deitoratu zuen elkarteak urteko balantzean.

Haren senideek ere pairatu zituzten aipatutako espetxe politikaren ondorioak. 2007an, istripu bat izan zuten Herrera de la Manchako espetxera zihoazenean. 2010ean berriz, Cadizen senide eta lagunen autobusari eraso zioten. Erasotzaile eskuindarrek inpunitate osoz jardun zutela eta Arkaitzen ama zihoan autobusaren aurka harriak jaurti zituztela gogorarazten du Etxeratek. Dena den, Bellonen senideek otsailean egin zuten bidaiarik krudelena, Puertoko espetxerainokoa, elorriarraren gorpuari egindako autopsiak ikustera.

Egin zizkioten bi autopsien arabera –lehenengoa konfiantzazko medikurik gabe egin zuten–, presoaren heriotza bat-batekoa izan zen eta arrazoi naturalek eragin zuten. Nahiz eta «norbaitek eragindako heriotza izatearen susmorik» ez egon, Etxeraten iritziz, «argi dago Bellonek hamahiru urtez bete duen zigorrak harreman zuzena duela heriotzarekin, torturak, jipoiek, leku aldaketek eta etengabeko tentsioak zuzenean eragiten dutelako osasunean». «Ez dira arrisku faktore bat bakarrik, erabakigarriak baizik», gaineratu zuen otsailean bidalitako ohar batean.

Gizartearen erantzuna

Elorrioko biztanleek bat egin zuten senideen elkarteak egindako salaketarekin. Otsailaren 7an, ehunka lagun bildu ziren Bellonen sorterrian, Espainiako eta Frantziako gobernuek indarrean duten espetxe politika bertan behera gera dadin eskatzeko. Ildo honetan, Elorrion egindako prentsaurreko batean, presoen lagunek eta senideek gaztea «espetxe politika krudelak hil» zuela azpimarratu zuten. «Azken unean, ia konturatu gabe hil dela onar genezake agian, baina ez bat-bateko heriotza izan denik, 13 urte luze hauetan erail baitute, krudelkeria neurtu eta sistematizatu baten bitartez. Arkaitzen espetxealdia ezagututa, nola onartu bere heriotza naturala dela?», galdetu zuten.

«Ezagutu dugu bere ezinegona, espetxe aldaketa bakoitzean, hainbat egunean non zeukaten ere ez jakiteagatik. Ezin dugu imajinatu nola bizi izan duen berak gurasoak bera bisitatzera joan eta errepidean istripu larri bat izan zutela jakitea. Ezin dugu irudikatu sentitu duen amorrua, mina eta ezina kartzeleroek, jipoitu ondoren, eskuburdinekin, biluzik, egun oso bat oheari lotuta utzi zutenean», deitoratu zuten Elorrion bildutakoek.

Euskal Herriko eragile politiko, sozial eta sindikalen ordezkaritza zabal batek elkartasun osoa adierazi zieten Bellonen senide eta lagun guztiei. Egiari Zor, Goldatu, Bai Euskal Herriari, EA, Alternatiba, Sortu, EHNE-Bizkaia, CNT, ESAIT, LAB edota Komite Internazionalistek, besteak beste, adierazi zutenez, egungo politika indarrean dagoen bitartean «Arkaitzi gertatutakoa, edonori edonoiz gerta dakioke». «Aski da. Sakabanaketa eta espetxe politika hau bukatzeko garaia da», nabarmendu zuten.

ELA-k ez zuen otsailean egindako agerraldian parte hartu, baina komunikatu baten bidez Arkaitz Bellonen heriotza salatu, eta deitutako mobilizazioetan parte hartuko zuela iragarri zuen. Txiki Muñoz buru duen sindikatuak adierazi zuenez, gazte elorriotarraren heriotzak «Estatu espainolaren kartzela politikak, bereziki, eta, orokorrean, errepresio politikak dituen elementu anker guztiak» biltzen zituen. Haren ustez, presoak pairatzen zituen salbuespenezko neurriak kontuan izanda, «heriotza naturala aipatzea sarkasmo onartezina da eta iritzi publikoaren manipulazio politikoa».

Gasteizko legebiltzarrean, Joseba Egibarrek (EAJ) indarrean dagoen espetxe politika aldatzeko eskatu zion Espainiako Gobernuari. «Momentu honetan, espetxe politika aldatu, urrunketa amaitu eta espetxeetan presoek onurak lortzea da egin beharrekoa», esan zuen bozeramaile jeltzaleak eta «mendekuan oinarritzen ez den espetxe politika berria bultzatu» behar zela aitortu zuen. Era berean, Julen Arzuagak (EH Bildu) PPri leporatu zion Puertoko espetxean gertatutakoa. «PP-ko jaun-andreak, zuena da espetxe politika kriminal honekin jarraitzeko erabakia, zuena da Arkaitz Bellonen heriotzaren erantzukizuna», esan zuen.

Arzuagaren eskaerak ez du erantzunik jaso. Espainiako eta Frantziako agintariek salbuespenezko neurriei eusten diete, eta 465 preso 76 espetxetan sakabanatuta daude gaur egun. Horien artean, gaixotasun larriak pairatzen dituzten bederatzi preso daude.