Aitor Agirrezabal

Eskozia

Eskoziak bere bizitzako urtea zuela aurretik idatzi genuen, duela 365 egun. Gizarteak, etorkizunaren eraikuntza bere esku izanik, bere herria aldatzeko hautua egin du. Eskoziarrek ezetz esan diote independentziari, baina asko dira urte gutxian Eskozia independente bat ikusiko dutela ziurtzat jotzen duten ahotsak.

Hedabide nagusiak ikusita, badirudi Eskoziako afera irailaren 19ko goizarekin batera hil zela. Erreferendumaren egunean, eskoziarrek ezetz esan zioten estatu independente izateari eta unionismoak debate baten amaiera bezala saldu zuen. Baina inoiz baino biziago dago debatea.

Lehia politikoa urteak aurrera egin ahala berotu zen, Eskozian noiz edo noiz beroaz hitz egin badaiteke. Urteko lehen hilabeteak giro lasaian bizi izan zituen nazio kaledoniarrak. Kalean ez zegoen tamaina horretako erabaki politiko bat hartzeko bezperan zeuden seinalerik. Independentismoa 2013ko amaieran aurkeztutako Liburu Zuriaren puntuak jorratzen saiatu zen; unionismoak, berriz, beldur proiektua zeukan martxan. Azken hauek argi zuten egin beharrekoa, eztabaida puntu zehatz batzuetan ataskatu eta independentziak sortzen duen saltoaren inguruan dudak eragitea.

Era honetan, moneta, petrolioa edo Europar Batasuna ziren egunak joan, egunak etorri mahai gainean zeuden gaiak. Europar Batasuna bai. Eskozia independente bihurtzekotan Europako klubetik at geratzearen mehatxua bor-bor zebilen, Londresek Europar Batasunetik alde egiteko erreferenduma iragartzen zuen une berean. Kontraesanari ez diote oraindik azalpenik eman. Eta orainera begiratu beharra dago, auzi honek hartu du-eta lehen lerroko garrantzia Eskoziaren kasuan. Independentismoaren ahotsek ziurtzat jotzen dute Eskoziak berriz ere independentziari buruzko erreferendum bat biziko duela, eta Erresuma Batuak Europar Batasuna uztekotan, eskoziarrek euren etorkizuna erabakitzeko beste aukera hori 2020. urtea baino lehen izango dela uste dute.

Aniztasun politikoa

Gai hauek alde batera utzi gabe, debateak fronte ugari ireki zituen udaberriarekin batera, hein handi batean, osoki ez esatearren, independentziaren aldeko mugimenduan. Yes Scotland-en inguruan talde satelite ugari sortu ziren. Gazteak, emakumeak, enpresariak, arrantzaleak, nekazariak, kulturgileak. Honek guztiak, ordura arte SNPk (Eskoziako Alderdi Nazionala) zentralizatuta zeukan kanpainari heterogeneotasuna eman zion. Era berean, RIC (Independentzia Erradikalaren Kanpaina) hazi egin zen, arlo askotako jendea erakarriz. Hazkunde prozesuan dago eta hurrengo hauteskundeetara Left Project (Ezkerreko Proiektua) izenarekin aurkeztekotan dira. Podemos fenomenoarekin liluratuta dabiltza azkenaldian eta bide horretatik jarraitzeko itxuraz ari dira lanean.

Emaitzari begira egiten ari zen lanetik haratago, prozesua bera izan da Eskoziaren garaipenik garrantzitsuena. Orain arte, Alba herrian politika elite gutxi batzuen esku egon da. Erreferendum prozesuak aurpegi eta ahots berri ugari erakarri ditu politikara, eta gizarteak ikusi du politika guztion esku dagoela eta sinesten duen proiektuetan parte hartzeko aukera duela.

Dena den, gutxika-gutxinaka inkestetan puntuak irabazten ari bazen ere, independentziaren aldeko boza, oraindik ere, urruti zegoen unionismoaren aldekotik. Mezua ez zen behar bezala iristen gizartera. Sare sozialak erabakigarriak izan ziren mezu hau helarazteko, baina ohiko hedabideetan debatea isilarazita zegoen. Eskoziako komunikabide nagusiak Erresuma Batuaren barnean jarraitzearen alde agertu ziren eta honek eztabaida murriztu zuen.

Honen isla izan ziren abuztuan Alex Salmond lehen ministro ohiak eta Alistair Darling kanpaina unionistako buruak telebistan egin zituzten debateak. Ordura arte isilpean izandako gaiak plazaratu ziren eta bi asteren bueltan independentismoa prozesu guztiko maila altuenetan kokatu zen. Inkestaren batek aurretik jarri zituen eta guzti. Blokeo informatibo honi aurre egin asmoz, azaroan, “The National” egunkaria jaio zen. Hilabete bakarrean, nazioko 5. egunkaririk irakurriena bilakatu da.

Azken orduko eskaintza

Independentismoaren gorakadak kanpaina osoko lehen buruhausteak sortu zizkion unionismoari, eta erantzuna berehalakoa izan zen. Inkesta argitaratu eta hurrengo orduetan, Gordon Brown eszenan agertu zen. Eskoziarrei, Erresuma Batuan jarraitzearen alde bozkatzekotan, “deboluzio maximoa” iragarri zien. Hasiera-hasieratik, unionismoak bere burua garaile argitzat ikusi zuen, baina azken unean dudak sortu ziren, independentziaren aldekoen benetako aukerak baloratuta.

Egoera horretan iritsi zen Eskozia irailaren 18ra, egun seinalatura. Mundu erdiko begiak bertara begira zeuden eta eskoziarrek erantzun egin zuten. Ezetzak irabazi zuen, bozen %55 lortuta, baina populazioaren %84k eman zuen botoa (hauteskunde orokorretan %50 ingurukoa izaten da). 1.617.989 pertsonak, %45ek, egin zuen independentziaren alde, independentziaren bidez etorkizun desberdin bat eraikitzearen alde. Kalea, dudarik gabe, subiranotasunaren aldekoa izan zen; Glasgown eta Edinburgon indar erakustaldiak egin zituzten hainbat mobilizazio masibotan. Hala ere, hautetsontzietan unionismoa gailendu zen. Brownen eta Londresen azken uneko mugimendu hark jende asko berriz ere ezezkoaren aldera erakarri zuen.

Eta orain zer? Orain, pilota Londresen teilatuan dago. Irailaren 19an bertan, azken emaitza jakin eta ordu gutxira, Erresuma Batuko lehen ministroak, David Cameronek, botere deboluzio baterako batzorde bat sortuko zuela iragarri zuen. Smith Commission deitu diote eta Edinburgoko Parlamentuari zein botere itzuli eztabaidatzea izan du helburu. Iragan azaroaren 27an bere analisia eta proposamena luzatu zituen, eta orain, Westminsterri dagokio erabakia hartzea. Zergen inguruko kudeaketa da aldaketarik nabarmenena. Ildo honetan, nahiz eta botere berriak ongietorriak izango direla azaldu duten, sektore independentistek argi utzi dute ogi-apurren modukoa dela eskaintza hau. Deboluzio honen esperantzaz ezetz bozkatu zuten asko engainatuta sentitu dira, eta horrek independentismoaren beste hazkunde bat suposatu du. Azken inkestek %52an kokatzen dute gaur egun independentziaren aldeko mugimendua.

Azken hau eta Europar Batasunaren inguruko afera izango dira Eskoziaren etorkizuna markatuko dutenak eta independentzia muga duen bide hau pausoka aurrera eramango dutenak. Eskoziak ezetz esan zion independentziari, baina komatxo arteko ez bat izan zen. Hautua egina dago eta bide batetik edo bestetik eraginda, Eskoziak estatu independente bihurtzeko bidea hartu du 2014. urtean.