Beñat Zaldua

Espainiar legea Katalunian desagertu zenekoa

Katalanek ez dute erraz ahaztuko aurtengo Azaroren 9a. 2.344.828 lagunek 2012an hasitako prozesu subiranistaren lehen fasea itxi zuten egun hartan, independentziarantz pauso erraldoia emanez. Orain hurrengo pausoa zein den adostu beharko dute

Bi modu zeuden Katalunian azaroaren 9rako prest zegoen parte-hartze prozesu edo kontsulta alternatiboa aurkezteko. Azal liteke, batetik, Auzitegi Konstituzionalak bi aldiz debekatutako mobilizazioa zela, Fiskalak hauteslekuen arduradunak identifikatzeko eskatua ziola aurreko egunean Mossos d’Esquadra poliziari, eta alderdien arteko batasunak kolpe nabarmenak jaso zituela aurreko asteetan. Bestetik, azal liteke ere Estatuak nahita eta alderdi katalanek nahi gabe jarritako oztopoen gainetik, 40.000 boluntariok baino gehiagok izena eman zutela kontsulta ahalbidetzeko, udaletxe guztiek –lau izan ezik– eraikinak eskaini zituztela hautesleku gisa eta bozketa goizeko bederatzietan hastekoa bazen ere, hitzordua goizeko zazpietan jarrita zutela askok.

Horrela, giro urduri baina itxaropentsuan iritsi zen azkenean azaroaren 9a, urte hasieratik Kataluniako egutegian gorriz azpimarratutako data. Eta argi gelditu zen lehenengo ordutik bigarren azalpena izanen zela nagusi: Espainiar legediaren debekuen gainetik, 2.344.828 katalanek independentziari buruz bozkatu zuten. 1.897.274 lagunek independentziaren alde egin zuten, 234.848k independentziarik gabeko estatu propioaren alde eta 105.245ek estatu katalanaren kontra.

Goiz da oraindik azaroaren 9aren ondorioetan sakontzeko, baina etorkizuneko historialariek prozesu katalana aztertzean kontsulta alternatiboa inflexio puntutzat hartuko dute, ezer ez baita berdin izanen Katalunian 2014. urteaz geroztik. Izan ere, urtea ere ez zen edozein, Borboien aurka bere askatasunen galeraren 300. urteurrena baitzen aurtengoa.

Esan beharra dago, baina, 2014. urtea ez zela Katalunian urtarrilaren 1ean hasi, aurreko abenduaren 12an baizik. Egun hartan, iragarpen guztien kontra, Artur Mas presidenteak kontsultaren data eta galderak eman zituen ezagutzera: «Katalunia Estatu bilakatzea nahi al duzu? Baiezko kasuan, Estatu hori independente izatea nahi al duzu?». Masen ondoan, argazki historikoan, Francesc Homs eta Jordi Turull (CDC), Ramon Espadaler eta Joana Ortega (UDC), Oriol Junqueras eta Marta Rovira (ERC), Joan Herrera (ICV), Joan Mena (EUiA) eta David Fernández (CUP).

Data eta galderak adostuta, urtean zehar prozesuaren inguruan egindakoek azaroaren 9a izan zuten helmuga. Hasteko, apirilaren 8an, CiU, ERC eta ICV-EUiAko ordezkariak Diputatuen Kongresura joan ziren azkenengo aldiz erreferendum legal bat egiteko eskaerarekin. Kasurik ez. Ezezko berri batekin besapean, argi gelditu zen legitimitate katalana izanen zela kontsulta burutzeko bide bakarra. Zehazki, kontsulta lege katalana.

Tartean hainbat oztopo. Maiatzean egindako hauteskunde europarretan ERCk CiUrekin hautagai-zerrenda bateratua errefusatu eta hauteskundeak irabazi zituen, bi alderdien arteko erlazioa tenkatuz. CiUren barruan ere giroa ez da lasaia izan urtean zehar. Convergència eta Josep Antoni Duran i Lleida Unió-ko buruaren arteko erlazioa okertzen joan da prozesu independentistak aurrera egin ahala eta gauzak oraindik gehiago nahasteko, Jordi Pujol presidente ohiak bere bonba partikularra bota zuen uztailaren bukaeran, udako oporren bezperan: hiru hamarkadatan zehar, presidentea zela ere, dirua ezkutatu zuen Andorran zergarik ordaindu gabe. Icebergaren punta baino ez zen eta gaur egun epaitegietan daude Pujol familiaren negozioak.

Estatuaren esku ezkutua ikusi izan dute askok Pujol kasua zabaltzearen atzean. Edonola ere, horrekin prozesu independentista geldiarazteko esfortzua alferrikakoa suertatu zen, irailaren 11ko Diada arrakastatsu berri batean ikusi zen bezala. Egun hartan, ANC eta Òmnium Cultural-ek deituak, 1,8 milioi lagunek independentzia aldarrikatu zuten Bartzelonan, Gran Vía eta Diagonal etorbideak betez eta hiriko mapan ‘V’ erraldoi bat marraztuz. Berriro ere, Kataluniako kasuan hainbatetan gertatu den bezala, gizarteak aurrerapausoa eman zuen inork baino lehenago, alderdiak eta instituzioak mugiaraziz.

Azken txanpa

Independentismoa inoiz baino mobilizatuago egonda, azaroaren 9an zerbait gertatu behar zela argi zuten denek. Baina zerbait hori kontsulta izanen zen? Dudak handiak ziren eta aktore nagusien arteko mesfidantzak gero eta nabarmenagoak. Sekuentzia irailaren 27an hasi zen, Artur Mas presidenteak kontsulta deialdiaren dekretua sinatzean. Gobernu espainiarrak inoiz baino azkarrago ekin eta hurrengo astean lehenengo deialdi hura debekatu zuen. Masek alderdi subiranisten artean erabakitakoa alde batera utzi eta hurrengo egunetan jatorrizko kontsulta bertan behera utzi zuen. ERC eta ICV-EUiA mahaitik altxatu eta alderdien arteko batasunak eztanda egin zuen, Masek azaroaren 9rako «parte-hartze prozesu» alternatiboa aurkezten zuen bitartean, CUP izan zen mahaitik altxatu ez zen alderdi bakarra.

Parte-hartze prozesu hura zer zen argitzeko bidean, Konstituzionalak berriz debekatu zuen deialdia, Masen alternatibari aurretik ez zeukan garrantzia emanez. Alderdien batasun praktikoa erraztu zuen Estatuaren ekimenak eta dudak azken ordura arte iraun zuen arren, azaroaren 9an nabarmendu zen argazkia hasieran aipatutakoa izan zen: irribarrez beteriko ilarak botoa hautestontzietan sartzeko zain.

Gizartearen eskaera argia izan zen: benetako ondorio legalak izanen dituen bozketa. Baina pilota, berriro ere, alderdien eskuetan gelditu zen, Mas eta Oriol Junqueras ERCko buruaren eskuetan batik bat. Hausnarketa egun batzuen ostean, Masek azaroaren 25ean aurkeztu zuen bere proposamena: hautagai-zerrenda bateratua hauteskunde plebiszitarioetan eta 18 hilabeteko ohiz kanpoko legealdia independentzia errealitate bihurtzeko. Astebete beranduago, Junquerasek plazaratu zuen bere aukera. Xehetasunak alde batera utzita, ados agertu zen puntu askorekin, baina guztiz kontra abiapuntuan: ERCk ez du onartuko hautagai-zerrenda bateraturik eta programetan puntu komun batzuk adostuko dituzten hautagai-zerrenda desberdinak defendatzen ditu. Hala gauzak, Mas eta Junqueras negoziazioetan dabiltza Eguberri hauetan, gizarteak urduri ikusten duen bitartean kalean posible dena bulegoetan ezinezkoa dirudiela. Urtarrilaren lehenengo egunetara arte dute denbora akordioa ixteko.