Jose Angel Oria

Ezjakintasunak eta osasun sistemaren ahuleziak izurrite bihurtu dute Ebola

Maitzean, Sierra Leonako Sokoman (Gineako Errepublikako mugatik gertu), bertako petrikiloa hil zen. Mediku-ikasketak izan gabe, sendakuntzan ziharduen. Emakume horrek ebola sendatzeko gauza zela uste zuen eta horrela esan zien guztiei, Mohamed Vandik, Kenema hiriko zerbitzu medikuen buruak jakinarazi zuenez.

Ebolak Ginean kutsatutako pertsona asko etorri zitzaizkion, sendatzeko itxaropenarekin. Baina bera ere kutsatu egin zen. Maiatzaren 26an hil zen. Bere aldeko hiletan, pertsona gehiago kutsatu ziren. Hiletan esku hartutako jendea inguruetan barreiatu zen, eta beraiekin batera, birusa. Berriz ere heriotzak, hiletak, eta kutsatutakoen kopurua gora egiten.

Petrikiloak ezinbesteko baliabideak dira Afrikako leku askotan, bestelako zerbitzurik ez baitute izaten. Teknika desberdinak erabiltzen dituzte eta kasu gehienetan herri xehetik jasotako ezagutzan oinarritzen dira.

Esperientzian oinarritutako ezagutza zuen Sokomako petrikiloak ere, baina bere munduan erabat berria zen gaixotasun bati aurre egin behar zion, ordura arte ebola ez baitzen inoiz iritsi Afrikako Mendebaldeko Ginea, Sierra Leona eta Liberiara. Eta bere erremedioak gaixotasuna baino okerragoak izan ziren.

Sokomako petrikiloa izan zen Sierra Leonan ebolak kutsatuta hil zen lehen pertsona. Geroztik, milaka lagun hil dira herrialdean eta ez dirudi arazoa bukaeratik hurbil dagoenik. Ia 200.000 biztanle dituen Kenemara ekainean iritsi zen ebola. Adituek diote gaitza une horretan izurrite bihurtu zela.

Beste tragediak

Afrikako Mendebaldeko herrialdeek, eta mundu osoak, ebola zer den eta aurre nola egiten zaion ikasi beharra izan dute aurten. Ezjakintasuna tragikoa izan da milaka lagunentzat. Baita Kenemako erietxeko osasun langileentzat ere, esaterako. Lassa izeneko gaixotasun hemorragikoaren aurkako borrokan (bertako gaixotasun endemikoa da) sekulako esperientzia bazuten ere, ebolak aurrera jarraitu zuen. Erizain asko ageri dira hildakoen artean. «Ebola birusa berria da hemen eta arituz ikasten dugu. Hil ziren erizainek ezin zuten jakin kutsatzeko arriskurik zutenik. Ezta bizirik atera zirenek ere», adierazi zuen Vandi doktoreak, abuztuan.

Herritarren eta profesionalen ezjakintasuna tragikoa izan da herrialde horietako populazioentzat, baina bertako osasun sistemen ahulezia, askoz ere tragikoagoa. «Inoiz ez dugu ahaztu behar hau pobreziaren gaixotasun bat dela, mesfidantzaren eta gaizki diseinatutako osasun sistemen gaitza». Peter Piot zientzialariaren hitzak dira, abuztuan GAUR8k jasotakoak.

Lehen urratsak

«1976ko irailean, Anberesko Medikuntza Tropikaleko Institutuan ezohiko pakete bat jaso zuten. Barruan botila termiko urdin distiratsu bat zegoen. Egun hartan, laborategian lanean ari zen Peter Piot 27 urteko zientzialaria, Medikuntza Eskolan graduatua», idatzi genuen. Ebola lehenengo aldiz nola deskribatu zuten kontatu zuen Piotek berak. Bere hausnarketen ondorio moduan esan daiteke medikuen betiko lanaz gain, oso garrantzitsuak direla informazioa, komunikazioa eta komunitateetako buruen esku-hartzea.

Nazioarteko erakundeek egin dituzten deialdiei erantzunez, milaka osasun langile bidaltzen ari dira Afrikako Mendebaldera, gaixotasunari aurre egitera. Kanpotik emandako laguntza horri esker, badirudi herrialde horietako egoera zertxobait aldatzen hasia dela.

Egoera berria

Bruce Aylward OME Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendariak horixe esan berri du: Liberian, Sierra Leonan eta Gineako Errepublikan kutsatutako lagunen % 70 inguru isolatu eta tratatzera iritsi direla dagoeneko, eta hileten eta ehorzketen % 70 baldintza seguruetan egitera ere iritsi direla. Urte berriarekin, bi portzentaje horiek % 100era iristea espero dute.

Edonola ere, ebolak 2014an Afrikako Mendebaldean eragin duen tragediaren benetako neurria oraindik ezezaguna da. OMEk tarteka ematen dituen datuei erreparatu besterik ez da egin behar ematen diguten hildako kopurua bera ere fidatzekoa ez dela ondorioztatzeko.

Azaroaren 28an, ebolak ia 7.000 pertsona hil zituela adierazi zuen, baina handik hiru egunera 6.055 hildakora jaitsi zuen kopurua.

Aste batzuk lehenago, ebolaren eragina neurtzen duten adituek jakinarazi zuten datu ofizialak bikoiztu egin beharko liratekeela, benetako neurrira hurbiltzeko.

Izan ere, kutsatutako pertsona askok zerbitzu medikuetara ez jotzea erabaki izan du, beldurraren edo ezjakintasunaren eraginez. Gainera, ebola izurriteak herrialde horietako osasun sistemak hankaz gora bota zituen eta ordura arte erraz sendatzen zituzten gaixotasunak ere hilkorrak bihurtu dira azken hilabeteotan. Ebolarik ez zuten zenbat herritar hil ote da beste gaitz horiek jota, osasun sistemak porrot egin zuelako?

Nazioarteko laguntza

OMEk berak onartzen du ez dakiela Liberian hil diren 3.145 pertsona horietako zenbat ziren ebolak kutsatutakoak. Sierra Leonan 1.583 hil omen ditu ebolak, datu ofizialen arabera, baina kasu horietako 1.374 baino ez daude erabat egiaztatuta. Gineako Errepublikan, azkenik, 1.327 hildako zenbatu dituzte adituek, baina erabat egiaztatuta 1.117 besterik ez daude.

Ebola izurritea urte amaieran aztertuta, nazioarteko laguntza ikaragarri garrantzitsua izaten ari dela nabarmendu beste erremediorik ez dago.

Egoera bere onera etortzen hasia dela dirudi, eta bilakaera hori norbaiti eskertu behar bazaio, Afrikako Mendebaldera beren bizitza arriskuan ipinita joan diren osasun langileei eskertu beharko zaie. Eta ahalegin horretan Kuba nabarmendu da, Karibeko uhartea baino askoz ere aberatsagoak, eta populazio handiagokoak, diren potentziak lotsagorritzeko moduan. Beste inork baino osasun langile gehiago bidali ditu Afrikara. Kasu batzuetan, gainera, AEBetako «etsaiek» eraikitako instalazioetan ari dira lanean kubatarrak. Bi etsaiak elkarrekin lanean, ebolari aurre egiteko. Argudio hori Kubari ezarritako blokeoaren kontra daudenek erabili dute azken asteotan AEBetan. Azpimarratzekoa da “The New York Times” egunkariak bide horretan egin dituen urratsak, igandero blokeoaren aurkako editorialak argitaratu baititu.

Euskal herritarra

Besteak sendatzeko beren bizitza arriskuan ipini duten horien artean bazeuden euskal herritarrak ere. Horietako bat, nafarra, Malin ari zen lanean, ebolak kutsatutako pazienteekin.

Kutsatuta egon zitekeen orratz bat sartu zitzaion kooperanteari eta Estatu espainoleko hiriburuko Carlos III.a erietxera eraman behar izan zuten. Bertan, koarentenak exijitutako asteak egin ditu eta hilaren 11n eman zioten alta. MSF Mugarik Gabeko Medikuekin ari zen lanean. Gobernuz kanpoko erakundeak nafarraren lana eta ausardia nabarmendu ditu.

MSFren lana ere askok goraipatu dute aurten, ebolaren aurkako borroka dela-eta. Afrikako Mendebaldera 3.000 osasun langile inguru bidali ditu dagoeneko, eta MSF erakundearena izan da hasiera-hasieratik ebola izurritearen larritasuna mundu osoan nabarmendu duen ahots bakarra.