Dabid LAZKANOITURBURU

Gaza errotik suntsituta ere, israelek «babes harresirik» ez

Aurten «tokatzen» zitzaion Gazari hiru urtetik behin Israelek bere aurka egiten duen erasoaldia. Beti bezain krudela izan da, baina erresistentziak erantzun egin dio. Israelek bere soldaduak Gazako segadetan erortzen ikusi ditu, 2006an Libanon gertatu zitzaion bezala.

Hiru urtetik behin, Palestinako Gaza herrialdea suntsitzeari ekiten dio Israelek. Matematikoa da. Izugarria, baina matematikoa. Beti du horretarako aitzakiaren bat 2005etik hona munduko kontzentrazio-esparrurik handiena bilakatu den Gazan. Ekainaren 15ean, Zisjordaniako Hebron hiritik gertu hiru kolono judu gazte desagertu ziren. Israelek Hamas erakundeko bi kideri leporatu zien bahiketa eta alderdi islamista gazte hauen biziaren erantzule egin zuen. Handik 15 egunera, hilik aurkitu zituzten.

Bitartean, Israelek bost palestinar erail eta ehunka Hamaseko kide atxilotu zituen. Horrek ez zuen, hala ere, bere mendeku gosea ase. Judu gazteen ehorzketaren biharamunean, kolono talde batek 12 urteko mutil palestinar bat bahitu, kolpatu, gasolina edatera behartu eta bizirik erre zuen.

Erailketa basati honek hautsak harrotu zituen eta Gazatik dozenaka kohete jaurti zituen erresistentziak Israelen mugaren barruko lurraldera.

Airetik, lurretik eta itsasotik

Uztailaren 8an ekin zion Israelgo armadak Gaza airetik, lurretik eta itsasotik bonbardatzeari. Hamasek behin eta berriz esan zuen berak ez zuela gazte juduen bahiketa agindu. Kazetari aleman batek israeldar bati leporatu zion bahiketa eta tartean diru kontuak zeudela gaineratu zuen.

Agian, egia ez da sekula ezagutuko. Badirudi Hamasen kide ziren bi milizianoek zerikusirik izan zutela bahiketan (Mossadek aurkitu eta hil egin zituen, handik hilabete batzuetara). Baina argi dago, era berean, Israelgo Poliziak onartu zuen moduan, Hamasek ez zuela bahiketa agindu. Salatu ere ez zuen egin, noski. Palestinako erresistentziak, Hamasetik hasita Palestina Askatzeko Herri Fronte ezkertiarreraino, ez du inoiz israeldarren aurkako operaziorik salatzen. Eta hau ez da matematika kontua, bizirik irauteko borroka luzean diharduen herri baten beharra baizik.

Israel 2005ean lurraldetik atera zenetik (deskonexio-prozesu famatu hura) bizirik jarraitzearen erruduna da Gaza. Ordutik hona erasoak baino ez ditu pairatu. 2006an, Hamasek hauteskundeak irabazi zituen eta Al Fatah erakundea haren aurkako estatu-kolpe bat egiten saiatu zen, Israelen laguntzarekin.

2008-2009an, «Berun Urtua» operazioa zuzendu zuen Israelgo armadak Gazaren aurka. 2012an, «Defentsarako Pilarea». Bakoitzean milaka palestinar hil ziren. Israelek erasotzeko erabili zuen aitzakia? Gazaren existentzia bera da aitzakia. Aurtengo operazioari ere izen potoloa jarri dio Israelgo armadak (Tsahalek): «Babeserako Harresia».

«Babeserako Harresiak» 2.200 palestinar inguru erail zituen, herena haurrak eta gehienak zibilak. Gazako hiriburuko hainbat auzo eta inguruko herri eta errefuxiatu eremu guztiz suntsitu zituzten hegazkin bonbaketariek.

Momentu ezin hobea aukeratu zuen Israelek Hamasi hil ala biziko kolpea emateko. Urte bat lehenago, Egiptoko militarrek Anaia Musulmanen gobernuaren aurkako estatu-kolpea eman zuten, Abdelfatah al-Sissi mariskalak gidatuta. 2012.eko erasoaldia eteteko rol garrantzitsua izan zuen Anaia Musulmanen gobernuko presidenteak, Mohamed Morsik. Hamaseko mugimendua bera Palestinako Anaia Musulmanena da. Beraz, al-Sissiren estatu-kolpeak izugarrizko kaltea eragin zion Gazako biztanleriari. Muga guztiz ixteaz gain, Rafah-en Egiptoko eta Gazako aldeak komunikatzen zituzten tunelak suntsitzeari ekin zion Egiptoko gobernu kolpista berriak.

Alde batetik Egiptoren eta, beste batetik, Israelen atzaparretatik ihes egin ezinik, Gazaren egoera ekonomiko larriak okerrera egin zuen. Hamas mugimendua deuseztatzeko momentu egokia, beraz, Israelentzat.

Ondorioetan ere asimetriak

Gauzak ez ziren, ordea, aurreikusi bezala gertatu. Israelen eta Palestinaren arteko guda asimetrikoan –munduan guda asimetrikorik bada, berau da etsenplurik adierazgarri eta larriena–, bonbak jasatea beste aukerarik ez zuten Gazako biztanleek.

Baina erresistentziak baliabideak bazituela erakutsi zuen. Alde batetik, etengabe koheteak jaurtitzeari ekin zion. Hala, bost zibil erail eta ehunka zauritzeaz gain, izua zabaltzea lortu zuten. Eta izua da gerra guztietan armarik eraginkorrena.

Erasoaldiak iraun zuen hilabete luzean, egunero dozenaka kohete jaurtitzen zituzten eta egunero ziurtatzen zuen Israelgo armadak palestinarren kohete kopurua agortzear zela. Ez ziren nonbait agortu eta horrek zer pentsa eman zion Israeli. Izan ere, Siriako altxamenduan matxinoen alde egin zuen Hamasek eta horrek Gaza eta Iranen arteko harremanak hoztu zituen. Baina dirudienez, harremanok ez ziren izoztu eta, gainera, Turkiaren eta Qatarren laguntza, ekonomikoa bederen, jasotzen jarraitu zuen Hamasek.

Kohete eta jaurtigailuekin ez daukate zereginik palestinarrek Israelgo armada ahaltsuenaren kontra. Bai, ostera, tunelekin.

Israelek 70 bat soldadu galdu zituen (Hamasen esanetan, ia kopuru bikoitza) erresistentziaren segadatan. Israelgo soldaduek Gazarantz aurrera egiten zutenean, Hamaseko milizianoak, tuneletatik igarota, atzealdetik erasotzen zieten eta berriro tuneletan desagertzen ziren.

Libanoko azken bi erasoaldietan Hizbullah erresistentziako mugimenduaren aurka gertatu zaion bezala, Israelek ez du samur onartzen bere aldean hildakoak izatea. Guda asimetrikoak dira, bai, baina asimetrikoa da alde bat eta bestea pairatzeko prest dagoen sufrimendua ere.

Eta horrek garaipena zailtzen du. Gazan ere, eta agian lehen aldiz, bere limiteak ezagutu ditu Israelek. Horrek ez du esan nahi hemendik urte pare batera berriro erasoko ez dionik. Seguruenik erasoko dio.

Matematikoa baita Gazari arnasa hartzen ez uztea. Baina dagoeneko ezer galtzerik ez duenak dena du irabazteko, gutxi baldin bada ere. Eta bere burua garailetzat jotzen duenarentzat porrot txikiena ere izugarrizko hondamendia bihur daiteke. Matematiketatik at bizitza dagoelako. Baita Gazako hondakinen artean ere. Han agian inon baino indartsuago, gainera.