Maider Eizmendi

Gogo txarrez, baina PPren gobernuak abortuaren erreforman atzera egin du

Urtea abiatu aurretik iritsi zen Abortuaren Legea erreformatzeko PPren proposamena. Hautsak harrotu dituzte iragarritako neurriek, baita haiek justifikatze aldera erabili diren hitzek ere. Kalean, erreformaren kontrako protesta ekimen ugari egin dira eta haren ondotik etorri da Gobernuaren atzera egitea.

Garaipen zaporea hartu du Mariano Rajoyren gobernuak abortu legea erreformatzeko zuen asmo sendoan atzera egin izanak, eskubide horren aldeko protestak egiten urte asko daramatzaten sektoreen artean, batez ere. Irakaspen urtea izan da, ordea, amaitzear dagoena. Izan ere, afera honek irabazitzat jotzen ziren eskubideak gal daitezkeela erakutsi du.

Orain hiru urteko hauteskunde programan zehaztasunez iragarri ez bazuen ere, bistakoa zen abortuaren inguruko legedia aldatzea lehentasunezko gaia zela PPren gobernuarentzat, besteak beste, aurreko legealdian PSOEk bultzatu zuen arauak PPren eta gizarteko sektore kontserbadoreenen kritika sendoak jaso zituelako.

Pentsatzekoa zen, halaber, emakumeen eskubideei dagokienez abortuarena puntako gaia izango zela 2014. honetan, Justiziako ministro Alberto Ruiz Gallardonek iazko abenduaren erdian aurkeztu baitzuen abortuaren legea erreformatzeko osatutako proposamena. Hautsak harrotu zituen eta ez zen gutxiagorako. Lege atzerakoia izango zela jakina zen, baina PPren gobernuak aurreikuspen guztiak gainditu zituen. 2010. urtean onartu zen legeak ez zien abortu libre eta doakoaren alde borrokan aritutako eragileen eskakizunei erantzun eta urte askotako lanaren ostean lege aurrerakoiagoa lortzeko aukera paregabea galdu zela pentsatzen zuten hainbat sektorek. Baina Gallardonen proposamenak bidean emandako aurrerapausoak galtzeko arriskua zabaldu zuen.

Europan nagusi den epe sistema alboratuta, abortatzeko bi baldintza soilik onartu zituen arau proposamenak: emakumeen osasun fisiko eta psikologikoa arriskuan izatea edota emakumea bortxaketa baten biktima izatea. Azken kasu honetan, gainera, hamabi asteko epea baino ez zuen baimentzen eta emakumeak bai ala bai salaketa jarrita izan behar zuen.

Adingabeei erabakitzeko eskubidea ukatzen zien, halaber, proposamen berriak. PSOE Gobernuan zegoen garaian onartutako legeak 16 eta 18 urte bitarteko emakumeei erabakitzeko eskubidea aitortzen zien; hau da, inork baimenik eman behar izan gabe abortatu zezaketen. Noski, PP kontra azaldu zen hasiera-hasieratik eta osatu zuen lege proposamenean gurasoen baimena behar-beharrezkoa zela zehaztu zuen. Emakume baten eta haren gurasoen artean gatazka sortuz gero, epaileek izango zuten azken hitza.

Iskanbilarik handiena sortu zuen alderdietako bat enbrioien malformazioen kasuan abortuari ematen zitzaion tartea zen. Gobernu espainolak proposatu zuenez, enbrioiaren malformazioa ez zen nahikoa arrazoi izango emakumeak abortuaren bidea hartzeko. Egoera horretan, haurdunaldia eteteko modu bakarra emakumearen osasun psikologikoan eragin zitzakeen kalteei heltzea zen, baina kasu horretan ere mugak ezarri zituen erreforma proposamenak. Egoera gutxienez bi mediku txostenekin baieztatzea eta abortua haurdunaldiaren 22. astea baino lehen egitea eskatzen zen, baita egoera honetan ere.

Diskurtsoen arriskua

Legedi arloan egindako murrizpenez gain, haiek justifikatze aldera egindako adierazpenek ere ez dira nolanahikoak izan. «Ama izateko eskubidea da emakumeak benetan emakume egiten dituena», adierazi zuen airoso Justiziako ministro Ruiz Gallardonek eta zera gaineratu: «Egoera askotan, emakumearen kontrako genero indarkeria estrukturala haurdun egote hutsagatik sortzen da».

Usaina hartuta, ordurako jada kalean zebiltzan hainbat feministak berriz ere indarra hartu eta pankartaren atzean jarri behar izan zuten, abortua eskubide gisa aitor zedin exijitzeko.

Proposamena egin eta berehala, han-hemenka mobilizazio deialdiak iritsi ziren. Euskal Herrian ere makina bat protesta ekimen antolatu ziren eta bereziki indartsua gertatu zen Euskal Herriko Mugimendu Feministak antolatuta, «Gure gorputza, gure erabakia» leloarekin Iruñean, apirilaren 5ean, egin zen manifestazioa.

Euskal Herritik eta Estatutik haratago ere izan zen kexu eta salaketarik, kaleetan lehenik eta behin, instituzioen aldetik ondoren. Proposamena onartu zutenetik aste gutxira, Europako Parlamentuak gaia eztabaidatu zuen eta alderdi gehienek proposamena baztertzeko eskatu zioten Estatu espainolari. Estatu frantseseko Emakumeen Eskubideen ministro eta Gobernuko bozeramaile Najat Vallaud-Belkacemek «atzerakadatzat» jo zuen eta Rajoyren Gobernuari gutun bat igorri zion espresuki, ezinegona adierazteko. «Emakumeen eskubideei halako mehatxua egiteak ez dio Espainiari soilik eragin behar ardura», azaldu zuen.

Urte hasieratik bolo-bolo zebilen gaia, beraz, baina hasieran hain tinko hitz egin zuen alderdiak onarpena Europako hauteskundeen ondorenerako uztea erabaki zuen, inkestek zeresana eman zutelako. Ondoren, uztailerako aurreikusi zen, eta orduan Gallardonek, oporrak hartu aurretik, erreforma uda amaitu baino lehen onartuko zuela iragarri zuen. Pixkanaka, baina, diskurtsoa epeltzen joan zen, eta irailaren hondarretan, proposamenaren egileak berak atzeratu egingo zela eta berak dimisioa aurkeztu zuela azaldu zuen prentsaren aurrean.

Legeak ez du, iragarri zuten moduan, aurrera egin, baina oraindik ere asmoaren arrastoak badira, adin nagusiak ez diren emakumeek gurasoen baimena behar izatea arautzeko PPren asmoa ez delako apaldu.

Gainera, PSOEk 2010ean onartutako legearen aurka bi helegite jarri dituzte: PPk bata eta UPNk bestea. Oraindik ere haien gaineko erabakia hartzeke dago eta sektore kontserbadoreek presio egiten jarraitzen dute.

Abortuaren Legearen harira, aurten gertatu denak gutxienez hiru ondorio utzi ditu. Lehena, agintariek emakumeen eskubideak maiz botoen balantzan jartzen dituztela eta haren arabera askatu edo tenkatzen dutela soka. Bigarrena, kalera irten eta presio egitea garrantzitsua eta eraginkorra dela. Tinko erantzun zaio Gobernuaren proposamenari eta kaleko oihartzunak inoiz baino ageriago utzi du emakumeen eskubideak defendatzeko beharra eta horretarako mobilizazioak duen indarra. Hirugarrena, irabazitzat jotzen diren eskubideei eusteko lan egin behar dela. Urte luzetako borrokaren eta lanaren ondorioz etorri zen abortu eskubidea, hein handi batean behintzat, ziurtatzen zuen legea. Baina ez dago despistatzerik; lortutakoari eutsi egin behar zaio eta indarrez, gainera.