Amaia U. Lasagabaster

Lana, onestasuna eta apaltasuna lagun, Eibarrek arrakasta mundiala lortu du bere 75. urteurrenaren atarian

Eguna orduak hondartzan ematera gonbidatuz argitu zuen. Kostaldeko herriak lepo eta barnealdekoak hutsik, oporrak azken astinduak ematen ari zirela. Eibarko kaleetan, itsasertzetik hainbat kilometrora, berriz, festa usain gozoa zegoen. Inork gutxik hartu zuen bainujantzia. Abuztuaren 24a zen. Egun historikoa. Etiketa-jantzia ipintzeko modukoa, etiketak kasu honetan exijitzen zuen bakarra kolore gorri-urdinak eramatea bazen ere.

Egun historikoz beteta amaituko da 2014. urtea eibartarrentzat. Egutegian gorri... eta urdinez markatutako datak. Protagonista, berriz, bakarra izan da, herriko futbol taldea. Herrikoa eta herriarena, hori baita, herriarekin duen lotura, bere ezaugarri nagusietakoa.

Eibar, «lana erlijio bilakatu duen herria», idatzi zuen Georges Piochek XX. mendearen hasieran. Kazetari frantziarrak bere laguna zen Ignacio Zuloagaren jaioterria bisitatu zuen eta bertan «leku paregabea» deskubritu zuen. «Ezinezkoa da langilea eta patroia desberdintzea. Enpresa baten ugazabak azaldu zidan bezala, batera lan egiten dutenak, berdinak dira», miretsi zen Pioch.

Lankide horiek guztiak igandero animatzera joan ohi diren taldearen DNAn funtsezko bereizgarri berbera aurki daiteke. Lana eta laguntasuna. Horiexek izan dira Eibarrek jokoa eraikitzeko historikoki erabili dituen oinarriak. Banakotasunak onura kolektiboaren mendean jarriz, “taldea” hitzaren paradigma bilakatu da talde armagina. Horrela izan da 1945. urtean sortu zenetik eta gauzak ez dira aldatu behin elitera iritsi gero.

Fran Garagarza kirol zuzendariak azpimarratzen duenez, «balioak jokalarien banakotasunaren gainetik daude eta, dudarik ez, emaitzaren gainetik ere bai. Garrantzi handia ematen diogu horri, emaitzaren atzean dagoenari. Lan egitea, nola egin... Emaitzak onak edo txarrak izan, kontzientzia garbi edukitzea da garrantzitsuena, inork baino korrika gehiago egin dugula, inor baino gehiago konprometitu garela, inork baino ahalegin handiagoa egin dugula, inork baino lan gehiago egin dugula jakitea».

Zelaian Eibarren ezaugarri nagusiak horiek badira, bulegoan egindako lanarena zintzotasuna izango litzateke. Gaur egun mundu mailan hain ezaguna egin den “Eibar marka” horren funtsa.

Sociedad Deportiva Gallo eta Union Deportiva Eibarresaren fusioak 75 urte betetzear dagoen kluba sortu zuenetik, bere arduradunen urratsak gidatu dituen maxima ez da aldatu: inoiz ez gastatu ingresatzen dena baino gehiago. Gezurra badirudi ere, bertute horrek hainbat oztopo ipini ditu gorri-urdinen kirol ibilbidean, zorrez, aurrekontu irrealez, tranpaz eta amarruz beteta dagoen egungo futbol profesionalean baldintza beretan lehiatzea galarazi baitio.

Betiko formularekin, gailurra

Baina noizean behin justizia nagusitzen da eta lasterbideen ordez bide zuzenari ekiten diotenak saritzen ditu. Eta diamantezko ezteien ospakizunen atarian dagoenean, Eibarrek bere historiako arrakasta handiena eskuratu du, bi urtean jarraian bi igoera lortuz eta, horrela, lehenbizikoz Lehen Mailako talde bilakatuz. Betiko formula berberari eutsiz: lana soropilean, laguntasuna aldagelan, onestasuna bulegoan eta apaltasuna guztietan.

Bidaia luze eta arrakastatsu honen azken etapa 2014.ean amaitu den arren, hasiera urte eta erdi lehenago kokatu behar da. Laugarren denboraldiz jarraian, Eibarrek 2.B mailaren anonimatuan ziharduen. Estutasun ekonomikoen ondorioz, azken aukeraren itxura zeukan denboraldiak. Goitik behera aldatu zen taldea, aulkitik hasita. Esperientziarik ezean, Gaizka Garitano bere ezagutzez eta nortasunaz baliatu zen ohiko balio gorri-urdinez betetako taldea helmugaraino gidatzeko. 2013.eko ekainaren 30ean, Eibar futbol profesionalera itzuli zen, 2.A mailarako igoera gauzatuz.

Zerua zirudien, Eibarrek aurretik beste hiru aldiz iritsitako muga gorena. 2014ak, ordea, urrats bat gehiago egiteko gai zela erakutsi zion talde gipuzkoarrari. Urtea hasi zenerako, taldeak oso aurreratuta zeukan denboraldiko helburu bakarra, mailari eustea. Negua agortu baino lehen, egitasmo errealistek ezusteko ametsei utzi behar izan zieten lekua. Otsailaren 9an, hain zuzen ere, gorri-urdinek Kordoban irabazi eta, denboraldian lehen aldiz, sailkapenaren buruan kokatu zuten euren izena. Zortzi astetan eutsi zioten lidergoari, bidean marka guztiak hautsiz. Etor zitekeenaren arrastorik ez prentsa-aretoan, baina inguruan ilusioa gero eta handiagoa zen. Eszeptikoenen objekzioak astez aste gaindituz, taldearen ibilbideak gorantz jarraitu zuen maiatzaren 25era heldu arte.

Denboraldiko azken-hirugarren jardunaldia. Matematikek ezinerako zirrikitu bat uzten bazuten ere, euskal derbiek berezkoa dutena zirudien Ipuruan ospatuko zen jai bakarra. Baina ezinbesteko karanbolan inplikatutako guztiek tira egin eta zirrikitua atetzar bilakatu arte zabaldu zuten. Paradisuaren atea. Deportivok Sorian galdu, Eibarrek Alaves gainditu, Jota Peleteiroren golari esker eta, zailena, Recreativok Gran Canaria zelaian emaitzari buelta emanda Las Palmasi irabazi zion, eta hala, armaginen igoera berretsi zen. Gau hartan Ipuruako soropilean bizi zen jaiak jarraipen ahaztezina eduki zuen astebete geroago. Zelaian –Lugo menderatuz, Eibarrek 2. mailako txapelketa irabazi zuen– eta, batez ere, herriko kaleetan. Historian lehen aldiz, eibartarrak 1. mailan zeunden.

Arlo administratiboko erronka

Gaizka Garitanoren taldearen garaipena bikoitza izan zen, aste batzuk geroago klubak lortuko zuen arrakastarako ezinbestekoa suertatu baitzen armaginek egindako erakustaldia. Zaharkitutako eta alferreko kirol legediaren ondorioz, eta taldea zelaian borrokatzen zen bitartean, Eibarrek arlo administratiboan bere bizitzako erronka handienari ekin behar izan zion, bost hilabeteko epean bere kapital soziala boskoiztu behar baitzuen, 2.B mailara itzuli nahi ez bazuen. 422.000 eurotik 1.724.000 eurora pasatu, 3.000 bazkiderekin, 27.000 biztanleko herrian, sekulako krisialdi ekonomikoan eta erakunde publikoen iturria aspalditik itxita zegoela. Baina bidegabe zigortutako zintzoaren istorioaren oihartzuna, taldeak lortutako arrakastak bultzatuta, mundu zabaleko txoko guztietara hedatu zen. Eta guztietan lortu zuen erantzuna.

Uztailaren 15ean, 50 estatutako 10.000 akzionista parte-hartzaile zirela, Eibarrek kapital zabalkuntza burutu zuen eta behin betiko lehen mailako talde bilakatu zen. Sei aste geroago, eibartarrak arrakasta bikoitzaren emaitza disfrutatzen hasi ziren.

Lortutakoarekin gozatzeko unea

Eguna orduak hondartzan ematera gonbidatuz argitu zuen. Kostaldeko herriak lepo eta barnealdekoak hutsik, oporrak azken astinduak ematen ari zirela. Eibarko kaleetan, itsasertzetik hainbat kilometrora, berriz, festa usain gozoa zegoen. Inork gutxi hartu zuen bainujantzia. Abuztuaren 24a zen. Egun historikoa. Etiketa-jantzia ipintzeko modukoa, etiketak kasu honetan exijitzen zuen bakarra kolore gorri-urdinak eramatea bazen ere. Aurreko hilabeteotan lortutakoarekin disfrutatzen hasteko unea. Historian lehen aldiz, Eibarrek lehen mailako norgehiagoka jokatu behar zuen. 15 hilabete lehenago 2.B-n lehiatzen aritu ziren hainbat jokalariz osatutako taldearekin. Eguna borobiltzeko, Ipuruako lehen bisitaria Reala zen, laguna beti eta gutxitan aurkari, inoiz ez maila honetan. Manera ezin hobeko gonbidatua, puntuak Eibarren utzi baitzituen, Javi Lararen golari esker, hasiberrien zoramenerako.

Denboraldiak aurrera egin du eta eibartarren poztasuna ez da batere baretu. Beren taldeak muga ekonomikoek ezartzen dituzten oztopoak ahantzarazi ditu berriro ere, aurreko urteotan bezala «impossible is nothing» slogan famatuaren paradigma ezin hobea bilakatuz. Bertakoak eta kanpokoak liluratuz, urrats sendoak emanez doa Eibar urte berrirantz, 75. urteurrena gailurrean ospatu ahal izatea amestuz.