Iñaki Altuna

Zigilatzea prozesu bat da

Armategien zigilatze prozesua «bururaino eramatea» izan zen martxoaren 1ean ETAk agiri bidez azaldutako konpromisoa. Astebete lehenago, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak prozedura martxan zegoela jakinarazi zuen.

Alimaleko ikusmina eragin zuen Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak (NEB) otsailaren 21erako agerraldia egingo zuela iragartzeak. Aurreko egunetan espekulazioa ez zen falta izan, nonahi. Carlton hotelean deitu zituen hedabideak, eta horien aurrean Ram Manikkalingamek ETAk armen inbentarioa egiteko eta armategiak zigilatzeko prozesuari hasiera emana ziola jakinarazi zuen.

Sekulako jakin-mina sortu zuen agerraldiaren deialdiaren ondotik urrats bat, keinu bat espero zen. Gertaera zehatz bat. Akaso, horixe izan zen gaizki-ulertuetako bat. Ez zen gertaera soil bat, bere horretan neurtu behar zena, prozedura oso baten hasiera baizik, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak eta ETAk berak adostutakoa. Arma, munizio eta lehergailu guztien inbentarioa egin eta, armategiak zigilatuz, erabilera operatibotik kanpo uztea, horixe zen eginbeharra, eta Bilboko agerraldia baino aste batzuk lehenago bide hori abiarazita zegoen.

Bideo irudiak

Manikkalingamek jada arma eta leherkari batzuk erabilera operatibotik kanpo zeudela esan zuen eta hedabideei horien zerrenda eman zien. Aldi berean, agerraldia amaitu bezain pronto, BBC telebista kateak eta NAIZek inbentarioa egiteko unearen irudiak eman zituzten. Ram Manikkalingam bera eta Ronnie Kasrils azaldu ziren irudi horietan, erabilera operatibotik kanpo utzi beharreko armen eta burua estalita zuten ETAko bi militanteren ondoan. Pablo Picassoren “Guernica” margolanak apaindu zuen gela. Bertan sinatu zuten, bideoak jaso zuenez, inbentarioaren dokumentua. Lehen urratsa zen, eta ondotik gehiago etorri behar zuten.

Bideoak, antza, borondate erakusle bat izan nahi zuen. Konstantzia utzi nahi zuen nonbait, prozesua egiazkoa zela eta bi aldeak (ETAk eta nazioarteko batzordeak) harreman zuzena zutela. Halere –ekintza sinbolikoa izanik, arma eta lehergai kopurua handia izan ez zenez–, nahikotasun ezaren mezua indartu zuten berehala zenbait bozeramailek eta hedabidek. Bideo irudiak, neurri horretan, ekimenaren kontra erabili zituen batek baino gehiagok. Inolako bermerik gabe –ezin espero horrela arma mugimendu handirik egotea edo ezkutuko gordeleku nagusietara joatea– eta arrisku handiak hartuz –atxilotuak izan zitezkeen– egindako zigilatzea barregarri uzten saiatu ziren, ekimen osoari indarra kentzeko helburuarekin.

Egiaztatze batzordeak Bilbon eginiko agerraldian irakurritako adierazpenak benetako irismena azaldu zuen: «Beste prozesu batzuetan izan dugun esperientziaren arabera, arma, munizio eta lehergaiak zerrendatzea eta erabilera operatibotik kanpo uztea armagabetze osoaren aurreko beharrezko urratsa da». Beraz, oraindik prozesua ez zen armagabetzeko fasera iritsi, baina fase horretara bideratutako prozedura irekia zen. Manikkalingamek guztien laguntza eskatu zuen, gobernuei bereziki zuzendutako mezuan, beraien jokabideak prozesu osoa erraztu edo zaildu baitzezakeen.

Esan bezala, zalaparta mediatikoak kontzeptuak dezente nahasi zituen. Astebetera, ETAk agiri bat kaleratu zuen, NEBekin adostutakoari buruzko argibideak emateko. «Gatazka politikoaren ondorio guztiak gainditze bidean jarri bitartean, bere armategiak zigilatuz, armak, leherkariak eta gailuak erabilera operatibotik kanpo daudela bermatu nahi du ETAk. Horrela, segurtasuna eman nahi die bai jendarteari bai eta nazioarteari ere», nabarmendu zuen agiriak.

NEBen parte-hartzea ere berretsi zuen, adostutako bere bi funtzioak zehaztuz: alde batetik, ETAk burutu beharreko «zigilatze prozesua egiaztatzea», horretarako «metodo bat» finkatuta izanik; eta beste batetik, «armategien arma, leherkari eta gailuen» egin beharreko inbentarioa gordetzea.

«Armategien zigilatze prozesua hasi da eta bururaino eramatea da ETAren konpromisoa, bere azken armategia zigilatu arte», adierazi zuen erakunde armatuak, prozesua konplexua izango zela eta gobernuen hertsikeriak ekar zitzakeen arazoez ohartarazi bazuen ere.

Aieteri jarritako betoa gaindituz

Beraz, zalaparta mediatikoa eta erreakzio soka gorabehera, konponbide prozesua biziberritzeko urratsa egin zuten armen auziari dagokion atalean, konponbidearen agendaren atal garrantzitsu honetan. Espainiako Gobernuak Aieteko Konferentziatik ateratako bide-orriaren bigarren puntuan (ondorioen gaineko elkarrizketa) eragindako blokeoaren zepotik irteteko formula topatu zuten ETA erakundeak eta nazioarteko eragileek. Horrenbestez, aldebakartasun estrategian sakonduz eta aldi berean konpromiso berriak indartuz –nazioartean, hain zuzen ere–, ETAk prozesuarekiko engaiamendua agertu eta aurrera egiteko bidea marraztu zuen. Gainera, Iñigo Urkulluk egindako urratsen berri bazuela eta ekarria egiteko prest zegoela ikusi zen. Nabarmena izan zen NEBeko ordezkariak babesteko Madrilera joan zenean. Urtarrilean presoen aldeko manifestazioari ezarritako debekuari EAJk emandako erantzunak –manifestazio deialdi berri bat egitea, Sorturekin eta beste eragile batzuekin batera– konponbide prozesuaren aldeko jokabide ausartago bat plazaratu zuen.

Gerora, ordea, jokabide hori dezente apaldu zen. Armagabetzeari dagokionez, Urkulluk berriro ere «ez da nahikoa» mezuan egin zuen indarra ondoko hilabeteetan. Teknikoki ere ezinezkoa den egun batetik besterako «disoluzioa»-ren leloari berriz heldu zion, eragileen arteko harremanetan EAJko ordezkari batzuek eskaera horrek ez duela zentzurik aitortu arren. Lehen zigilatze haren inguruko informazio okerrak ere eman zituen Urkulluk eta egin zena baino beste zerbait egin behar zela-edo iradoki zuen EAEko lehendakariak.

Espainiako Estatuak ezin zituen jasan ekimenak eta, batez ere, iragarritako prozedura osoak sortuko zituen egoera, giroa eta konplizitateak. Bakarren batzuek –bertako ika-mika antzuan– arreta mahai gainean zegoen arma kopuruan jartzen zuten bitartean, Bill Clinton AEBetako lehendakari ohiak urratsa goraipatu zuen, eta Lula brasildarraren babesa ere etorri zen segidan.

NEBen kontrako erasoa

Egoera eta giro horri aurre egiteko, Madrilek NEBen kontra gogor egin zuen, lehenik eta behin Auzitegi Nazionalera eramanez eta gero, publikoki zabaldu ez bada ere, nazioartean dituen sostenguak gutxitzeko ahalegina eginez. Ahaleginak eta bi.

Estatu espainoletik Estatu frantsesera pasatu zen oldarraldia. Akaso NEBekin nahastuz, Nazioarteko Harreman Taldekoak (NHT) Poliziaren aurrean deklaratzera deitu zituen Laurance Le Vert epaile famatuak. NHTko kideak Baionan ziren, otsailaren 28an bertan antolatuko ekitaldi batean parte hartzeko asmoz. Orduantxe jaso zuten polizia-etxera joateko agindua, epailearen galdetegi bati erantzuteko. Antza, ETAk abiarazitako zigilatzearekin zuen zerikusia.

Erasoak eraso, hasitako bide berriak NEBen funtzioak aldatu zituen. 2011ko urtarrilean ETAk indarrean jarritako su-eten iraunkorra eta orokorra egiaztatzeko sortu zuten batzordea; erakunde armatua bere konpromisoak betetzen ari zela jakiteko –ETArekin berarekin eta beste eragile batzuekin harremana izanda– eta jakinarazteko –agiri publikoen bitartez–. Gainera, ondorengo berriek –borroka armatua bertan behera uzteak, nagusiki– funtzio hori erabat gaindituta utzi zuten. Armen inbentarioan eta armategien zigilatzean parte hartzea misio aldaketa bat izan zen.

Urte hasieran gertatu zen hori dena, eta orduz geroztik ez da berririk izan, aurreko igandera arte. Horrek gauza bakar bat esan nahi du: isilpean lanean jarraitu dutela. Azken uneko sorpresa bat ere izan da. NEBek ETAk zigilatzearekin aurrera jarraitzen duela jakinarazi bezain pronto, armagabetzeko proposamen berri bat kaleratu du Urkulluren Gobernuak; jendaurrean botatzeko prestatua, baina oinarriak finkatu gabekoa, nonbait.

Hurrengo urteak emango ditu argibide gehiago.