Isidro Esnaola

Kutxabank, zio filantropikotik ondarezko ikuspegira

Aurtengo gertakari ekonomikoa, nire ustez, kutxen desagerpena izan da dudarik gabe. Zio filantropikoak bultzatuta XIX. mendean hasitako ibilbidea aurten amaitu da Euskal Herrian

Aurten asko hitz egin da suspertze ekonomikoari buruz, baina orokorrean hitzak sakoneko aldaketak baino gehiago izan dira. Krisia oso gogorra izan da azken urteetan eta horregatik edozein mugimenduari goranzko joera antzematen zaio, beherago joatea ezinezkoa delako. Dena den, zorraren zama oso pisutsua da oraindik eta zorren itzulketak baliabide asko kentzen dizkio ekonomiari. Hori gutxi balitz, nazioarteko testuinguruak ez du laguntzen, orokorra baita egoera ekonomiko kaskarra. Etorkizunari begira, ezin dugu ahaztu historiak erakutsi digula antzeko egoerek guda handi eta zabal baten bidez izaten dutela irtenbidea. Eta han-hemenka ez dira zantzu kezkagarriak falta.

Aurtengo gertakari ekonomikoa, nire ustez, kutxen desagerpena izan da dudarik gabe. Zio filantropikoak bultzatuta XIX. mendean hasitako ibilbidea aurten amaitu da Euskal Herrian. Egia da aldaketa sakonak gertatu direla aurreko urteetan: kutxen finantza jardueraren bereizketa; finantza negozio horien bat-egiteak Banca Civicaren sortzearekin kasu batean eta Kutxabanken sorrerarekin bestean; CANen desagerpena zorretan itota eta abar. Baina aurten arte, beste hiru kutxak, teorian baldin bazen ere, banketxe baten jabeak ziren, eta beti ere teorian, banketxe horri izaera publiko eta soziala ematen zioten.

Joan den urtearen bukaeran 26/2013 Legea, abenduaren 27koa, aurrezki-kutxa eta banku-fundazioei buruzko araua onartu zen Madrilgo Gorteetan. Legeak zorrotz finkatzen zuen aurrezki-kutxen tamaina maximoa. Era berean, tamaina hori gainditzen zutenentzat zehazten zuen ibilbidea banku-fundazioak bihurtzea zen. Hori gutxi balitz, banketxe batean partaidetza handiak zituzten banketxe-fundazioentzat baldintza oso gogorrak zehazten zituen, praktikan beteezinak ziren kondizioak. Modu horretan, legegileak, PNVren babesarekin, banku-fundazioen partaidetzen salmenta bultzatu zuen. Ibilbide konplexu horrek bi helburu argi zituen. Batetik, izaera sozial zabala eta parte-hartzailea zuten kutxak maneiagarri bihurtzea. Horretarako, kutxa publikoak fundazio mugatu, pribatu eta itxiekin ordezkatzeko ibilbidea zehaztu zuen. Horrela pribatizazioaren lehenengo urratsa egin da: jabetza publikoa zena entitate pribatuaren eskuetan jartzea. Behin lehenengo urrats hori emanda, Kutxabankeko akzioen salmenta oztoporik gabe egin daiteke, zalaparta handirik gabe behintzat, une egokia iristean.

Eta horrela ulertu zuen Kutxabankeko presidente Mario Fernandezek. Otsail bukaera aldera elkarrizketa batean esan zuen berak Kutxabankeko kapitalaren %70 esku pribatuetan ikusten zuela. Adierazpen horrek hautsak harrotu zituen. Fernandezek zioena eta EHBilduk gertatuko zela esaten zuena berdina baitzen. Kointzidentzia horretatik harantzago, herritarrek ondo baloratzen dituzte Kutxak eta ez dituzte ez kutxak, ez Kutxabank pribatizatuta ikusi nahi. Hori dela eta, momentu horretatik aurrera PNVk estrategia aldatu zuen: Fernandez isildu egin zen eta banku-fundazioen bihurketa bi kolpetan gertatu zen: lehenengo Araba eta Bizkaian eta udazkenean Gipuzkoan. Gainera, kuriosoa bada ere, Espainiako Bankua zain gelditu zen Gipuzkoako kutxan erabakia hartu arte. Ondoren zabaldu zuen zirkular baten zirriborroa, non legeak agintzen zuena eta denon ahotan zegoena beltzez idatzita gelditu zen. PNVk eta, harrigarria bada ere, Vocento taldeak sumindu itxura egin zuten pribatizazio prozesuan izan duten ardura ezkutatzeko.

Gipuzkoako kutxan erabakia Europako Banku Zentralaren azterketa baino lehenago hartu zen. Horrela, zirkularrak lehenago eta “stress test” horien emaitzak ondoren estaltzen dute kutxetan gertatutako pribatizazio prozesua. Test horietan Kutxabankek Estatuko bankaren kaudimen emaitza hoberena atera zuen. Hala ere, handik egun batzuetara Mario Fernandezek dimisioa aurkeztu zuen. Erabaki horren zergatien inguruan hausnarketa asko egin daitezke, baina gauza batzuk nahiko objektiboak dira.

Fernandezek, PNVk eta Vocento taldeak bezala, jakin bazekien Kutxabank pribatizatuko zela. Horri begira egon da lanean Fernandez. Lanketa horren bi adibide nahiko ezagunak eta argigarriak dira: batetik, etxebizitzen desjabetzeak. Zer behar zeukan Kutxabankek etxebizitzen desjabetzeekin jarraitzeko? Bestetik, IRPH delakoaren erreferentzia. Aurkako sententziak eduki arren, zergatik jarraitzen du aplikatzen erreferentzia hori? Erabaki horiek argi adierazten dute bere izaera sozialari muzin egin diola nazioarteko inbertitzaileen konfiantza irabazteko. Ez dago beste azalpenik; horrelako gauzek bere balantzeari egin diezaioketen kaltea hutsaren hurrengoa da. Zergatik tematu? Beste batzuentzat fidagarria izateko, etorkizunean akzioak erosiko dituztenentzat, hain zuzen ere.

Pribatizatzeko lanketan beste norabide bat kaudimenaren koefizientea igotzea izan da. Koefiziente horrek bi aldagai ditu: banketxearen aktiboak eta banketxearen kapitala. Azken hori aldatzeko aukera asko ez zuen Fernandezek, kapital-gehikuntza ez bazen eta hori zaila zuen. Beste aukerari ekin zion. Kaudimena igotzeko, kapital berdinarekin aktiboa gutxitzea besterik ez zegoen. Eta hortik etorri da kredituaren iturria itxita egotea Kutxabanken. Norabide berdinean kokatzen da Kutxabankek funts putre bati 340 milioiko ordaindu gabeko maileguak saltzea: aktiboa gutxitu eta ordaina jaso zuen. Kredituak eman gabe merkatua galtzen da, baina kaudimena irabazten da. Jakina, horrelako estrategiek aldi baterako balio dute, ezin dira epe luzean mantendu; muturrera eramanda, krediturik ematen ez badu, ez da banketxe bat.

Eta hor dago, nire iritziz, Mario Fernandezen dimisioaren gakoa: nazioarteko inbertitzaileen konfiantza irabazita eta kaudimenaren hurrenkeran lehenengo postua lortuta, pribatizazioan prezio egokiena lortzeko unea zen eta salmentari ekin behar zitzaion. Momentu horretatik aurrera, adierazleak okertzen joango ziren: kredituak eman behar, kaudimena gutxituko zen, salmenta prezioa jaitsiko zen eta abar. Gainera, testuinguru zailean. Baina momentua iritsitakoan, PNV beldurtu egin zen, hauteskundeak berehala etorriko zirelako, beraz, epeak luzatu zituen eta hori Fernandezi ez zitzaion gustatu eta joan egin zen. PNVk lortu du pribatizazio prozesu honetan nahi zuena: gizarte ekintzaren kontrol politikoa. Hiru banku-fundazioetan ondo kokatuta dago. Hortik aurrera, izango du Kutxabankeko akzioak saltzeko denbora. Etekinen kontrol politikoa da garrantzitsua; banketxearen jardunak, izaera sozialak eta prezioak, horiek ez dute axola. Bete-betean, politikaren ondarezko ikuspegia.