Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Ausartuko ote gara oraingoan?

Euskara maila kaskarra dute ikasleek, inoizko kaskarrena. Eusko Jaurlaritzako Irakas Sistema Ebaluatzeko eta Ikertzeko erakundeak, ISEIk, 2015ean eginiko ebaluazio diagnostikoaren ondorioa da hori. Ebaluazioa, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diru publikoz finantzatutako hezigune guztietako ikasleen konpetentzia maila ezagutzeko tresna da, bi urtez behin egiten dena. Bertan, Lehen Hezkuntzako 4. mailako (10 urte) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailako (14 urte) neska-mutilek hartu dute parte. Haien hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez eta zientzia-kulturako eta matematikako konpetentziak aztertu dira. Zientziako atalean salbu, gainerakoetan jaitsiera izan dute emaitzek.

Kezkagarriak dira oso datuak. Hizkuntza konpetentziari dagokionez, eskolatik ateratzean ikasleak eleaniztunak izatea da helburua. Bestalde, euskararen biziraupena eta normalizazioa bermatzea ziurtatu nahi bada, ikasleek euskaldun eleaniztunak izan beharko dute, euskara hizkuntza gutxitua den heinean. Euskara arloan, ebaluazioa egiten hasi zenetik 2009an, emaitzarik eskasenak izan dira: gutxieneko maila lortu ez duten 10 urteko ikasleak %36 dira eta %46, berriz, 14 urtekoak; horren ondoan, maila aurreratua erdietsi dutenak sekula baino gutxiago dira: %26 gazteenak eta %16 Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak. Zenbakiek diote, gainera, bilakaera negatiboena euskarazko hizkuntza-komunikaziorako konpetentzian ematen ari dela; izan ere, aurrekoetan baino emaitza okerragoak izan dituzten heziguneen kopurua hobetu dituztenen bikoitza baino gehiago da.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Legebiltzarrean hitz egin du eta lehendik bagenekiena esan du: eskolak bakarrik ezin du, eta D ereduak ez du bermatzen ikasleek euskaraz nahikoa gaitasun izango dutenik. Aldaketak egin beharko direla dio, didaktikarekin lotutakoak, eskola mailakoak, alegia.

Zoritxarrez ez da lehen aldia ISEIk egindako azterketek agertu dutela aplikatzen ari diren hizkuntzak irakatsi, ikasi eta ebaluatzeko ereduak ez direla eraginkorrak. Euskarako B2 maila, nahiko oinarrizko maila, aztertu zuen 2005ean derrigorrezko hezkuntzaren amaierako (16 urte) ikasle lagin batean: A ereduko inork ez zuen gainditu, B ereduko %27k eta D ereduko %57k gainditu zuten, soilik.

Orduko azterketak izan zuen eragina Legebiltzarrean. Egia esan, ereduen sistemaren porrotak ezin zuen besterik eskatu. Egoera gainditzeko lege berri bat jorratzen hasi ziren, tartean Euskaren Kontseiluak aurretik egindako bidearen emaitza gisa ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko proposamena egin zuen 2007an. Baina politikariak aldatu ziren Gasteizen, eta ordutik, A, B eta D eredu agortuen bidetik jarraitzen dute hiru herrialde horietan, ikerketek erakutsi duten arren legeak agindutakoari iruzur egiten ari garela.

Ebaluazio diagnostikoa bada heziguneetan aplikatzen diren euskararekiko eta beste hizkuntzekiko irakaskuntzen eta ikaskuntzen politiken bilakaera ikusteko adierazlea, batek galdetzen dio bere buruari noiz arte itxaron beharko den beste politika batzuk ezartzeko. Orain arteko bideek badakigu noraino ekarri gaituzten, eta etengabe esaten ari zaizkigu, neurtzen ditugun bakoitzean, ezin dutela harago joan. Hezkuntza Saileko txokoren batean ahaztuta egongo da Kontseiluaren proposamena hautsak hartzen; eta, bien bitartean, ikasleen euskara neurketen emaitza bakoitza hautsak harrotzen! Itzuli-mitzulika jarrai genezake, baina jakin badakigu zein bide den merkeena, logikoena, kohesionatzaileena.

Hizkuntzak Irakatsi eta Ikasteko Marko berriaren ateetan egon ginen. Ez gaude, beraz, zero puntuan. Bidea ibiltzen hasi ginen, eta definitu ziren gakoak: euskara gutxi duenari eskolak euskara gehiago ematea, hizkuntza bakoitzean lortu beharreko maila finkatu eta ebaluatzea, Haur Hezkuntzan eta, batez ere, 0-3 zikloan murgiltze eta mantentze ereduak ezartzea, hizkuntza proiektuak osatzea, besteak beste.

Aurreko bateko galdera ekarriz, eleaniztasunak politikaz ala zientziaz ote duen, nago berriro erabaki politikoen baitan egongo dela... Ausartuko ote dira oraingoan? Heziguneetatik aterako diren belaunaldi berriak euskaldunak izango diren ala ez dago jokoan! •