Naiz.info
Donostia

Iosu Uribetxebarriaren osasun egoera larria salatu du Etxeratek

Preso politiko arrasatearra Leongo erietxean dago ospitaleratuta minbiziak jota. Bi nodulu ditu biriketan eta bestea buruan. Sendiak astean bitan ikus dezake, soilik ordu erdiz.

Mattin Troitiño eta Endika Intxausti, Iosu Uribetxebarriaren konfidantzazko medikua. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Mattin Troitiño eta Endika Intxausti, Iosu Uribetxebarriaren konfidantzazko medikua. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Iosu Uribetxebarria preso arrasatearen osasun egoera larriaz ohartarazi du Etxeratek prentsaurrean. Endika Intxausti konfidantzazko medikuak adierazi duenez, Urbetxebarriak minbizia izan zuen 2005ean giltzurrunean. Ebakuntza egin zioten eta ezkerreko giltzurruna galdu zuen orduan.

Orain, bi nodulu antzeman dizkiote biriketan eta beste bat buruan. Astebete darama Leongo ospitalean (Leongo espetxean betetzen du egun bere zigorra) eta oraindik ez dute diagnostiko mediku zehatzik jaso. Senitartekoek ez dakite aurrez izan zuen minbizia kasuarekin erlazioa duen, ala beste bat sortu zaion.

Konfidantzazko medikuak ez du oraindik presoarekin egoteko aukerarik izan. Familiak, astean bi aldiz bisitatzeko baimena lortu du, baina soilik ordu erdiz ikusten dute joaten diren bakoitzean.

Mattin Troitiñok, Etxeraten izenean, eragile sozial eta politikoei, eta euskal gizarteari orokorrean, Uribetxebarriaren egoera salatzeko eta bere Euskal Herriratzea eskatzeko deia egin die.

Guztira gaixotasun larriak dituzten hamalau preso politiko daudela gogoratu ostean, Barne ministro espainol Jorge Fernandez Diazi zuzendu zatzaio ondoren. «Espetxe politika kriminalarekin» amaitzeko galdegin dio eta presoen egoera politika horren isla dela ohartarazi du.

Uribetxebarriaren egoera salatu eta presoari elkartasuna adierazte aldera, manifestazioa deitu dute bihar, azken ostirala, Arrasaten. 19.30ean abiatuko da herriko plazatik.