NAIZ.INFO
DONOSTIA

Giza katearen jarraipena egingo du Info7 Irratiak Arrosa Sarearekin elkarlanean

Goizeko 10etatik hasita eta ordubiak arteko saioan, herriz herri egingo dira konexioak, Arrosa sareko irratietako kazetariei hitza emanez. Interes berezia jarriko da kateko 5 gune nagusietan.

Kultura, politika eta kirol munduko pertsonei ere hitza emango dieten arren, protagonismoa herritarrei utziko die Infozazpi Irratiak.

Arrosa Sareari esker, kate osoan zehar irratia entzuteko aukera izanen da. Hona frekuentziak: Durango-Elorrio, 100.7; Arrasate, 106.1 eta 107.7; Bergaratik Antzuolara, 97.2 eta 107.0; Urretxutik Zumarragarra, 98.0; Ezkio-Itsasotik Ergoienara, 107.0; Arzbizutik Arakilera 107.3; eta Itzatik Iruñera 106.7.

Internet bidez ere edonondik jarraitu ahalko da saioa.

Estudioa Nafarroako hiriburuan jarriko dute, eta Kalegorrian saioko ahots diren Jon Mikel Fernandezek eta Eider Olazarrek gidatuko dute saioa. Ondoan izango dituzte ‘Argia’ko zuzendari Estitxu Eizagirre eta ‘Berria’-ko Joxerra Senar.

Entzuleei irekia

Entzuleen parte hartzeari ere bidea irekiko diote, bai Whatsapp bidez (626 339 208) bai doako telefono bitartez (900 993 394).

Bukaeran, Satelite & RPV raperoak izango dira saioan, Gure Esku Dago abestia egin dutenak.

NAIZek eta GARAk bezala, Info7 Irratiak ere hainbat euskal herriko hedabidek egindako elkarlanean hartuko du parte. Elkarlan horri esker, giza kateko irudiak jarriko zaizkio irratsaioari, zuzenean ikusi ahal izango direnak. Zuzeneko saioa goizeko hamarretan hasiko da ere eta streaming bidez ikusi ahal izanen da elkarlanean ari diren webguneetan.

Goizean jarraitzerik ez dutenentzat, arratsaldeko zazpietan errepikatuko dute saioa.

Astelehenean ere

Aste hasiera ere berezia izango Info7 Irratian, Kalegorrian saio osoa Gure Esku Dago ekimenari eskainiko zaiolako. Herri ekikmen horretako bozeramaile Zelai Nikolas elkarrizketatuko dute, balorazio politikoa egingo dute, eta parte hartu duten herritarrak izango dituzte gonbidatu. Igandeko momentu onenak ere berreskuratuko dituzte.