Gasteizko harresiko irudiak, mundu osoko hedabideetan

Hotzikara eragin zien begira zirenei eta min latza lehen pertsonan bizi izan zutenei, Gasteiko harresian bizitakoaz milaka irudi hedatu dira eta munduan hainbat hedabidek eguneko argazki nagusien baitan aukeratu dituzte Aiala Zaldibar, Igarki Robles eta Ibon Estebanen defentsan eraikitako herri harresiaren ingurukoak.

@iontelleria|2015/05/19
Ts-dv2034334
Eguneko argazki nagusien artean Poliziaren izu, baina lekutik mugitu gabe eusten dioten gazteen hau. (Ander GILLENEA / AFP)

Herri harresitik harresira nazioarteko prentsari eta munduari oro har Euskal Herrian gertatzen denaren berri emateko ahalegin berezia indartu egin dute ekimen desobedientearen bultzatzaileek; eta erraza ez bada ere, bertako berri mundura eramateko pauso berri bat izan da atzo Gasteizen bizitakoa.

Aiala Zaldibar, Igarki Robles eta Ibon Estebanen espetxeratzea, beste hogei bat herritarren atxiloketa eta 70 bat zauritu utzi zituen Ertzaintzaren esku hartze bortitzak. AFP agentziak argazkia galeri zabala hedatu zuen mundura eta eguneko argazkien artean aukeratu zuen ‘The Guardian’-ek, adibidez:


‘The Guardian’ egunkariaren eguneko argazkien aukeraketa.

Argazki oinean modu honetan irakur daiteke: «Euskal polizia atxiloketa bat burutzen Giza Harresiaren bigarren egunean». Jarraian herri harresia «Segi gazte antolakunde independentistako kide izatea egotzitako zazpi gazteren atxiloketa salatzeko» desobedientzia zibil ekimena dela diote.

Eguneko argazkietan ezarri zuen ‘New Observer’ egunkari estatubatuarrak ere. Kasu honetan argazkia Ander Gillenea berarena, albiste honetako irudi nagusia. Testuan azalpena herri harresiaz «Segi gazte antolakunde independentistako kide izatea egotzita sei urteko espetxe zigorra ezarri dieten zazpi gazteen defentsan» eraikitakoa zela. Aipagarria da egunkari honek orain zigortu dituzten gazteen defentsan Loiolan eraiki zen herri harresiaz ere egin zuela garaian aipamena.

The Globe and Mail kanadiarrarentzat, atzo mundu osoan izandako gertakarien artean, hamar argazki esanguratsuenen artean zegoen poliziak gazte hau zeramanekoa:


The Globe and Mail agerkariak argitaratutako argazkia.

AFP agentziak herri harresiaren argazkiak hedatzeaz gain bezperan izandako manifestazioaren ingurukoak ere hedatu zituen eta hedabide askotan bezperatik atxiloketara arte izandakoak izan dituzte hizpide. Horietako bat, Ukraine Today hedabidea. RT nazioarteko hedabidearen Espainiako Estatuko atalak ere modu zabalean landu zuen gaia eta honakoa izenburua: «Euskal Herriko poliziak bortizki eraso egin die manifestari baketsuei», herri harresiaren bideo eta guzti.

Euronews-en ere eman zuten Gasteizko gertakarien berri. Bertan zioten ehunka herritarrek babestu zituztela Zaldibar, Esteban eta Robles, Segiko kide izateagatik seina urteko espetxe zigorra ezarri ostean espainiar auzitegiek.

Al Jazzerak ere jaso zuen gertakaria webgunean. Kasu honetan agerian Aske Gunearen Twitter kontutik egindako lana informazioa mundura hedatzeko. Izan ere, agerkariaren arduradunetako bati azalpen zehatzak eman zizkioten hiruzpalau txiotan:

Azpimarragarriak ere Süddeutsche Zeitung alemaniarrean argitaratutako kronika zabala, kasu honetan Thomas Urban kazetariak lehen pertsonan bizitakotik kontatua. Flamman aldizkari suediarrean ere modu zabalean landu dute gaia, kasu honetan testuinguru politikoaren inguruko azalpenak zabal emanez.

Sareen garrantzia

Kasu honetan ere sare sozial ohikoenek izugarrizko oihartzuna eman diote Gasteizko desobedientzia ekimenari. Horren lekuko zenbat milaka ikustaldi izan dituzten Youtuben hedatu diren bideoek. Horietan ikusiena, orain arte, Ertzaintzak iturrian izan zuen gaztearena (bideoa). Irudi hori bera izan da agian gehien hedatu denetako bat, lehen txio honen hedapen izugarria adibide:

Horiez gain aipagarria Directa kataluniarrak gaiari egin dion jarraipena, edo VICE agerkariak eguneko gai nagusienen artean ezartzea Alberto Pradillak eurentzat egindako kronika:

Espainiako hainbat hedabidetan lehen mailako oihartzuna izan du. ‘El Mundo’-k eguneko azalean baliatu du, adibidez, Gasteizko harresiaren argazkia. Kasu honetan, hala ere, nazioarteko hedabideek ez bezala Ertzaintzaren erabateko defentsa eta protesta baketsu egin zutenen aurkako jarrera atzeman zitekeen. Zaldibar, Robles eta Estebanen atxiloketa, beste 12 gazterena eta zaurituen berri zekarren; hori bai, zaurituak 17 ertzain izan zirela aipatuz eta hamarnaka herritarrena «ahaztuz».

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK

 

NAIZ
Loading player...


KONPROMISOA, ERANTZUKIZUNA, ZORROZTASUNA

 

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, martxoaren 30etik aurrera, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.