Joseba Fernandez presoa Mureteko espetxera lekualdatu dute

Joseba Fernandez Aspurz iruindarra Euskal Herritik 970 kilometrora dagoen Osnyko espetxetik 430 kilometrora dagoen Mureteko kartzelara eraman dute.

NAIZ|BAIONA|2018/04/13 13:09|0 iruzkin

Etxeratek jakinarazi duenez, Joseba Fernandez Aspurz espetxez aldatu dute. Euskal Herritik 970 kilometrora dagoen Osnytik Mureteko presondegira lekualdatu dute (430 km).

Atzokoan, Ekaitz Sirventen familiak baieztatu zuen Tarasconen zegoen preso zarauztarra Mont-de-Marsaneko espetxera gerturatu dutela, azken hiru asteak Reau-ko kartzelan pasa eta gero.

Sirventekin, hamar dira dagoeneko Estatu frantsesak Lannemezan eta Mont-de-Marsaneko espetxera gerturatu dituen presoak. Euskal Herritik gertuen dauden bi espetxeak dira horiek.

Lehen biak Zigor Garro eta Julen Mendizabal izan ziren. Saint Maur eta Osnyko kartzeletatik Mont-de-Marsanera lekualdatu zituzten otsailaren bukaeran.

Martxoaren hasieran, berriz, beste hiru preso lekualdatu zituzten: Josu Urbieta azpeitiarra, Raul Aduna gasteiztarra eta Jon Salaberria donostiarra. Urbieta eta Aduna Poitiers-Vivonneko kartzelan (550 kilometrora) aurkitzen ziren eta Salaberria, aldiz, Alençongo espetxean (830 kilometrora).

Era berean, martxoaren amaieran, Jon Gurutze Maiza eta Alberto Ilundain euskal preso politikoak Lannemezaneko espetxera gerturatu zituzten. Biak Saint Maur-eko kartzelan zeuden, Euskal Herritik 680 kilometrora.

Arkaitz Agirregabiria eta Iurgi Garitagoitia joan zen astean lekualdatu zituzten.

Salaberria eta Mendizabal dagoeneko aske geratu dira.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK