NAIZ
DONOSTIA

Programazio zabal batekin ospatuko dute Ekaingo koba aurkitu zuteneko 50. urtemuga

Ekainean mende erdia beteko da 1969an bi gaztek labar-margo ikusgarriez beteta zegoen Ekaingo koba aurkitu zutenetik. Urtemuga berezi horren karietara, urte osoan zehar hainbat ekintza eta ekitaldi ospatuko dituzte Ekain Fundazioak, Aranzadik eta Ekainberrik. 

Ekaingo kobaren aurkikuntzaren 50. urtemugako ekitaldien aurkezpena. (NAIZ)
Ekaingo kobaren aurkikuntzaren 50. urtemugako ekitaldien aurkezpena. (NAIZ)

1969ko ekainaren 8an Azpeitiko Andoni Albizuri eta Rafael Rezabalek Ekain kobazuloa eta Madelein aroko labar-margo ikusgarriak aurkitu zituzten. Kobazuloan, gutxi gorabehera, 70 animalia-irudi daude, 64 margotuak eta 6 grabatuak. 

2008ko uztailarean Unescok ospatutako konferentzian, Ekain kobazuloko margoak Gizateriaren Munduko Ondare izendatu zituzten, Erlaitz Kantabriarreko labar-artearen beste 14 santutegirekin batera, tartean Altxerri eta Santimamiñe.

Gauzak horrela, jatorrizko elementuaren osotasuna arriskuan jarri gabe ondare garrantzitsu honetaz gozatu ahal izateko, kobazuloaren erreplika sortzea sustatu zen.

Erreplika hori, Ekainberri, Sastarraingo bailaran dago, jatorrizko haitzulotik 600 metrora eta Zestoako erdigunetik metro gutxira. 2018an hamargarren urtemuga ospatu zuen Ekainberrik milaka bisita jaso ditu, tartean 500 ikastetxetatik joandakoak. Zerbitzu eta eskaintza ugari ditu egun Ekainberrik. 

Ekaingo kobazuloaren aurkikuntzaren 50. urtemugaren karietara, ekitaldi kultural ugari prestatu dituzte urte osoan zehar: erakusketak, historiaurreko kanpalekuak, Ekainfest jaialdiaren 10. edizioa...

Ospakizun egun nagusia ekainaren 7a izango da. Arratsaldeko 19.00etatik aurrera, Donostiako Victoria Eugenia antzokian diziplina desberdinak bilduko dituen ekitaldia egingo da: dokumentala, musika, dantza, hitzaldi pilulak eta omenaldia. 

Urteurreneko ekitaldi nagusien baitan, lau hizkuntzatara itzuli eta salgai egongo den liburu baten aurkezpena eta publikazioa ere aurreikusi dute.