Ondarroara joan eta hitz egiteko gonbita egin dio Urtza Alkortak Beltran de Herediari

Laugarren eguna du Urtza Alkortak Ondarroako Zumardian. Fisikoki nekatuta baina sikologikoki «oso indartsu» dagoela aitortu du. «Bide berri bat» ireki dela iritzi dio Donostian lehenengo eta Ondarroan ondoren sortutako «zubi harresian». «Hazia ereinda dago, eta handitzen doa. Gero eta zailago izango da aurrerantzean espetxeak betetzea», esan du. Estefania Beltran de Heredia Lakuako Segurtasun sailburuordeari Ondarroara gerturatu eta hitz egiteko gonbita egin dio.

Naiz.info|Ondarroa|13/05/2013|2 commment
Alkorta
Urtza Alkortak eskutitza irakurri du Estefania Beltran de Herediari zuzendua. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Ondarroako Zumardian prentsaurrekoa eskaini du Urtza Alkortak eguerdian, eta dei zuzena egin dio Estefania Beltran de Heredia Lakuako Gobernuko Segurtasun sailburuordeari: «Gonbidapen zintzo eta zuzena egiten dizut Ondarroara etor zaitezen, eta honetaz guztiaz hitz egin dezagun».

Alkortak salatu duenez, Ertzaintzaren esku jasandako tratu txarren ondorioz jasotako inkulpazioengatik espetxeratuko dute. Aro politiko berri honetan EAJk «Espainiaren eskutik» ala «Euskal Herriaren alde» jarraitzea erabaki beharko duela esan du, eta «Madrildik agindutako atxiloketekin jarraituta» EAJk prozesuaren alde egiten duen ekarpena zein den galdetu dio.

Nekatuta baina indartsu

Ostiralean agertu zen Urtza Alkorta ondarroarra herriko Zumardian. Espetxeratzeko agindua ezarria du, baina bere burua ez du kartzelan aurkeztuko eta herri harresia osatzeko deia egin zuen pasa den astean.

Lau egun daramatza bertan, ehunka lagunek babestuta. Ondarroan agerraldia egin aurretik Infozazpi Irratian egindako elkarrizketan fisikoki nekatuta dagoela aitortu du, baina sikologikoki «oso indartsu» agertu da. Bart gauean hiru aldiz izan da Ertzaintza bertan, eta herri harresia –edo, kasu honetan, «zubi harresia»– osatu duten lagun guztiek Ondarroako zubi gainean babestu dute Alkorta.

Gauerdian lehenengo, eta goizaldeko 02.00etan ondoren, Ertzaintza Zumardian izan da. Bi ordu beranduago ere berriro ¡tzuli da, baina ez dute Alkorta atxilo eraman.

«Bide berri bat» ireki da ondarroarraren aburuz. Donostiako gazteek hasitako bidea da, hain zuzen, berak aipatu duena, eta ildo horri jarraitzeko beharraz mintzatu da. «Donostian hasitakoak aukera ematen digu bakoitzari barruan genuena kanalizatzeko. Ondarroan oso inguru desberdinetako jendea etorri da hona. Ez da ezker abertzalea erantzuten ari dena; herri bat da aurrean dutena. Hortik indarrez jarraitzeko deia egiten dut», esan du.

EAJri ere egin dio erreferentzia Alkortak. Bere iritziz, «hautu bat egin behar du». «Orain arte Espainiako aginduak jarraitzen ari da, baina hautua egin beharrean dago. Herri harresi honetan Euskal Herriaren aldeko apustua egiten badu, lekua edukiko du eta ongietorria izango da», nabarmendu du.

Bere adierazpenetan, Euskal Herrian epaiketen zain edo bere antzeko egoeran dauden lagunei ere zuzendu zatzaie eta berak hartutako bide berbera jarraitzeko eskatu die. «Eramango gaituzte agian, baina gero eta zailagoa izango da. Hazia jarrita dago eta hura hazten joango da. Gero eta zailagoa izango da kartzelak betetzea».

Twitterren ere sortu da bigarren zubi bat, kasu honetan, #ResistOndarru.

RELATED NEWS
LINKS