Ondarroan osatutako herri harresian da Urtza Alkorta

Ondarroako herritar eta eragile ezberdinek herri harresia osatu dute Zumardian Urtza Alkortaren atxilotzea ekidite aldera. Bizilagunek inguratu dute gaztea, Ertzaintzak atzeman ez dezan. Arratsaldean ehunka pertsona manifestatu dira ‘Kartzelak hustutzeko garaia da’ lelopean.

Naiz.info|Ondarroa|2013/05/10 06:53|2 iruzkin
20130510_ondarru_7
‘Kartzelak hustutzeko garaia da’ lelopean manifestazioa egin dute Ondarroan. (Ion TELLERIA)

Herri harresia osatzeko deia egin du aste honetan bertan Alkortak. Goizean osatu dute harresia herriko bizilagun eta hainbat eragilek. Ertzaintza ere bertatik igaro da, baina ondoren alde egin duela adierazi du Ion Telleria NAIZeko berriemaileak.

Lehenengo asanblada egin dute bertaratutako ehunka lagunek. Helburua, atxilotzea ekiditea izango da desobedientzia zibilaren bitartez.

13.00ak jo aurretik agertu da Alkorta Zumardira, eta harresiaren babesean kokatu da. Egoera «pertsonalki gogorra» dela adierazi du Alkortak, baina espetxera «indarberrituta» sartuko dela ohartarazi du Ondarroan jasotako babesaren ondotik.

Bere iritziz, «aurrean herri bat dutela irudikatu behar dugu». «Eramango gaituzte, baina kostako zaie», nabarmendu du.

ETAri laguntza ematearen akusaziopean, bost urteko espetxe zigorra ezarri zioten otsailean eta, iragan apirilean, bere burua espetxean aurkezteko agindua eman. Agindu horri uko egin dionez, bi aldiz saiatu da Ertzaintza Alkorta atxilotzen, baina ez dute etxean aurkitu.

Goizean egin dituzten batzar eta asanbladen bidez egun osoko egitaraua prestatu dute Aske Gunean. Hala, ‘Kartzelak hustutzeko garaia da’ lelopean ehunka pertsonak hartu dute parte arratsaldeko manifestazioan.

Martxaren amaieran hitza hartu du Urtzak Alkortak. Bera babestera agertu den jendeari zuzendu zaio lehenik, eskerrak emanez. Ondoren, herri harresiaren bidea goraipatu du eta inguruko herri eta auzoetan praktika bere erabiltzeko deia egin du.

Azkenik, konponbide garaia dela esan du eta, horrenbestez, kartzelak hustutzeko garaia. Horregatik, beste herritar bat espetxean sartzea ezin dela onartu esan du.

Erlojuaren orratzak atzera

Bere aldetik, Maribi Ugarteburu Sortuko kideak salatu du «estatuak tematuta daudela atzera begira jartzen ordulariaren orratzak». Gobernu frantsesak eta espainolak «blokeoarekin» jarraituko dutela ohartarazi du, Euskal Herriarentzat «ez dutelako agenda demokratikorik». Ildo horretan, desobedientziaren erresistentziatik «geure bidea egiteko» deia egin du.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK
LOTURAK