Txartelak erosteko ilara dezente sortu da Anoeta inguruan urteko lehen Ligako partidarako, ikusmina zegoelako, ziurrenik, 2013-2014 denboraldirako Jagoba Arrasateren hamaikakoak zer itxura emango ote duen. Lehen kolpea ezin hobea izan da. 2-0 Getaferen aurka, astearterako jokalari batzuk gorde eta zaleak etxera gustura txuri-urdinen joko mailarekin.
Golak ere txalotzekoak izan dira, dotorezi handikoak biak ere. Lehena Carlos Velak sartu du lehen zatiko 42. minutuan eta bigarrena Seferovic-en estrainekoa 70. minutuan atezainari dotore-dotore burugain baloia pasaz.
Gaurko partidan nagusitasuna Elustondo-Pardo-Zurutuza hirukoak eraman du eta badirudi Arrasate entrenatzailearentzat hiruko hori izango dela gakoa, hiruak aldatu ditu astearteko partidarako indarrak gorde ditzaten. Gainera, Gaztañagaren debuta izan da 83. minutuan (Elustondoren ordez). Aurrez Javi Ros sartu da Ruben Pardoren lekuan eta Xabi Prietok Zurutuza ordezkatu du.
Jokalariak ere pozik joan dira etxera emaitzarekin eta emandako itxurarekin, horren adierazle Iñigo Martinezen txio hau:
Zelako pozik du bat etxea beran lana ondo etxendabenin! Handixe ekipo! INPORTANTI! ✌
— Iñigo Martinez (@InigoMartinez91) August 17, 2013