«Gaur egun handia da, olinpiar izpirituak alde guztiak batu dituelako», azpimarratu du Bachek, gogoratuz «bidaia ez dela erraza izan».
Hala, Ipar Koreako 22 kirolarik hegokorearrekin batera lehiatuko dira, bandera bakar baten pean, hiru kirol eta bost modalitatetan.
Azken asteotan eman den hurbilketaren ondotik, bi herrialdeetako olinpiar batzordeek delegazio bakarra osatzeko nahia adierazi zuten, eta Bachen hitzek iragarri dute baiezko hori. Horrek esan nahi du irekiera ekitaldian ere, batera egingo dutela desfilea bi Koreek.
Nazioarteko Olinpiar Batzrodeko buruak nabarmendu nahi izan du lehen aldiz jazoko den gertakari hori oso une «hunkigarria» izango dela eta ez bakarrik bi Koreentzako, «mundu osoarentzako baizik». «Ni neu banatuta zegoen herrialde batetik nator, hortaz, emoziozko unea izango da eta hura bizitzeko gogoa daukat».
Ipar Korea garatzen ari den programa nuklearra dela-eta, nazioarteak zigor zurrunak ezarri dizkio Pyongyango Gobernuari. Hala eta guztiz ere, eta presioak presio, bi Koreen arteko hurbilketa nabarmena izan da azken asteotan.