«Hezkuntza propioa eraikitzeko urratsak ematen jarraitzeko» asmoz, Herir Unibertsitate Nazionala gauzatzen ari dira gaur eta bihar artean Ibaetako kanpusean. Jardunaldi hauetan «elkartzea, eztabaidatzea, ikastea, harremantzea eta borrokatzea» izanen dituzte tresna, «hezkuntza kapitalistarekin amaitzea eta ezagutza propioa garatzea» helburu.
Ikasleentzat «baliagarri» den hezkuntza sistema bat defendatzen dute, «langile klasearen interesak defendatuko dituen» hezkuntza eredu berri bat eraikitzeko nahiarekin. Egun hauetan zehar, urte guztian Euskal Herriko fakultate ezberdinetan landu diren proiektuetan sakonduko dute.
«Euskal Herrian mahai gainean dauden eztabaidak plazaratu nahi ditugu, errealitatea hobeto aztertzeko beharrezkoa zaigun ezagutzan sakondu, bizi eredu berri bat eraikitzeko beharrezko diren tresnak eskaini, baita harreman eredu berriak martxan jarri ere», adierazi dute ohar baten bidez.
Horretarako, hainbat hitzaldi, lan-saio eta eztabaida gune antolatuko dituzte. Gaur 10:00etan egin dute irekiera ekitaldia, eta 11:30ean hainbat saiorekin hasi dira: ‘Sobietar Batasuna, emakumearen askapenaren bidean?', 'Haurdunaldi subrogatuak bai ala ez?', 'Genereo zapalkuntza historian zehar' eta 'Klase feminismoaren oinarriak.
Arratsaldean, aldiz, 15:30etatik aurrera, ‘Gizarte kapitalistari kritikarako oinarriak’, ‘Giza harremanak kapitalismoan’ eta ‘Krisiaren nondik norakoak’ landuko dituzte. Langile klasea eta langile boterea ere iluntzean eztabaidatuko dituzte.
Gaua ere ez da ekimenik gabe geratuko. Herri afariaren ostean, margoketa eta masaje tailerrak izanen dira, eta norbere burua zaintzeko tailerra ez da faltako.