naiz

Bozeramaile berriekin, etapa berri bati ekingo dio Gure Esku Dagok igandean

Martxoaren 31n, Bilboko Euskaldunan egingo den ekitaldian, etapa berri bati ekingo dio plataformak. Egun horretan emanen dituzte ezagutzera bozeramaile berriak, baina gaur argitaratutako spotean ezagutu ahal izan ditugu haien aurpegiak.

Oiarbide eta Nikolas, Gure Esku Dagok izango dituen bozeramaile berriekin. (GURE ESKU DAGO)
Oiarbide eta Nikolas, Gure Esku Dagok izango dituen bozeramaile berriekin. (GURE ESKU DAGO)

Angel Oiarbide eta Zelai Nikolasek Gure Esku Dagoren bozeramaile izateari utziko diote, ia sei urte eta gero. Hala ere, ez dute Gure Esku Dago albo batera utziko eta dinamikaren zuzendaritza kontseiluko kide izango dira aurrerantzean. Lekukoa hartuko duten bozeramaile berriak martxoaren 31n aurkeztuko dira, Bilboko Euskalduna jauregian egingo den ekitaldian, nahiz eta gaur argitaratutako spotean haien aurpegiak erakutsi dituen plataformak. Izenak, igandean.

«Gure Esku Dago fase berri bat hastera doa, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bideari jarraipena emateko. Ez da hutsetik abiatzen; azken urteotan herritarrek eraikitako orubea du oinarri; milaka herritarrek parte hartu duten ahalduntze prozesu kolektiboa», adierazi dute ohar labur batean.

Jakinarazi dutenez, bozeramaile aldaketa ez da dinamikaren barnean egonen den bakarra. «Berrikuntzak eta sorpresak izango ditu martxoaren 31ko ekitaldiak. Egindako ibilbidea balioan jarri eta etorkizuneko erronkak mahai-gaineratzeko unea izango da».

Bozeramaile berrien izenak ezagutzera emateaz gain, zuzendaritza kontseilua osatuko duten kideak ere jakinaraziko dituzte.