Iratxe Fresneda
Iratxe-fresneda
‘La trinchera infinita’, zinemak baditu milaka aurpegi
28/09/2019

Amaitu da Zinemaldia. Dagoeneko gehiegikeria bat delakoaren sentipen kontraesankorra daukat. Bizitza gertatzen da zineman gauden bitartean, paraleloki eta aldi berean. Batzuetan, zinema eta errealitatea elkarrekin doaz, bizitza inportanteena dela azpimarratuz. Hori da Ken Loach-ek egin duena, kamiseta jantzi eta ‘Zaintzaldia’-ren langileekin elkartuz, pankartaren atzean. Zinema eta bizitza, zinema eta sariak, aitortzen ez diren merezimenduak, pertsona gutxi batzuen erabakiak epaile.

67. Donostiako Nazioarteko Zinemaldian ikusi ditugun filmen artean, Aitor Arregik, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako ‘La trinchera infinita’ azpimarratu nahiko nuke, eta ez bakarrik gidoi onenaren saria eta zuzendaritza onenaren saria jaso dituelako. Zuzendari euskaldunek arrisku formala abiapuntutzat hartuta, ikuslea hasieratik harrapatzea lortzen duen filma sortzea lortu dute eta hau lortzea ez da batere erraza, lagunok.

‘La trinchera infinita’-k Andaluziara garamatza, beste garai batera, Espainiako Estatuaren errelato nagusiaren kontakizunean agertzen ez den istorio bat kontatzeko. Antonio de la Torre eta Belen Cuesta aktoreak protagonistatzat dituen pelikula honetan, etxea gordelekua da, errelatoaren erdigunea, kontakizunean parte hartzen duen pertsonaia. Espainiako errepublika garaian, Gerra Zibila piztu bezain laster, Higinio eta Rosak etxean zulo bat egin beharko dute gizonaren bizitza babesteko. Itxialdiak 30 urtetik gora iraungo du eta ikusleak beraien elkarbizitzaren eta Espainiako Estatuaren bilakaera historikoaren lekuko bihurtuko ditu.

Gidoia, errealizazioaren planteamendua eta gizon-emakumeen arteko harremanak ederki daude irudikatuta, ez dago biktimizaziorik, ez dago idealizaziorik, etxearen barruak beraien identitateen etengabeko mutazioa eragingo du. Argi eta garbi esan behar da, kontakizunaren bikaintasunera heldu dela lantalde hau, azpimarragarriak izanik Javier Aguirreren argazkilaritza lana («barrutiko» ikuspuntua lantzen duenean batez ere) eta Raul Lopez eta Laurent Dufrecheren edizioa (esango nuke, dudarik gabe, beraien lanak egin duela «handia» filme hau), azken hau neurtua eta eraginkorra. Etxeetan gertatzen dira sarritan kontatzen ez diren istorioak, barrukoak, «txikiak», baina garrantzitsuak aldi berean. Errelato nagusien autobideek kontatu ez dizkigutenak agerian geratu dira, ‘La trinchera infinita’-k argitara ekarri ditu, zinemak badituelako milaka aurpegi esploratzeke, Urrezko Maskorren gainetik.

RELATED NEWS