Langile bat hil da Olaberriako Arcelorren, eta beste bat Sunbillan mendian

Olaberriako Arcelor enpresan zamalanak egiten ari zen garraiolari bat eta Sunbillako Añerdi auzoan egurra kargatzen ari zen beste langile bat lan istripuetan hil dira gaur. Hego Euskal Herrian, urteak dituen 22 egunetan zendu den zazpigarren eta zortzigarren langileak dira.

NAIZ|OLABERRIA|22/01/2020
Sunbilla
Sunbillako istripuaren irudia. (Foruzaingoa)

Garraiolari bat hil da Olaberriako Arcelor enpresan zamalanak egiten ari zenean. Lanean ari zela ibilgailua gainera etorri zaio eta beste kamioi baten kontra zanpatu du. 59 urte zituen.

Goizeko ezbeharra beste bat erantsi zaio arratsaldean. Foruzaingoak jakinarazi duenez, egurra kamioi batean kargatzen ari zen gizon bat hil da, ustez hau ere harrapatuta, Sunbillako Añerdi auzoan. 52 urteko zituen eta Doneztebeko auzokidea zen.

Momentuz ez dago bigarren honen datu gehiagorik, bai ordea lehenari buruz. Albistea zabaldu ondoren Arcelor enpresatik Europa Press albiste agentziari esan diotenez, hildako garraiolariak Santillan enpresarako egiten zuen lan eta portugaldarra zen. Iturri hauen arabera, Santillanek maiz garraio lanak egiten ditu Arcelorrerako.

Arcelorreko arduradunen hitzetan, lehenengo ikerketen arabera langileak ez du kamioia behar bezala kokatu, beste gidari batekin hitz egitera joan da, eta orduan kamioia irristatu eta beste ibilgailu baten aurka harrapatu du.

LABen salaketa

LAB sindikatutik «elkartasuna» adierazi nahi izan diete hildakoen senide, lagun, lankide eta gertuko guztiei. «Modu berean gogor salatu nahi dugu heriotz berri honekin, Hego Euskal Herrian, 2020. urtea hasi berri den honetan, hildako zazpigarren langilea dela», adierazi dute Arcelorreko istripuaren ondoren. Hau da, hiru eguneko langile bat zendu da.

LABek gogora ekarri du lantegi berean, 2013an, «antzekotasun handiko beste istripu bat» gertatu zela. Beste garraiolari bat hil zen orduan. «Hau guztia dela eta, LAB sindikatutik mobilizatzera dei egiten dugu, guztien artean, langile zein jendartean, sarraski hau geldiarazi dezagun». 

Erantzunkizunak eskatu dizkiote Lakuako Gobernuari. «Non daude Gasteizko Gobernuko arduradunak heriotz hauek salatzeko? Zein aldaketa eta zein pauso emateko prest daude egoera eta eredu kriminal hau geldiarazteko?», galdetu dute.

Era berean, ondorengo orduetan erantzun «zabal eta anitza» artikulatzen saiatuko direla jakinarazi dute eta jendarte zein enpresa eremu ezberdinetan protestak deituko dituztela iragarri.

RELATED NEWS

 

 

NAIZ
Loading player...


Koronabirusaren krisiak kaltetutako taldeei laguntza ekonomikoa eman eta euskal musikaren industria babestu eta kulturari egiten dion ekarpena balioan jarri nahi du NAIZ Kontzertuak ekimenak.

Elene CARRETO - FOKU
Loading player...


Konfinamenduaren erronketako bat da geure buruak eta gorputzak zaintzea. Bide horretan, NAIZek zumba saioak eskainiko ditu egunero, astelehenetik ostiralera, Elene Carreto dantzari durangarraren eskutik.