Bizkaiko Foru Aldundiak 4.085 miloi euro bildu ditu uztailera arte, iaz baino 1.005 milioi gutxiago

Bizakaiko Foru Aldundiak 2020ko lehenengo sei hilabeteeko zerga bilketaren datuak argitaratu ditu eta, nabarmendu duenez, 4.085,2 miloi euro bildu ditu uztailera arte, iazko epe berean baino 1.005,2 miloi gutxiago, ia %20 gutxiago. Pandemiaren ondorioez gain, zergen ordainketen atzerapenak ere kontuan hartu behar direla adierazi du Aldundiak.

NAIZ|13/08/2020
Bizkaia
Bilboko denda bat, leuntze lehen fasean maiatzean. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Bizkaiko Aldundiak iragarri duenez, uztailera arte Bizkaian 4.085,2 milioi euro bildu dira itundutako zergen bidez. Kopuru hori 2020ko guztirako bilketa-aurrekontuaren %50,2 da, eta iazko aldi berean bildu zena baino %19,7 gutxiago da. Bi ekitaldiak alderatuta, aurtengo uztailerako iazko uztailerako baino 1.005,2 milioi gutxiago bildu dira.

Aldi honetan, Bizkaiko bilketan eragin handia eduki dute jarduera ekonomikoaren geldotzeak eta Foru Ogasunak Bizkaiko zergadunen likidezia hobetzeko (batez ere mikroenpresa, ETE eta langile autonomoena) eta ekonomiaren sektore ahulenek eragin ekonomiko are handiagoa ez jasateko ezarri dituen neurriek. Besteak beste, PFEZ, ondarearen gaineko zerga eta sozietateen gaineko zerga ordaintzeko aldia atzeratu da, langile autonomoen atxikipenen ordainketa eten da, eta ezohiko kenkariak ezarri dira. Neurri horiek guztiak kontuan eduki behar dira 2020ko uztailera arteko bilketa 2019ko uztailera artekoarekin alderatzean.

Covid-19k ekarri duen krisi ekonomikoaren ondorioak ez ezik, aurtengo ekitaldiko kopuruak iazko ekitaldikoekin alderatzean kontuan eduki behar da neurri batzuek eduki duten eragina ere, esaterako zergen ordainketen atzerapenek eduki dutena. Uztailean foru aldundien bigarren doikuntza egin da: Bizkaiak 395,2 milioi ordaindu dizkio Gipuzkoari eta 170 milioi Arabari. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere zerga bilketaren datuak argitaratu zituen asteazkenean.

Zuzeneko zergak

Zuzeneko zergen bitartez 2.133,8 milioi euro bildu dira, hau da, iazko aldi berean baino %19,1 gutxiago.

PFEZ osorik hartuta, %13,2 gutxiago bildu da, baina aipatu behar da lanaren atxikipenek gora egin dutela: %0,9 gehiago, 1.803,4 milioi euro guztira. Ondare-irabazien gaineko atxikipenak ere gehitu egin dira, %89,2 gehiago; gutxiago bildu da sarien gaineko karga bereziaren bidez, eta kapital higiezinaren gaineko atxikipenek behera egin dute.

PFEZ dela eta, errenta aitorpenen emaitzako kopuruak ez dira jasoko irailaren 30era arte, aurten kanpaina hiru hilabete luzatu da eta. Iazko uztailerako, aldiz, 220,4 milioi euro bilduta zeuden kontzeptu horrengatik.

PFEZarekin egin den bezala, ondarearen gaineko zerga ordaintzeko aldia irailaren 30era arte atzeratu da.

Sozietateen gaineko zergari dagokionez, aurtengo lehen zazpi hiletan 482 milioi euro bildu dira, iaz baino 183,6 milioi gutxiago. Zerga honetan ere gogoan eduki behar da kanpaina ez dela amaitu zergadun guztientzat, azaroaren 25era arte atzeratu baita kontuak emateko epealdiaren luzapenari heldu dioten mikroenpresa eta enpresa txikientzat. Gainera, ezohiko kenkaria ezarri da zerga honen kuota efektiborako; hori aplikatzeko baldintzak maiatzaren 5eko 4/2020 Foru Dekretu Arauemailean ezartzen dira.

Doikuntzak Estatuarekin

Kudeaketa propioko zerga itunduen bidez 3.840,2 milioi euro bildu dira, iaz baino %18,8 gutxiago.

Estatuarekin egin beharreko doikuntzak direla eta, lehen bi hiruhilekoetakoak egin dira: BEZaren doikuntzan Bizkaiak 392 milioi euro jaso ditu eta zerga berezien doikuntzan Bizkaiak 147 milioi euro ordaindu dizkio Estatuari.