Denek ohartarazi zuten Beiruten arriskuez, inork ez zuen ezer egin

Libanoko Errepublika osoa jakinaren gainean omen zegoen, Michael Aoun presidentea tartean. Hilabetetan, eztanda odoltsuaren bezperara arte, Beiruteko portuan «ahaztuta» zeuden amonio nitratoko ia 3.000 tonek suposatzen zuten arriskuari buruz mezuak nonahi zabaldu ziren. Inork ez zuen ezer egin. Libanoko Fiskaltza nagusiak ministro eta ministro ohiak galdekatuko ditu bihar argitasunak eta, hala badagokio, erantzukizunak zehaztu eta eskatzeko.

Dabid Lazkanoiturburu|13/08/2020
Libano
Saint George hospitaleko gelatik ikusgai eztandaren ondorio larriak. (Patrick BAZ | AFP)

Hamar egun igaro dira 170 hildako baino gehiago, 20 bat desagertu eta 6.000 zauritu eragin zituen Beiruteko eztanda gertatu zenetik, baina Gobernuak ez du ezbeharraren inguruan azalpenik eman eta inork ez du akats larria bere gain hartu.

Hori bai, Libanoko Parlamentuak beste hilabete batez luzatu du  salbuespen egoera. Helburua ez da, ordea, auziaren inguruan argitasunak ematea, Armadari protesten aurka egiteko dituen ahalmenak handitzea baizik. Atzo bertan, kalera irtetzeko dei egin zuen Urriaren 17ko Mugimendu matxinoak.

Diputatu batzuk ez ziren joan UNESCOren egoitzan, segurtasunaren aitzakiarekin, egin zuen Parlamentuaren bilkurara.

Egun hauetan jakin da eztandaren bezperan, abuztuaren 3an, Lan Publikoen ministroak, Michel Najjarrek, amonio nitratoaren stock-ak zuen arriskuari buruz Defentsa Kontseilu Gorenak uztailaren 24an bidali zion eskutitza jaso zuela.

Adha jai musulmana zela-eta, eskutitza kajoi baten egon zen 10 egunez.

Najjarrek Portuko agintariei deitu omen zien eta hauek duela hiru hilabete jaso zuten gomendioa, biltegiak zituen pitzadurak ixtea, gauzatzen hastea erabaki zuten orduan.

Bertan, material oso suharberak zeuden, hala nola, bolbora eta margo poteak.

Eta, batzuen iritziz, abuztuaren 4an hasi zituzten mantenimendu lanek sua eragin zuten.

Sei urte luzez

Nola demonio pasa behar izan ziren sei urte luze stock horrek zituen arriskuez jabetzeko? Zergatik egon zen ahaztua?

Zaila da jakitea, baina Aoun presidenteak behintzat azken hilabetean gertatu zenari buruz pistak eman ditu, bere burua zuritu nahi badu ere.

Presidenteak uztailaren 20an jaso zuen, Estatuko Segurtasunaren eskutik, ohartarazpen larria eta Defentsa Kontseilu Gorenaren esku jarri zuen, «nik ez baitut Portuko kontuetan konpetentziarik». Kontseiluak Lan Publikoen ministroari helarazi zion.

Ondorengoa badakigu. Aounen kidea den Hizbullah-k Portuaren nondik norakoak kontrolatzen zituela ukatu egin du azken egunetan.

Bat-batean, denak hasi dira gogoratzen eurek ohartarazi zutela hasiera-hasieratik kargamenduaren arriskuez.

Beranduegi. Ala goiz, bihar bertan hasiko direlako Fiskaltza nagusiaren galdeketei erantzuten. Aterako al da ezer garbirik? Libanparrek ez dute, behintzat, inolako itxaropenik.

RELATED NEWS