Naiz

Baserrien sekretuez gozatzeko bisita tematikoak, Igartubeiti Museoan

Ezkio Itsasoko Igartubeiti Baserri Museoak bi bisita tematiko antolatu ditu udarako. Batek etnobotanika jorratuko du, eta besteak, berriz, baserriaren arkitektura eta zaharberritzea. Biek baserriko bizimoduaren altxorrak jarri nahi dituzte familia eta taldeen eskuetan.

Igartubeiti Museoa.
Igartubeiti Museoa.

‘Landareen sekretuak’ izenburua du Igartubeiti baserriaren inguruan jan daitezkeen landareak aurkitu, haien propietateak eta ezaugarriak ezagutu eta dastatzeko aukera proposatzen duen bisitaldiak. Jarduera kanpoaldean burutuko da eta 20 lagunentzako edukiera du. Goizeko 11:30ean hasiko da hainbat landare jangarri aurkituz, haien propietateak eta ezaugarriak ezagutuz eta dastatuz. Bisitak ordubete iraungo du. 20 lagunentzako lekua dago.

Bigarren proposamenari ‘Igartubeiti baserriaren erraiak’ deitu diote, eta baserriaren barnealdetik egingo den bisita izango da, arkitektura eta zaharberritze lanak ezagutzeko. Azken hau 12:30ean hasiko da, ordubete irauten du eta 10 lagunentzako lekua izango du.

Bi bisita tematikoek planteatzen duten esperientzian parte hartzeko, aldez aurretik egin behar da erreserba igartubeiti@gipuzkoa.eus helbidean edo 943 722 978 edo 943 725 107 telefonoetan.

Aurtengo udako bisita horietan, familiek baserriko ohiturak ezagutzeko aukera izango dute «museoaren barnealdean eta kanpoaldean proba entretenigarriak eginez». Interesatuek familiaren liburuxka jaso ahal izango dute museoko harreran eta jarduera «bere erara» egin ahal izango dute.

Iraganera bidaia

Museoa libreki bisita daiteke, QRak eskaneatuz edo komentatutako bisita eginez. Bisiten ordutegia honakoa da: 11:00etan euskaraz; 12.30ean gaztelaniaz eta 17:00etan euskaraz edo gaztelaniaz.

Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoarekin batera, ‘Bidaia bat gure iraganera’ ibilbide bateratua eskaintzen du museoak: bi museo-guneak bisitatu eta euskal produktuak dastatzeko.

Igartubeiti XVI. mendekoa da, euskal baserriaren Urrezko Aroaren garaikoa. Jatorrizko egurrezko egitura mantentzen du baita garaiko baserri askotan ohikoa zen sagardo dolare handia ere. Baserriak XVII. mende hasieran zuen irudi historikoa berreskuratu du, eta barruko altzari eta tresnak ere garaikoak dira.