Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Tragedia eta hura gainditzea, Euskadiko Orkestraren denboraldi berriaren ardatz

Shostakovich, Tchaikovski, Bruckner, Carl Off... oparo dator Euskadiko Orkestraren 2022-23 denboraldia. Izurriak ezarritako erronkei erantzutea lortu izanagatik pozik eta aurrera begira gogotsu agertu dira arduradunak aurkezpenean.

Oriol Roch, Robert Treviño eta Binben Zupiria, ostegun honetako agerraldian.
Oriol Roch, Robert Treviño eta Binben Zupiria, ostegun honetako agerraldian. (Jon URBE | FOKU)

«Arte sorkuntzarako inspirazio iturri arras handia izan da beti Historiaren bilakabidea. Baita musikarako ere, arimaren ispilu bihurtu baita maiz; zoritxarrarena, tragedia gordinenarena, zein hura gainditzearena», adierazi dute gaur Euskadiko Orkestraren arduradunek denboraldi berriaren aurkezpenean.

Ezbeharrean oinarrituta nork bere burua hobetzearen gaineko kontakizunaz ari dira. «Hor musikak, arte gorena izanik, adibide bikainak eman ditu historian zehar; horietako batzuk izango ditugu gurekin 2022-2023 denboraldian. Hizpide ditugu, hain zuzen ere, Shostakovitxek bere noten bitartez adierazten duen gordintasun –batzuetan ezkutatu– hori (8. Sinfonia), Tchaikovskiren mamuak (4. Sinfonia), Brucknerren sinfoniarik handiena (8. Sinfonia) eta mundu osoan oraindik aditzen den Carl Orffen lanik ospetsuena (‘Carmina Burana’) –Donostiako Orfeoiarekin batera haren 125. urteurrenean–», jarraitu dute.

Euskadiko Orkestraren 2022/2023 abonu-denboraldia irailaren 23an hasiko da Gasteizen, eta 2023ko ekainaren 9an amaituko da Donostian. Guztira 10 abonu-programa izango dira, Gasteiz (10), Bilbo (10), Donostia (10x2) eta Iruñearen (10) artean banatuta; denera 50 kontzertu iragarri dira abonu denboraldiari dagokionez.

Shostakovitxek 8. Sinfonian azaleratzen duen tragediak emango dio abiapuntua denboraldiari. «Lan hori 1943. urtean sinatu zuen, eta Bigarren Mundu Gerran izandako milioika hildakoek eragin zioten zirrararen emaitza da. Shostakovitxek emango dio amaiera, halaber, 15. Sinfoniaren bidez; tragedia gainditzea begiztatzen da bertan, baikortasuna baitario 1971n idatzitako lanari», adierazi dute.

«Denboraldi honetan errealismo- eta ezbehar-dosi eskergak daude, baita, halere, haien gainditzea, baikortasuna, energia eta grina ere», azken finean.

Treviñorekin elkarlana

Robert Treviñok bost urte daramatza –hiru urterako etorri eta luzatu egin zuten– orkestraren gidari eta elkarlanak ez du amaiera datarik. «Orkestrak azken urteotan lortu dituen emaitza artistiko handiak eta kritikaren babes orokorra direla-eta, haren titulartasunari jarraipena eman eta hura luzatzea erabaki da, hura amaitzeko egunik zehaztu gabe», azaldu du Oriol Roch, Euskadiko Orkestraren zuzendari nagusiak.

Pozik agertu dira bi aldeak orain arte jorratutako bideaz. Orkestra gaztea izanik, berehala potentziala ikusi ziola aitortu du. «Orduan pentsatu egin nuen egin zezakeena, orain jakin badakit egin dezakeela». 

Maila pertsonalean, gaur esandako hitzetan garbi adierazi du estatubatuar zuzendariak Euskal Herrian lana baino askoz gehiago aurkitu duela. «Hemendik kanpo nituen beste bi etxebizitzak saldu eta Gipuzkoakoa da orain emaztearen eta bion etxea», esan du.

Orkestraren zuzendari titularrak bere gain hartuko ditu denboraldiko hamar programetatik lau. Denboraldiko lanik sinbolikoenetako batzuk zuzenduko ditu, SHostakovitxen 8. Sinfonia eta 15. Sinfonia kasu, denboraldiari hasiera eta amaiera emango diotenak. «Baita Brucknerren Zortzigarrena, katedral sinfonikoetan nagusitzat hartua, eta Mahlerren Bosgarrena, beste gainditze-istorio bat bihurtua, ere», iragarri dute.

Gerenabarrena eta Lazkano

Treviño arduratuko da, halaber, Zuriñe F. Gerenabarrena eta Ramon Lazkanoren estreinaldiez. Bi euskal konpositoreek presentzia nabarmena izango dute denboraldi berrian. ‘Mare Marginis’ da Ramon Lazkanok ondutako pianorako kontzertuaren izena. Radio Francek, Euskadiko Orkestrak eta WDR orkestrak (Koloniako Irratiaren Orkestra) batera agindutako lan bat da. Lan hori Radio Franceren 2023ko Présences jaialdian estreinatuko da otsailaren 11n, François-Xavier Rothek zuzendutako Frantziako Orkestra Nazionalarekin. Astebete geroago Euskadiko Orkestrak joko du –Alexandre Tharaud pianojolea bakarlari– eta, maiatzaren 20an, berriz, WDR orkestrak aurkeztuko du.

Denboraldiko hirugarren erabateko estreinaldia Zuriñe F. Gerenabarrena gasteiztarraren ‘Lorratz’ izango da, ‘Elkano: Mundubira musika bidelagun’ proiektuaren barruan. Mikel Chamizoren, Mikel Urquizaren, Joel Merahren eta Teresa Catalanen ondotik, Gerenabarrenak emango dio amaiera lehen mundubiraren oroitzapena gure musikagileen iruditeriaren bitartez egiteko ekimenari.

Izurrian bertan behera utzitako egitasmoak ere berreskuratuko ditu orkestrak. Hala nola,  Gary Carpenterren ‘Mamu kantak’ lanaren estreinaldia, hiru orkestra britainiarrekin batera agindutako lana. Partiturak Marion Angus poetaren testuak ditu, eta, euskarara ekarrita, EASO Gaztek eta EASO Eskolaniak abestuko dituzte.

«Euskadiko Orkestrak oso gutxitan interpretatutako lan bitxiak, entzutea merezi dutenak, ezagutaraztea bultzatuko dugu, hala nola Adamsen ‘Doctor Atomic Symphony’ lana, bai eta Euskal Herrian oso ezagunak ez diren Veprik eta Dzenitis musikagileen lanak ere, besteak beste. Asmo hori bete nahian, sona handiko artistak egongo dira gurekin: Alexei Volodin, Alena Baeva, Yulianna Avdeeva, Dinis Sousa, Roderick Cox eta Frank Peter Zimmermann, adibidez. Bai eta gure lurraldeko artista handi batzuk ere, hala nola Donostiako Orfeoia –haren 125. urteurrenean–, Easo Gazte eta Easo Eskolania, Carlos Mena eta Jone Martínez sopranoa», zehaztu dute.

Poloniara bidaia

Euskadiko Orkestra 2020ko martxoaren 9an atera zen azkenekoz nazioartera, erabateko itxialdia baino lehentxeago. Iaz bertan behera utzi behar izan zuen Salzburgorako bidaia, Austriaren ustekabeko itxialdiaren ondorioz, eta kontzertu horiek 2024ko otsailerako geroratu ziren. «Baina, hori baino lehen, Beethoven Jaialdiaren gonbidapenaren berri eman behar dugu. Polonian egiten da jaialdia eta 2023ko martxoan izango dira bertan orkestrako kideak.

«Asmo handiko» grabazio proiekturik ere badu eskuartean orkestrak. Denboraldi honetan Maurice Ravelen orkestra-lanen bigarren bolumena nabarmenduko da. Euskadiko Orkestrak Ondine diskoetxearekin eta Robert Treviño zuzendariarekin hasitako bideari jarraituko du. Ravel eta Americascapes egin ondotik –izen handiko nazioarteko hedabide espezializatuetan izaniko oihartzuna azpimarratu dute– bigarren Ravel bat baieztatu dute. «Grabazioa erregistratuta dago jada, eta udaren bururako dago aurreikusia nazioartean kaleratzea», aurreratu dute.

Pandemian publikoarekin gertutasuna ez galtzea lortu izanagatik harro agertu dira arduradunak. Bingen Zupiria kultur kontseilariak bereziki bi urte hauetan, garai zailetan, egindako lana eskertu dio Treviñori eta  «Europako orkestren artean erreferentzia izatea» dutela erronka azpimarratu.

Orkestraren izaera ibiltaria ere –Euskal Herriko hiriburuetan eskaintzen ditu abonuko emanaldiak– txalotzekoa da bere iritzian. «Hemendik kanpo ez dira orkestra asko programa bera bost aldiz jotzen dutenak, Euskadiko Orkestrak egiten duen moduan».

Ikusle-kopuruaren murrizketak kenduta, berriz ekingo diote arduradunek abonu berrien kudeaketari –ekainaren 15etik aurrera salgai–. Erreserba webgunean egin daiteke. Kontzertuetarako sarrera solteei dagokienez, irailaren 1etik aurrera jarriko dira eskuragarri.