Juanma Costoya

Portboutik Cotlliurera, Machadoren eta Walter Benjaminen oinatzei jarraituz

Bizitzea egokitu zitzaien ordu tragikoak eragin zuen bien heriotza oso gertu gertatzea, Pirinioen alde banatan, Portbou eta Cotlliure (ofizialki Collioure) herri katalanetan, Antonio Machado faxismotik ihesi zebilela eta Walter Benjamin nazismotik.

Collioureko portuaren irudia.
Collioureko portuaren irudia.

Bata Sevillan jaioa (Antonio Machado, 18751939) eta bestea Berlinen (Walter Benjamin, 1892-1940), biak ere totalitarismoaren kontrako borrokari emanak bizi izan ziren. Idazlea eta poeta, frantseseko katedratikoa eta aktibista errepublikanoa, lehena; marxista heterodoxo, filosofo, soziologo eta arte kritikaria, bigarrena.

Hogeita hamar kilometro eskas daude Portbou eta Cotlliure-ren artean. Itsaso berberak eta bihurgune itxietako errepide estu batek lotzen ditu. Pirinioetako azken mendi-adarrak hemen leuntzen dira Mediterraneoan murgildu aurretik. Hego isurialde latza apur bat leuntzen da muga atzean uztean; hor terrazatan banatutako mahatsondoak eta pinudiz zipriztindutako mendixkak ageri dira, tartean etxe zuriak nabarmentzen direla. Egun argitsuetan lasaitasuna dario inguruari. Argi hori bera beren lanetan atzematen saiatu ziren Colliure-ri ospea eman zioten margolariak: Matisse, Chagall, Dufy, Picasso.

Aitzitik, ñabardura horietatik oso urrun zeuden 1939ko negu eta udaberri artean muga hori tropelean zeharkatu zuten hamarka mila errefuxiatuak. Euriak lohi bihurtu zituen bideak eta beltza eta grisa ziren oklore nagusiak beren aldartean zein paisaian. Errepideak era guztietako ibilgailuekin trabatuta zeuden: gurdiak, gurdi-abereak, traktoreak, kamioiak, artilleria-piezak.

Jende-piloa, salbatutako ondasun gutxi batzuk gainean zeramatzala. Antonio Machadok eta bere segizio txikiak –intelektual errepublikanoak, bere anaia José eta ama adindua, Ana Ruiz, horien artean– Bartzelona atzean utzia zuten urtarrileko lehen egunetan. Hiria jada ez zen segurua. Tarragona Yagüe jeneralak hartu ostean, abiazio italiar-alemanak maiz eraso egiten zion konde-hiriari. Machadok bere azken kolaborazio lana argitaratu zuen urtarrilaren 6ko “La Vanguardia”-n. Bertan Frantziak eta Ingalaterrak espainiar Errepublika bakarrik utzi zutela salatzen zuen eta argiki azaltzen zuen Hitlerrekiko baketze-politikak ez zuela saihestuko mundu mailako borrokaldia.

Anbulantzia karabana batek gidatzen zituen mugarantz, kostaldeko herriak atzean utziz: Masnou, Premià, Mataró, Arenys de Mar... Urtarrilaren 23an iritsi ziren Gironara. Irteerak trabatuta zeuden eta eskualdeko bide eta errepideetan barrena aurrera egin behar izan zuten. Cerviá del Ter-en abegitsu hartu zituzten bertako alkateak eta janari beroa eman zieten, egun askoan halakorik izan ez ostean. Can Santamaría masian hartu zuten ostatua, eta poetak bere lan-maletatxoa bertan uztea erabaki zuen. Zurrunbiloaren ondorioz bere paperak galtzearen beldur zen; itxura denez, horien artean zeuden bere musa Guiomar-i idatzitako eskutitzak.

Masiako administratzaileak ezezkoa eman zion, ezin zuela ardura hori hartu argudiatuta. Atsekabez eta akituta, poeta eta bere bidelagunak bidaiari berrekin zioten.

Mugatik gertu zeudela, haize eta izoztutako euri erauntsiak eraso zion jendetzari. Machado zeraman anbulantziak jendetzagatik bidean geldirik geratu behar izan zuen eta “Campos de Castilla”-ren egileak eta bere kideek ibilgailutik jaitsi behar izan zuten. Bertan geratu ziren beren ondasun apurrak, baita hainbeste kezkatzen zuen maletatxoa ere. Dirudienez, Machado maletatxoa berreskuratzen saiatu zen, baina jende anabasak eragotzi egin zion, errepidean gorantz bultzatuz, mugako kontrolerantz.

Els Balitres (Los Límites) gaina igaro ostean, jada muga begi-bistan zuten. Senegaldar tiratzaileek (indar kolonial frantses bat), errefuxiatuak ganadua balira bezala akuilatuz, gurasoak seme-alabengandik eta emakumeak gizonengandik banantzen zituzten. Azken horiek Argelès-sur-Mer eta Saint Cyprien-eko kontzentrazio-esparruetan sartu zituzten, baldintza erabat ankerretan. Intelektual errepublikazaleak izanik, Machadoren taldeak patu hori ekiditea eta trenez Cotlliure-rerainoko bidea burutzea lortu zuen.

Ian Gibson-ek “Ligero de equipaje” lanean, Machadoren biografian, jasotzen duenez, helmugako nasan Jacques Baills izeneko langile batek Bougnol Quintana hotela gomendatu zien, merkea zela-eta. Nahiz eta bertaraino bide motza zuten, talde txikia hoteletik gertu zegoen plaza batean geratu zen atseden hartzen. Han, Juliette Figuères-ek, negozio txiki baten jabeak, aulki batzuk utzi eta kafesnea eskaini zien. Bi pertsona horiek, Figuères eta Baills, lagungarri gertatu zitzaizkion poetari bere bizitzako azken egunetan. Lehenak tabakoa eta arropa lortu zizkion eta Baillsek poetak irakurriko zituen azken liburuak helarazi zizkion. Machadok bere presondegi bihurtu zuen hotela; birritan bakarrik irten zen.

Egunek aurrera egin ahala, bere osasunak okerrera egin zuen. Asma kronikoa zeukan eta hotzeria gogor batek jo eta pneumonia harrapatu zuen. 1939ko otsailaren 22ko arratsaldeko hiru eta erdietan hil zen Bougnol Quintanako bere logelan. Bere ondoan, oihalezko bionbo batek bananduta, bere ama zegoen, hilzorian. Azkar batean zabaldu zen Machado hil zela. Cotlliureko Udalera heriotzagatiko dolumina adierazteko telegramak iristen hasi ziren; horien artean, Manuel Azañarena; honek muga egun batzuk lehenago zeharkatu zuen.

Gobernu frantsesak, poetaren garrantzi publikoaz ohartuta, baimena eman zuen idazlearen gorpua Armada Errepublikanoko Zalditeriako Bigarren Brigadako hamabi soldadu presok sorbaldan hilerriraino eraman zezaten. Badira horren argazkiak; horietan aurpegi serioak eta azken botoia ere ondo lotuta duten kanpainako uniformeak agertzen dira. Machadoren katafalkoa estaltzen, Juliette Figuères Cotlliureko mertzeroaren azken opari bat, hil zen egunean bertan jositako bandera errepublikanoa.

Walter Benjaminen azken orduak

Benjaminen heriotzari buruzko bertsioetan, Machadorenak ez bezala testigurik izan ez zuenez, kontraesan ugari dago. Bere suizidio oharra ezaguna da: «Aterabiderik gabeko egoera honetan, ez dut nire bizitzari amaiera jartzea beste aukerarik. Pirinioetako herri txiki batean, inork ezagutzen ez nauen tokian, bukatuko da nire bizitza. Nire pentsamenduak nire lagun Adornori helarazteko ardura ematen dizut eta zein egoeratan nagoen azal iezaiozu. Ez daukat denborarik nahiko nituzkeen eskutitz guztiak idazteko».

Egiaz, Walter Benjaminek eskuz idatzitako oharra hortik gutxira deuseztatu zuen Henny Gurlandek. Benjaminek Gurlandi utzi zion oharra, mugako pasagune klandestinoan kide zuenetako bati, baina hau beldur zen oharraren ondorioez. Gurlandek postal baten atzealdean berridatziko zuen egun batzuk geroago. Konspirazio teorien aldekoek gertaera horiek baliatzen dituzte suizidioa barik hilketa izan zela argudiatzeko.

Bere azken ihesaren historia zenbait aste lehenago hasi zen. Beste hainbat mila errefuxiatu bezala, Walter Benjaminek Paris utzi eta Marseillarantz abiatu zen, oraindik Vichyko erregimen kolaborazionistaren mende zegoen hirira. Jende andana zegoen Marseillan.

Frantsesekin batera, Alemania, Austria, Hungaria eta Txekoslovakiako errefuxiatuak portuan batzen ziren, bertatik irteten ziren zamaontzi apurretan plaza bat lortu nahian. Oso gutxik lortu zuten. Benjaminek ere ez. Ez zuen hilabete batzuk geroago Eibarko sindikalista Toribio Echebarríak izan zuen zortea izan; honek Europa okupatutik ihes egitea lortu zuen “Capitaine Pal Lemerle” zamaontzian; hor ihes egin zuten, besteak beste, Claude Lévi-Strauss antropologoak eta surrealismoaren aita André Bretonek ere.

Marseilla sagu-zulo bat zen berez. Bere kafetegi eta hotelak Gestapo eta Stalinen Polizia politiko GPUko isil-mandatariek kontrolatuta zeuden. Walter Benjaminek, judu marxista, soziologo, filosofo eta arte kritikoa izanik, Varian Freyren atentzioa erakarri zuen; Freyk, kazetari liberal iparramerikarrak, legearen mugan edo berau urratuz, Marseillatik Ameriketarako bisak tramitatzen zituen.

Bere misioa europar intelektualak nazien eskuetatik salbatzea zen eta bere esku-hartzeari esker hamarka pentsalari eta artistak ihes egin ahal izan zuten azken minutuan Frantzia okupatutik. Horien artean ziren Hannah Arendt, Marcel Duchamp, Marc Chagall, Jacques Lipschitz, Max Ernst, Arthur Koestler eta beste hainbat. Walter Benjaminek ere lortu zuen Ameriketako Estatu Batuetarako bisa bat eta trenez espainiar mugara iristeko baimen bat. Alanbaina, 48 urteak beteta zituela, eta osasuna kaltetuta, Lisa Fittko izeneko eskarmentu txikiko pasadora baten zerbitzuak hautatu zituen eta menditik zeharkatu zuen muga. Zergatik? Dirudienez, Benjamin beldur zen trenean behar ez zuen norbaitekin topatuko ote zen eta nahiago izan zuen mugara era anonimoan hurbildu kontrabandisten mendi-bide zaharretan barrena, oinez, errefuxiatu talde txiki batekin.

Pirinioetako bidean bere kezka agertu zuen maletatxoan zeramatzan eskuizkribuengatik. Horien transzendentziaz mintzatu zen; edukia bera baino garrantzitsuagoa zela zioen eta berari zeozer gertatzen bazitzaion testu hura salbatu beharra zegoela. Gidariak, Lisa Fittkok, Portbouranzko bidean zeudenean bakarrik utzi zituen. Benjaminek Frantzia Hotelean logela bat alokatu zuen, non, dudarik gabe, Gestaporentzako lan egiten zuten isil-mandatariak zebiltzan. Guardia Zibilak pasaportea eskatu zion Frantziatik legalki atera zela egiaztatzen zuen zigilurik ba ote zuen ikusteko, eta halakorik erakutsi ez zienez, berehala deportatuko zutela esan zioten.

Walter Benjaminek ez zuen biharamunera arte itxarongo. Gau horretan, 1940ko irailaren 25ean, hogeita hamar morfina pilula irentsi zituen; 1933an Adolf Hitler Alemanian boterera iritsi zenetik beti gainean zeramatzan pilulok. Guardiako medikuak, Ramón Vila Morenok, gehiegizko esfortzuak eragindako garuneko odoljarioagatik hil zela baieztatu zuen. Hilerri txikian lurperatu zuten Benjamin Walter izenpean, bere jatorri hebrearra disimulatu nahian.

Bidelagun izan zuen taldetxoak Portugaleranzko bideari jarraitu zion, norbait erosiz, hots, diru bat ordainduz, eta beste konplikaziorik gabe. Benjaminek mendian barrena nekez garraiatutako maleta beltza arrastorik utzi gabe desagertu zen, eta berarekin, barruan zeraman eta Benjamin horrenbeste kezkatzen zuen eskuizkribua.

Urte batzuk geroago, bere lagun min Hannah Arendt filosofoak, “Eichmann in Jerusalem” eta “The Origins of Totalitarianism” lanen egileak, adierazi zuenez, desagertutako eskuizkribuak marxismo estalinistari kritika egiten zion eta Benjamin arduratuta zegoen horrek bere lagun on batzuengan, Adorno, Brecht eta Frankfurteko Eskolan, adibidez, izan zitzakeen ondorioengatik. Beste zenbaitek, aldiz, maletatxo beltz pisutsuak naziengandik ihes egin nahian zebiltzan intelektualen diasporaren gaineko informazioa zeramala zioten. Intrigak, Benjaminen bizitzako azken egunetako bidelagunak, beste behin ere bere itzal beltza hedatu zuen.